Gai filosofikoak
Agus Perez
ehaze.eus, 2023-05-24
“Amatxik dixit” + “Zuri”

Konpainia: Goitibera. Gidoia eta zuzendaritza: Saioa Iribarren. Antzezleak: Nerea Ariznabarreta, Ander Basaldua, Gaizka Chamizo. Lekua: Galdakaoko Torrezabal kultur gunea. Eguna: Maiatzak 12

      Euskarazko egitarau bikoitza antolatu da Galdakaoko Torrezabal kultur gunean, Goitibera konpainiaren antzezlan labur biren harira. Biak ala biak ikusi genituen Bilboko Pabilioi 6k urtero antolatzen duen Antzerki Arina zikloan, eta edizio bietan nabarmendu zen taldea gai sozial eta politikoetan –gai filosofikoetan azken finean– daukan konpromisoagatik, eta alde eszenikoetan, baliabideen urritasuna aldarrikatuz funtsezko gauzei bete-betean heltzeko gaitasunarengatik.

     Haiei buruzko kritika batean zera idatzi nuen orduko hartan: «Espero dugu lan hau edo haren balizko luzapena beste leku askotan ikusi ahal izatea». Eta, tira!, leku askotan ez, baina oraindik geratzen dira euskararen aldeko programatzaile adoretsuak, apustu eszeniko zintzo eta ausarten alde egiten dutenak, eta haietariko bati esker izan dugu bi harribitxi hauek ostera ere ikusteko aukera.

     Amatxik dixit antzezlanean Nerea Ariznabarretak, Ander Basalduak eta Gaizka Chamizok gogoratu digute 36ko gerrak eta gerraosteko urte ezin latzagoek jende apalarengan izan zuten eragina. Niri behintzat hunkigarria egiten zait oraingo gazteek garai haietako gertakarietan arakatu nahi izatea, zeren eta zornea darion zauria ezin baita benetan itxi. Izan ere, Saioa Iribarrenen amamaren orduko eta geroko bizipenak dira kontakizunaren hari eroalea, eta berari esker jakin dugu heriotza-kondena ezarri ziola gerra-tribunal frankista batek Andaluziako señorito baten mendeku hutsagatik, eta Saturrarango kartzela hilgarrian sei urte eman ostean –hura izan zen Euskal Herria ezagutzeko izan zuen aukera bakarra– Normandiara erbesteratu zela bere aspaldiko senargai anarkistarekin bizitzeko.

     Istorio sakon eta gogorra, zinez, garai haietako beste hamaika mila bezalaxe. Eta bere soiltasunean, inpaktu handikoa alde eszenikoei begira. Nork esan beharko liguke, bada, hain elementu gutxirekin –zurezko lau kaxoi, gitarra eta xirula– eszenan hainbeste egoera gauzatu eta biziko genituzkeela? Lur jabe handien tiraniatik atxiloketara eta tribunal militarrera igaro gara, trenak eta geltokiak ezagutu ditugu bidean, errefuxiatuak hartzeko frantses estatuaren jokabide zitala, hango nekazari arrunten jarrera aldaketa… Dena ordu erdian, dramaturgia eredugarri eta dinamikoaren bidez, zuzeneko musika lagun, umore-zipriztinak han-hemenka tartekatuta eta hiru antzezleen kemen eta prestakuntza guztiaren oinarrian zeudela.

     Zuri deitu da egitarauren bigarren atala, beharbada koloreari erreferentzia eginez eta beharbada gutariko bakoitzari deika egoteagatik.

     Oraingo honetan Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo izan dira antzezle bakarrak, eta gaiak kartzela-zaindari eta kartzelatu banaren arteko harreman ustelduan sakontzen du, nahiko era filosofikoan gainera. Zeren eta, filosofia gertakarien interpretazioan jarduten du, eta ba al dago gertakari latzagorik espetxeko egonaldia baino? «Hau ez da hotel bat» diotso kartzelariak kartzelatuari bien arteko solasaldi mamitsuetako une batean. Eta bitartean, presoaren suntsitze fisiko eta mentala ikusten dugu, kartzelaria sistemaren sinestun fidela delarik eta atxilotuarekiko ustezko laguntasuna jorratzen saiatzen delarik.

     Dena gertatzen da zuri koloreko laukizuzen baten mugetan, presoa, noski, barruan dagoela eta zaindaria, noski, kanpoan. Presoak barruko arropa zuria eta buzo zuria janzten ditu, eta une batean Sarrionandiaren poema harekin gogoratu naiz, kartzelatuak bere ondasunen zerrenda egin duenean: «Hau da ene etxea, hau da ene aulkia, hau da ene ohea, hau da ene ondasun guzia…».

     Aurrekoan bezala, dramaturgia irudimentsua eta argien diseinu esanguratsua izan dira lan sarkor honen zutabe sendoak, baina haiekin batera azpimarratu behar dugu hiru antzezleen –bi oraingo honetan– sendotasuna, Gaizka Chamizoren kasuan animalia eszenikoaren mailan dagoena eta beste bienean presentzia sendoan eta barne zintzotasunean bereziki oinarritzen dena.

     Emanaldia amaitutakoan, solasaldi filosofiko bat antolatu du Jakinmin elkarteak nahi izan duten ikusleekin batera. Hango kide batek gidatu ditu gogoetak justiziaren kontzeptuaren inguruan bueltaka eta ikusleen iritziei erabateko lehentasuna emanez. Ekimen polita, gero, ikusitako lan mamitsu biei ahalik eta etekin gehiena ateratzeko!