Artistak: Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal eta Aitor Vinagret. Zuzendaritza (Les Bobe-boberen kasuan): Jason Guerra. Lekua: Bilboko Fundicion aretoa. Eguna: Martxoak 10.
Gasteizko bi lan izan dira protagonista Loraldiaren ekimenez martxoaren bigarren igandean. Batean Les Bobe-bobe bikote artistikoaren azken sorkuntza ikusi dugu, estreinaldi eran, eta bestean Aitor Vinagret Monstrenka aretoaren inguruan orbitatzen duen munstro eszenikoak jardun du. Egitaraua ikusita, ez dugu dudarik egin La Fundicion aretora hurbiltzean, eta han topatu dugun giroa bihotzak goratzeko modukoa izan da. Pentsa, Bilboko areto enblematikoa ikusle guztiz euskaldunekin betea!
Esan bezala, bi antzezlan labur izan dira egitarauaren parte. Lehenengoan Ane Gebarak eta Josune Velez de Mendizabalek aurkeztu digute beren proposamen berria Jason Guerraren zuzendaritzapean. Dada ü lala deitu da lana eta, izendapenari jarraituz, dadaismo betean murgildu dira bi sortzaileak hasieratik bertatik, papera txikitzeko makina elektrikoa lagun, eta plinto baten bost modulu agertokitik sakabanatuta zeudela.
Eremu surrealista horretan jardun dute biek beren janzkera are surrealistagoetan bilduta, eta beren solasaldietan erritmoak, iradokizun sentsorialak eta euskal gizarteak aspaldi barneratu zituen aldarrikapenak txandakatu dira. Beren estiloari men eginez, fisikotasun handiz gauzatu dituzte berbaldiak, bat-bateko norabide aldaketak, etenaldiak eta ezuste bisualak etengabe tartekatuz, eta nabaria izan da taldearen lengoaiara ohituta ez zeuden ikusleak txundituta geratu direla ikusten ari zirenaren aurrean. Besteok ere, bai, jakina.
Gaualdiaren bigarren zatia Aitor Vinagreten eskutik etorri da, Arma, Tiro, Pum piezarekin. Gerora jakin dudanez, ikusle batzuek ume baten jolasak irudikatzen zituzten eszenan azaldu den gizonaren jardunean. Praka bakero motzak zeramatzan, gerriko transbertsal bat lepotik eta besapetik gurutzatuta —bala-zintak irudikatuz nolabait— eta metal beltzeko skate baten gainean desplazatu da, ahoarekin era guztietako hotsak eta zaratak trebezia ikaragarriz imitatuz.
Horrela sinistu dugu, barruraino sinistu ere, ibilgailu blindatu batean zebilela, gero gudu-helikoptero batean, gero lurralde etsai batean lur hartu duela, gero bonbapean ibili dela eta gero denetarik, ez dakit zer, Vinagreten sormena eta teknika hain bikainak izan direlako. Halako batean, ordea, skate beltzak bonbek hildako haurraren gorpua ekarri digu gogora, eta orduan esan ditu Vinagretek emanaldi osoko esaldi biak: “1937ko apirilaren 16a, Gernika; 2024ko martxoaren 10a, Gaza”. Denok jakin dugu orduko txaloak bai Vinagretentzat zirela, baina baita ere Gazako biztanleentzat, gosez eta egarriz hildakoentzat, zaurituentzat eta eraildakoentzat zirela.