EHAZEk eta Durangoko Azokak elkarlanetik abiatuta, hirugarren aldiz antolatu dute San Agustin kultur gunean Szenatokia izeneko ekimena. Aurtengo edizioa bi egunetan banatu da: larunbatean antzerki-maratoia egin dute, goizean eta arratsaldean launa emanaldiren laburpenak antzeztuz, eta igandeko egitaraua mahai-inguru batekin eta euskarazko estreinaldi berezi batekin bete da.
Maratoiaren kontura, ni behintzat ez nago oso konforme antzezlanak laburtzearen ideiarekin, iruditzen zaidalako bide horretatik gutxietsi egiten dela sortzaileen lanaren osotasuna, produktu lasterren arinkeriaren mesedetan. Ulertzen dut, ostera, bide egokia izan daitekeela ikusle hasiberriengan nolabaiteko zaletasuna pizteko eta antzezlan batzuen promozioa egiteko. Aurten, gainera, garbi ikusi da polito bete zela aretoa bai goizean bai arratsean, eta seriotasun gehiagorekin zetozela ikusleak, beharrezko arreta jarriz eta arte eszenikoek eskatzen duten begirunez jokatuz. Programatu diren lanen hautaketak, aldiz, gogoetaren bat behar du, pieza guztiz amateurrak, erdi profesionalak eta guztiz profesionalak egitarau berean jarriz gero, nahasmena sortzen baita proposamenen mailen artean, eta konparazio ezegokietara bideratzen baitu ikusleen pertzepzioa.
Igande arratsaldeko mahai-inguruan hiru kultur eragile elkartu dira: Catriona Lexy Campbell eskoziarra —jakina denez, Eskozia izan da aurtengo gonbidatua Azokan—, Oier Guillan eta Ixabel Etxeberria, Josu Camara gidari zutela. Ekitaldiak Egoera sozio-politikoa eta antzerkia izenburu anbiziotsua zeraman, baina, gaurkotasun politikoan baino, gauzak gehiago zentratu dira herri hartako gaelikoaren egoeran eta antzerkiak hizkuntzaren berpizte prozesuan izan duen rol ezinbestekoan. Etxeberriak, adibidez, zehatz-mehatz deskribatu du Iparraldeko euskararen egoera minorizatua, Piarres Larzabalen obrari zentraltasuna emanez. Hizlariaren hitzetan, “antzerkiak ematen dio plaza euskarari Iparraldean”, eta zubi-lan eredugarritzat aipatu du Errautsak antzezlana, harekin erakutsi baitzen euskalki orotako euskaldunak gai garela elkarrekin aurrera egiteko.
Oier Guillanek, berriz, bere ohiko argitasunarekin deskribatu du egungo panorama. Haren aburuz, “krisi ekonomikoaren eraginez, antzerki-eredu batzuen gainbehera eta beste batzuen azaleratzea gertatzen ari da”, eta prozesu horretan garrantzi handikoa da sortze-prozesuak euskaraz gertatzea, eta geure estetika eta dramaturgiatik abiatzea. Azken finean, oinarrizkoa iruditzen zaio geuk erabakitzea gure antzerkiarekin zer eta nola esan nahi dugun, eta ni printzipio horretan guztiz bat nator. Gainera, horren harira, eskoziar ikusle baten galdera etorri da —ea zerbait ote dagoen gaelikozko antzerkian funtsean desberdina denik—, eta Campbellen erantzuna Guillanen ideiak osatzera etorri da, eskoziar herriaren ezaugarri sakonak eta euren antzinako kultura funtsezko osagarritzat aipatu dituenean.
Behin debatea amaituta, konpota etorri da fruta zatietatik, Konpota deitzen delako Eneritz Artetxek jarraian estreinatu duen antzezlana. Zubi izeneko proiektuaren baitan aurkeztu du Artetxek bere proposamena —Iparraldeko zein Hegoaldeko zazpi antzoki eta jaialdik sortu zuten iaz deialdia—, eta antzezleak Philippe Gaulier clown eta antzerkilari frantziarraren bakarrizketa bat aukeratu du kasurako. Nork eta Antton Lukuk euskaratu du testua, eta Eneritzek euskara batu bikainean eman du, Pablo Ibarluzearen zuzendaritza lan trinkopean.
Iñaki Ziarrustaren eszenografiak orbelaz estali du behegaina, eta aulki gurpildun baten itxura eman dio maiestate handiko tronuari. Bertan agertu da aktorea, Antzinatasuneko jainkosa baten modura, eta bere gaitasun itzelarekin eman dio bizitza Gaulierren konplexutasunari. Izan ere, egilearen izaerari jarraiki, itxura kaotikoa dauka pertsonaiaren pentsamoldeak, eta hasieran nik uste izan dut testua etxean eta patxadaz irakurtzeko sortua zela. Aitzitik, Gaulierrek beste antzezle batentzat sortu zuen ironiaz jositako obra hau, eta Eneritzek ahalmen handiz eutsi dio desafioari, bere ahots eta keinu modulatuekin, presentzia artegagarriarekin eta begirada pikaroarekin ehunduz hasiera batean solte zeuden hari guztiak eta haien bidez irudikatuz gizakiak burutu ahal duen matxinadarik behinena.