“Hamalau” lanarekin nagusitu da Egia, euskarazko atalean. Gaztelaniazkoa, berriz, Iñigo Cobok irabazi du. Biek ala biek bigarrenez eskuratu dute saria: Egiak 2017an ere irabazi zuen, eta Cobok 2018an.
Hogei urte bete ditu aurten Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko sariketak, eta urteurren borobil hori “espero gabe” heldu dela kontatu du Mikel Martinez aktoreak eta antolatzaileak: “Maitasunez hartu nuen proiektua. Ez nuen pentsatzen hogei urte beteko genituenik, baina oso pozik nago”. Lehenengo aldiko helburu berari tiraka jarraitzen du sariketak: “Gidoia da antzerkiaren gauzarik garrantzitsuena”. Produkzio horri bultzada emateko egiten du urtero-urtero antzerki laburren lehiaketa Tartean Teatro konpainiak Cafe Bar Bilbao tabernarekin elkarlanean. Guztira, hemezortzi gidoi jaso dituzte; zortzi euskaraz, eta hamar gaztelaniaz. Lan guztiak “kalitate onekoak” izan direla nabarmendu du Martinezek, eta aukeraketa “zaila” izan dela kontatu du. Azkenean, baina, Lutxo Egiak jaso du euskarazko saria, Hamalau lanarekin.
Eraikin bateko hamalaugarren solairuan dago kokatuta Hamalau antzezlana. Notario bat da protagonista, eta bere buruaz beste egitera doan bezero baten zain dago. “Ez da notario baten ohiko lana, baina dena baldintza egokietan egiten ari dela ziurtatzera joan da”, argitu du Egiak. Hala ere, suizidioa ez da izango obraren gai nagusia: “Gizonaren alde autosuntsitzailea erakustea da asmoa”. Gatazka “berehala” piztuko dela aurreratu du egileak, eta umorea izango da nagusi: “Asko du absurdotik”.
Gaztelaniazko atalean, Iñigo Cobok irabazi du sariketa, Canciones tristes para gente alegre lanarekin. Duela 30 urte bikote izandako bi lagun nola elkartzen diren kontatuko da lan horretan, eta bizitzari buruzko hausnarketa bat izango da. “Bakoitzaren arrakastak eta porrotak onartzen saiatuko dira”, azaldu du Cobok.
Bigarren aldiz irabazi dute Cafe Bar Bilbao saria bi aukeratuek: Egia 2017an ere nagusitu zen, Identitarteak lanarekin; eta Cobo, berriz, 2018an, Oaxaca en dos lanarekin.
800 euro jasoko ditu egileetako bakoitzak sari gisa, eta bi gidoi irabazle horien irakurketa dramatizatua eszenaratuko dute Bilboko Lautan Hiru jaialdian, Tartean teatro konpainiaren laguntzarekin. Horrez gainera, Bilboko Pabiloi 6 aretoko Antzerki Arineko Jardunaldietan parte hartzeko ekoizpenerako laguntza jasoko dute.