Mary-ren ahotsa
Maddi Goikoetxea Juanena
ehaze.eus, 2024-03-21
“Esnearen kolorekoa”

Izenburua: Esnearen kolorekoa. Testua: Nell Leyshon. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, Jose Ramón Soroiz. Zuzendaria: Fernando Bernués. Tokia: Donostia, Victoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailaren 22a.

      Nell Leyshon idazlearen nobelan oinarritutako —eta modu berean izenpetutako— obra honek ia bi mende atzera garamatza, Ingalaterrako landa-eremura. Mary du protagonista, haren ama eta ahizpa nagusiarekin batera baserrian goizetik gauera lan eta lan aritzen den neskatxa errena; bitartean, atzetik beti aita biraoka, semeak izan balitu errendimendu handiagoa izango zuketelakoan. Honek sos batzuen truke alaba txikia bikarioaren etxera lanera bidaltzen duenean, Mary-ren patua erabat aldatuko da.

      Fernando Bernués-en eskutik, eszenografia bisuala zein poetikoa landu dute: aulkiz eraikitako mendi-katea irudikatuz, argiekin egunsentiak eta ilunabarrak girotuz, oholtza artilezko alfonbraz estaliz… Horrekin batera, garai haietako oihal, jantzi eta txapel zuriek kutsu erromantiko bat ematen diote berez oso gogorra den eszena bati. Leyshon-en testuak, baina, dramaren erdian edertasuna adierazteko gaitasuna erakutsi du, kasik drama gailendu dezakeena: pertsonaia nagusiaren bidez lortu du hori, Mary-ren nortasun sendoak eta haren begiradaren samurtasunak garratza dena eztitzen baitu.

      Aktoreek hainbat pertsonaia antzezteko desafioa maisuki gainditu dute, hasiera batean ikuslea aldaketa haietaz ez ohartzeraino. Aitziber Garmendiak hartu du fokua, haren ohiko grazia edo umorea galdu gabe melodramara entregatu dena, eta eskutik eraman du publikoa. Aktore ezagunak esana omen dauka, dramarik ilunenean ere jendeak barre egiteko gaitasuna duela, eta oraingo honetan hala konprobatu ahal izan dugu Victoria Eugenia antzokian.

      Pobrezia, botere-harremanak, erlijioaren eta elizaren baitako gatazkak, injustizia… Eta guzti horiei aurre egiteko hezkuntzaren eta hitza hartzearen boterea lantzen ditu obra honek, ikuspuntu feminista batetik. Baserri-ingurua erretrataturik, ia saihestezina da Euskal Herriko baserriekin ez gogoratzea, eta neure buruari galde egiten diot ea halakoek zenbatetan izan zuten lekua, bada, gure mendietako isiltasunean.