antzezpen kritikak
< Isabelen oroitzapenak | Mary-ren ahotsa >
Ekoizpen katean kateaturik
Maddi Goiekotxea Juanena
ehaze.eus, 2024-03-21
“Almazenean”

Testua: David Desola. Antzezleak: Iker Galartza, Zuhaitz Gurrutxaga. Zuzendaria: Begoña Bilbao Lejarzegi. Tokia: Donostia, Antzoki Zaharra. Eguna: Otsailaren 4a.

      Goizeko zazpirak eta laurden: ez minutu bat gehiago, ez gutxiago. Iratzargailuak jo, bezperatik prest duzun arropa jantzi, katilukada kafesne hartu, bi tostada irentsi, eta zortzirak eta laurdenetarako enpresako atarian fitxatzen zaude. Ez zara hogeita bederatzi urtetan sekula berandu iritsi. Horrelakoxea da obra honetako protagonistaren bizitza, baina beste edozein langilerena izan zitekeen. Tartean, horregatik izan du halako arrakasta David Desola idazle katalanaren testuak: kapitalismoaren menpeko langileriaren alienazioa gordin eta argi erretratatzeagatik. Argitalpena orain dela hogei urte jaio zen arren —2002. urtean “Hermanos Machado” saria irabazi zuen— 90. hamarkadan du jatorria, Desola gaztea zelarik lan prekario batetik bestera saltoka esperimentatutako giroan eta ezagututako lankideengan inspiratu baitzen. Dena den, historiak gaurkotasuna mantentzen du, eta azken urteetan Europa eta Hego-Ameriketako hainbat herrialdetan taularatua izan da.

     Istorioak bi protagonista ditu: jubilatzeko puntuan dagoen langile bat —aipatu bezala, azken 29 urteak lanpostu berean pasa dituena—, eta berau ordezkatuko duen gaztea. Bost lanaldi pasako dituzte elkarrekin, zaharrak erreleboa pasa behar baitio gazteari. Baina orduak joan, orduak etorri, almazen hutsean ezer gertatzen ez dela dirudi, ikusleak arretaz bi langileak behatzen dituelarik, zentzugabea eta desesperagarria egiten den dinamika batean. Pertsonaien arteko solasaldi xelebre eta absurdoak barretik ezinegonera eramango gaitu, Desolaren testuen izaera tragikomikoa jarraiki. Batzuek kutsu kafkianoa hartu izan diote haren obrei, eta honek Godoten esperoan gogorarazi dit. Istorioak bere sinpletasunean hain globala, unibertsala eta denboran mantentzen den fenomeno bat adierazteko duen gaitasuna azpimarratuko nuke, pertsonaien artean sortzen joango den konplizitatean oinarriturik, modu humano batean adierazi ere.