Tabernan gertatua
Agus Perez
Berria, 2023-03-12
“Lagun beltz asko”

Ekoizleak: Ados eta Bidebitarte. Egileak: Garbi Losada, Jose Antonio Vitoria. Zuzendaritza: Garbi Losada. Eszenografia eta jantziak: Ikerne Gimenez. Argiak: Xabier Lozano. Antzezleak: Asier Hormaza, Ramon Ibarra, Asier Sota. Lekua: Coliseo antzokia (Eibar). Eguna: Martxoak 10.

      Lagun beltz asko omen ditu tabernako bezeroak. Nik, ordea, zenbait kontinentetako lagunak ditut eta ez zait inoiz burutik pasatu “gaur afaltzera etorriko dira gure lagun beltzak” esatea. Lagunak dira eta kitto. Geroak esango du lagunak izaten jarraitzen ote dugun edo aspaldiko ezagunak besterik ez. Distantzia fisikoak dena higatzen du, zoritxarrez.

      Lagun beltz asko dauzka, beraz, tabernako bezeroak, baina benetan gutxi dira, beltzak zein zuriak izan. Aurrejuzkuek betetzen diote burua, eta susmagarri egiten zaio kalean europar itxura eta ondo jantzita ez doan edonor. Egiatan, ordea, tratu txarren emaile klasikoa da, matxista hutsa hitz gutxitan esanda, emazte ohiarekiko urruntze agindua ezarri diote berak ez du errespetatzen, jakina eta bizitzaren edozein egoeratan abusatzen du besteen konfiantzaz, oso era zatarrean gainera.

      Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak sinatzen duten testu dramatikoan bezeroaren lagunaren tabernan gertatzen da guztia. Ordu txikietan ixtekotan dagoela agertzen da eszenan gizon afganiar bat, eta horren harira joango dira azaleratzen tabernariaren Asier Sota eta bezeroaren Asier Hormaza arteko hainbat kontu ilun. Afganiar galduaren rolean Ramon Ibarra ikusi dugu, eta beti erdarazko lanetan ibili den arrean, hori ez da oztopo izan euskarazko lan honetan jarduteko, bere pertsonaiak ingelesez baino ez dakielako bere jatorrizko parsiaz gain, demagun.

      Izan ere, elkar ezin ulertze horren kontura etorri dira hiruren arteko solasaldietako une umoretsu asko, mimikaz, ustezko ingelesez eta frantses mordoiloz gauzatu direnak. Hobe horrela, zeren afganiar pertsonaia agertu arte tabernako bi lagunei kostata ulertu diegu zer esaten zuten, haiek telebistan baleude bezala aritu baitira, ahoskera txukunari eta ahotsen proiekzioari jaramon benetan eskasa eginez.

      Behin hasierako gaizki ulertzeen aroa iraungita beste tonu bat hasi dira hartzen kontuak, eta bezero matxistaren izaera bortitza gero eta agerikoagoa izan da, amaiera tragikoaren iragarle. Baina benetako idazle baten faltan, nahiko errepikakorrak eta haritik hartuak suertatu dira hiruren arteko tira-birak: baten edo bestearen eskuko telefonoaren gaineko kontrola, ekintzaren lekua lagatzeko ezintasun faltsua eta, zelan ez, ia hasieratik susmatzen genuen infideltasunaren kontua. Gauzak horrela, zapore gazi-gozoa utzi digu lan honek, baina ikusleek gogoz txalotu dituzte komedia dramatikoaren balioak eta gai zailak adorez tratatzeko ahalegina.