Konpainia: Tanttaka. Egilea eta egokitzapena: Nell Leyshon. Euskaratzea: Aizpea Goenaga. Zuzendaritza eta eszenografia: Fernando Bernues. Jantziak: Ikerne Gimenez. Argiak: David Bernues. Argazkiak: Mikel Martinez. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, Jose Ramon Soroiz. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Otsailak 27.
Aspaldiko Tanttakaren garaietara egin dugu atzera Esnearen kolorekoaren emanaldian. Aspaldiko denborak, zinez, non antzerkiak —gurean behintzat— ez zuen ezagutzen ditxosozko postdramatikotasunaren gaitza, non antzezlanek planteamendua, korapiloa eta deslotzea zeuzkaten, eskolapioetan ikasi eta ondo pentsatzen duen jendeak eskatzen duen bezala, non euskarazko antzezlan bat —betiere bere erdarazko bertsioa eduki arren— kalitate handiko ezaugarriekin ikustea zientzia fikzioa iruditzen zitzaigun.
A, zelako denborak haiek, zeinetan Jose Ramon Soroiz dentsitate aktoralaren paradigma zen eta, Midas erregeak bezala, urre bihurtzen zuen berak ukitutako guztia. Zeinetan Isidoro Fernandezekin batera bikote eszeniko bikaina osatzen zuen eta guztiok sinesten genuen euskarazko antzerkia salbu zegoela Fernando Bernues erdaldun militantearen gidaritzapean, zeinetan Aitziber Garmendiak Euskaldunon Egunkariaren Barkatu, ama gehigarrian idazten zuen eta Roberto Herrero kritikari ospetsu bezain ozpinduaren kontra kargatzen zuen.
A, ze denborak haiek, hogeita hamar urte igarota ere saminez gogoratzen ditugunak!
Bada, begira, hara non erosokerian eta epelkerian murgilduta hainbat urte eman ostean badirudien ostera ere lanean jarri eta kalitate nabarmeneko obra batekin etorri zaigula Tanttaka. Ez kalitate bikaineko batekin, baina ia-ia, eta asko da, honezkero galdutzat ematen genuen marka batentzat.
“Esnearen kolorekoa” deitzen da Eibarko Antzerki Jardunaldietan ikusi dugun obra, eta haren egilea Nell Leyshon anderea (Ingalaterra, 1962) da. Emakume ikuspegitik idazten du, eta bere testuetan klase eta genero gatazka ezkutuak daude presente. Esan genezake bere idazkietan Brontë ahizpen, Jane Austenen eta Virginia Woolfen arnasa antzematen dela, eta horrek egiten du, hain zuzen ere, hain interesgarria eta baliotsua orain taularatua ikusi dugun testua.
Argumentua Mary gaztetxoaren pertsonaian dago zentratua, eta haren inguruan eratzen du egileak gizatasun handiko dramaren muina, xede horretarako plano kontrajarri batzuk baliatuta: emakumeen mundua eta gizonena, XIX. mendean oso markatuta zegoena; baserritarren giroa eta klase burgesarena, kasu honetan bikario anglikanoaren sendian gauzatzen dena; belaunaldien arteko kateatze gatazkatsua, Maryren eta aititaren harremanean hobekien islatzen dena; eta, batez ere, Maryrengan berarengan gauzatzen den gatazka, bere malformazio fisikoaren eta umore on agorrezinaren artekoa.
Gauzak horrela, Maryren rola izango da emanaldiaren pisu osoa aurrera eramango duena, eta beste guztiak haren inguruko pertsonaiatzat har ditzakegu. Funtsezkoak dira istorioak aurrera egin dezan, baina albokoak ezinbestean. Ildo horretatik, zentzuzko aukeraketa egin da antzezle bakoitza bere ohiko gaitasunen arabera kokatzeko, eta hor ditugu Jose Ramon Soroiz aitita maitagarriaren rolean, Joseba Apaolaza gizon sendoarenean —baserritar sendiko aitarenean eta bikario anglikanoarenean—, Mireia Gabilondo bere betiko ama otzan eta zaurgarriaren bi roletan —Maryren amarenean eta bikarioaren emaztearenean— eta, beste guztien gainetik, eta distantzia handiz gainera, Aitziber Garmendia, ezin egokiagoa izan dena Maryren pertsonaia gorpuzteko bere gaztetxo eternalaren itxura eta aktore-dohaintza ukaezinak direla eta. Esan bezala, berari esker hartu ditu emanaldiak behar besteko indarra eta gorentasuna, eta ikusleok berotasun handiz txalotu dugu muntaiaren sendotasuna.
Bestetik, eszenografia Bernuesen aspaldiko ildotik ibili da, zientoka aulki zuri atzealdean kokatuta —dudazko ekarpen plastikoarekin, baina esangurarik gabeak— eta behegainean artilezko puska ugari elkarren ondoan jarrita, agian baserritar giroa gogoratzearren, baina praktikan antzezleek estropezu barregarriak egin zitzaten. Espero dut bira amaitu baino lehen inork minik ez hartzea ustezko ardi-larruen erruz!