“Kanpora sartzen”, Xabin Fernandezen GIBaren inguruko testigantza eszenara
Xole Aramendi
Gara, 2023-03-11

     Hamar urtez seropositibo dela isildu ondoren lehen aldiz agertokira igoko da, Intza Alkain ondoan duela. Aitziber Garmendia zuzendari lanetan estreinatuko da.

     Ezustean jakin zuen Fernandezek seropositiboa zela. Bere bizipenak testu batean jasotzea erabaki zuen, orain antzezlan bihurtu dena. Izen eta abizenez, bere burua antzeztuko du oholtzan. Lehen aldia du aktore lanean, baita egile gisa ere. “Ausardia handia eskatzen du horrek. Beste baten izen baten azpian egiteak babesa edo maskara ematen dizu eta bera hori gabe aterako da”, azpimarratu du Aitziber Garmendiak, “Kanpora sartzen” antzezlanaren zuzendariak.

     Agertokian ikus daitekeen kaiola gorri handiak irudikatzen du azken hamar urteotan Fernandezek bizi izan duena. Kasik beste pertsonaia bat da hasieratik kaiola.

     Irten eta sartu, bi ekintzei egiten die erreferentzia izenburuak. Kanpoa eta barrua. “Gauza asko ezkutatu ditu, homosexualitatea hasieran, seropositiboa zela gero. Etxean zegoenean, intimitatea ondo babestuta sentitzen zuenean, orduantxe sentitzen zen aske. Aldiz, kanpoan zegoenean nor zen gorde beharra sentitzen zuen eta horrek eragiten zion itxita egotearen sentipena. Kontatzen du ze labainkorra den kanpoan ala barruan egotearen errealitatea, ez baitugu berdin bizitzen”, azaldu du Garmendiak.

     2013ko martxoaren 11n jaso zuen diagnostikoa Fernandezek. Zirkulua itxiko du orain herritarren aurrean, Legorretan, jaioterrian ikusiko baitu argia lanak gaur eta bihar.

     Lehen aldi asko batzen dira proiektuan. Izan ere, Aitziber Garmendia zuzendari lanetan estreinatuko da. “Aktore bezala dudan intuizioaz baliatu naiz. Dena zen berria. Nire intuizioari ahotsa eman diot, eta errespetua, era berean. Iruzurtiaren sindromepean gaude, beti esaten diogu gure buruari ‘nik nola egingo dut ba, ez dut merezi hori egiterik’. Nolabaiteko lotsa hori galdu egin dut. Ikusi dut gustura egin dudala eta benetan merezi duen antzezlana dela. Sinesten dut lan borobila egin dugula. Ikasketa prozesua izan da”, aitortu du.

     Izan du gozamenetik ere. “Jolasa izan da”.

     Enkarguzko lana da. “Xabier Agirrek bidali zidan Txalo konpainiatik, komediara eraman nahi zutela eta nigan pentsatu zutela esanez. Asko gustatu zitzaidan”. Sara Cozar izan du laguntzaile.

     Testua kontakizun moduan idatzia zegoen eta horri antzerki-izaera eta dinamismoa ematea izan da Garmendiaren zeregina. “Bazuen hasieratik komediatik eta are gehiago atera diogu”, kontatu du.

     “Bere lehenengo aldia izateko ikaragarri ondo idatzia dago. Asko harritu ninduen, sorpresa ona izan zen”, nabarmendu du Aitziber Garmendiak.

 

Lanketa

     Intza Alkainek gorpuzten du birusa. Baina ez bakarrik. “Intzak pertsonaia ugari interpretatzen ditu, erizaina, medikua eta psikiatra. Pertsonaia oso desberdinak dira eta lanketa sakona egon da. Nire irudimenean neukan emaitza lortu dut eta oso pozik nago zentzu horretan”. Gustura ageri da zuzendaria bi aktoreekin batera egindako lanarekin.

     “Bere dramaz eta beldurrez barre egiteko” erakutsi duen eskuzabaltasuna eskertu nahi dio Fernandezi. “Hori da komediara eramateko bide nagusia eta errazena niretzat, norberak barre egiteko askatasuna duenean besteoi ere horretarako gonbidapena luzatzen digu. Benetan pentsatzen dut gai guztiekin egin daitekeela komedia eta hala demostratutako dugu; posible da”, adierazi du Garmendiak.

     Une dramatikoak eta komikoak eskua emanda etorriko dira antzezlanean. Era honetako gaia ere umoretik landu daiteke. Betiere, egiari lotuta. “Aktore bezala eta fikzioaren kontsumitzaile bezala, komediatik eta umoretik lan egitea gustatzen zait, baina egia eta sentimendua behar du, benetakotasunetik aritu nahi dut. Ez grazia egitea grazia egiteagatik, zerbait kontatzen dugulako baizik”, esan du.

      Hilaren 17an Zaldibian, datorren maiatzaren 6an Lasarte-Orian eta maiatzaren 12an Beasainen izango dira. Uztailaren 13tik 16ra Donostian emango dute lana.