Pasa den asteko lau egunetan izan dira Maratila izeneko eszena-jardunaldiak —Artedramak eta Kultur Leioak elkarlanean sortuak— eta, zorionez, badirudi iazko edizioan izandako mugapenak gainditzen hasiak direla, batez ere ikusleen erantzun urriari dagokionez, beharbada datak aldatzearen ondorioz, baina seguruenik, inguruetako euskaldunengan izandako oihartzunagatik.
Programazioaren kalitateari begira, ordea, ezin izan da mugarik hautsi, lehen ediziokoa ere bikaina izan zelako —Mursego, Fredi Paia, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziaren Txori mugariak, Dejabu-ren Gure bide galduak, Biko Teatroaren Larria. Kutsakorra, Mendebaldekoa...—, eta aurten hasierako ideiari eutsi diote, euskaraz sortutako denetariko gauzak ekarriz eta lehentasuna emanez esparruen arteko mugak hausten dituztenei.
Bide horretatik, Anariren rock poetikotik Lingua nabajorum-en umoreraino doan sorta zabalean ibili da aurtengo egitaraua, Xabier Lizaso eta Andoni Egañaren Bi arreba tartean izanda, eta bestelako lan batzuk aztertzen hasita, Horman Poster kolektiboaren Iragan perfektua ere estreinatu da jardunaldiotan, orain urtebete gaztelaniaz sortu ostean. Antzerki dokumentalaren esparruan kokatu ahal dugun performance honek 70eko hamarkada aztertzen du, garai hartako hainbat argazki ezagun erakutsiz eta orduko gertakizun pertsonal, sozial eta politikoak gogoratuz. Agian pieza hau hurbilago dago arte ederretako esparrutik antzerkitik baino, eta horregatik dira bere benetako balioak interpreteen barne bilaketa zintzoa eta garai bateko argazki soilei emandako esangura.
Metrokoadroka kolektiboak ere bere azken sorkuntzaren aurre-estreinaldia egin du Leioan —Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek?— BAD jaialdian pieza honetako zati batzuen aurrerapena eman ostean. Orduan ikusitakoa, behintzat, zoragarria iruditu zitzaidan, eta seguru nago ekarpen handikoa izango dela antzezpena, poesia, musika eta arte plastikoa elkartzen dituen kolektiboaren emaitza.
Azkenik, Biutz izeneko lana ekarri du Maratilara Rouge Elea konpainiak. Lehenengo batean, badirudi euskarazko oihartzuna duela Biutz hitzak baina, egiatan, Ceuta eta Marokoren arteko mugan dagoen pasabideetariko bat da, eta bertan jasotako irudi eta inpresioetan oinarrituta sortu dute ikuskizuna Corinne Cellak eta Ander Fernandezek, Tangerko zenbait elkarte eta antzerki talderen laguntzaz.
Emanaldiak zuzeneko musika, trapezio-arteak eta irudi proiektatuak elkartzen ditu, kutsu poetiko handiz konbinatuz muga artifizialen gaineko gogoetak, irudi plastikoak, testuak eta proiekzioak. Izan ere, irudi proiektatuen alorrean asmatzen du gehien proposamenak, eta bereziki sormentsuak eta iradokitzaileak iruditu zaizkit pertsonaia birtualen eta eszena gaineko interpreteen elkarreraginak. Bestetik, aipatzeko modukoak izan dira antzezpenaren egikera zehatza, barne gogoetari dagokion erritmo pausatua eta elementu guztien arteko kohesioa. Beraz, pieza honek hainbat arloren arteko mugak hautsi ditu, eta badirudi Maratila ekimenak ere hasieran ezarritako mugak gainditzeko bidean dagoela. Hala bedi, Bilbo aldean euskarazko arte eszenikoei leihoak eta ateak ireki nahi izanez gero.