Konpainia: Zurriola antzerki eskola. Aktoreak: Nerea Arriola, Aitor Andonegi, Amaia Elizalde, Izaskun Labat, Josu Ariño eta Jasone Artutxa. Zuzendaritza: Joserra Fachado. Testua: Samuel Beckett. Euskarazko itzulpena: Juan Garzia Garmendia. Tokia: Gazteszena, Donostia. Eguna: Azaroaren 14a.
Lehen aldiz obra klasiko bat euskaraz oholtzaratzeko erronkari aurre egin dio Zurriola Antzerki Eskolak, ondo baino hobeto aurre egin ere. Samuel Becketten Godoten esperoan da lana, klasiko on guztiak ezaugarritzen dituen unibertsaltasunaren eta atenporaltasunaren ikur.
Halakoak testu mardulak izan ohi dira, askotan naturaltasunez interpretatzeko edo bat-batean ulertzeko zailak. Joserra Fachadok zuzendutako aktoreak jario bizkorrean aritu dira, ikusleari euskara garbi eta jantzia gozarazten, eta, aldi berean, hura guztiz ulergarri eta gertuko egitea lortu dute. Barreak ere ez dira falta pertsonaia xelebrez osaturiko tragikomedia honetan: egoeraren absurdora eramaten gaitu Beckettek, esperoan dauden protagonisten azalean. Ez dakigu oso ondo nor edo zer espero duten, zer desio dituzten... Eta, seguruenik, ezta beraiek ere. Interpretazio librerako uzten ditu hainbat kontu egileak, eta horrek are interesgarriago egiten du proposamena.
Dudarik gabe, lan honek euskal antzerki amateurra balioesten du, hainbeste urtez Donostiako ikastetxeak bultzatu eta indartu duena. Emanaldiaren hasierako eta amaierako tarteak aprobetxatu dituzte oholtza gainean saiatu nahi duen orori gonbidapen bat egiteko: “Euskal antzerkia zuen zain dago!”.