HIlzorian
Mikel Ayllon
ehaze.eus, 2023-11-22
“Kortxoaren dilema”

Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Gidoia: Patxo Telleria. Aktoreak: Mikel Martinez eta Patxo Telleria. Ekoizpena: Tartean Teatroa. Saioa: 2023ko azaroaren 15a (estreinaldia), Arriaga Antzokian.

      Besteei egin ahal diezun oparirik handiena bizitza eredugarri bat dela esan omen zuen Bertolt Brechtek. Baina zer da bizitza eredugarri bat? Are existitzen al da halako gauzarik gizarteak kontrako norabidean bultza egiten gaituenean?

      Tartean Teatroaren Kortxoaren dilema lanak galdera horiek jarri dizkigu mahai gainean. Antzezlaneko protagonista den unibertsitateko irakaslearen mahaiaren gainean, hain zuzen. Ezkerreko pentsalaria eta aktibista izandakoa da irakaslea (jakina, bizitza eredugarrien exigentzia ezkerreko jendeak ezkerreko jendeari egiten baitio, arima puruen Olinpoa zain bagenu bezala) baina, urteek aurrera egin ahala, haren posizioek epeltzera egin dute. Orain, hilzorian dagoela, dilema etiko bati aurre egin beharko dio: nolabaiteko duintasun ideologikoari eutsi ala bizitza salbatu?

      Behin errealismo horren barruan kokatuta, sinesten apur bat zaila eta lausoa ematen du abiapuntuak. Hala ere, Patxo Telleria ez da edonor, eta gidoilari lana ondo baino hobeto menderatzen duela utzi du agerian beste behin. Intriga giro bat sortu eta mantentzeko gai izan da eta, irakasleari bisitan etorri zaion mila aurpegidun ikasle ohiaren pertsonaiaren bidez, halako bizitasun bat eman dio istorioari. Alderray konpainiaren aurreko lanean bezala, Telleriak beste behin erakutsi du oso gutxirekin pertsonaia erakargarriak sortzeko daukan abilezia.

      Tartean Teatroak urtetan eta urtetan erakarri duen publikoa aseta aterako da antzokitik. Taldeak normalean egiten duen teatroa aurkituko du: testuaren nagusitasun erabatekoa, hitz-joko eta umore-kolpeak han-hemenka eta interpretazio-lan klasiko bat. Testu-antzerkia, beraz; duela gutxienez mende bat hilzorian omen dagoen testu-antzerkia, postdramatikotsunaren etorrerak itzalpera kondenatu ei duen testu-antzerkia. Eta, hala ere, oraindik oso bizirik dagoena.

      Mireia Gabilondo obraren zuzendariak esan zuen Telleria eta Martinezi ohikoak dituzten molde batzuk kentzeko ahalegina egin duela, obra honek hala eskatzen zuelako. Bide interesgarri bat zegoen hor. Are, interpretazioan bakarrik ez, antzerkiak eskaintzen dituen beste lengoaia plastikoetan ere proposamen ausartago baten falta nabaritzen delako, argiak eta eszenografia dekoratu huts direlako, dentsitatez eta esanguraz hustuta. Funtsean, irudipena dut testua distiratsuagoa izango zela eszena gaineko beste osagaiek ere hitz egingo balute.

      Irakasleari gustatzen omen zaion antzerki sakon eta burutsuaren aurrean, ikasleak antzerki soil eta umoretsuago bat aldarrikatuko du taula gainetik. Postdramatikotasunak postdramatikotasun, oraindik ondo funtzionatzen duen antzerkia da hori, kode sinpleduna, mezu ulerterrazekoa eta esperientzia eroso bat eskaintzen duena. Are esango nuke gurean nagusi den antzerki mota dela. Baina kasu, brechtzaleak (aretoan halakoren bat baldin badago oraindik): arteak ez omen du errealitatearen ispilu izan behar, baizik eta hura zizelatzeko mailu. Eta mailuak, ezer zizelatuko badu, pisu apur bat behar du.