Libretoa eta zuzendaritza eszenikoa: Oihan Vega, Valen Moñux. Musika eta abestien letrak: Oihan Vega. Eszenografia: Valen Moñux. Orkestrazioa: Mikel Markiegi. Orkestra zuzendaria: Txemi Etxebarria. Abeslari eta abesbatzen zuzendaria: Marije Ugalde. Koreografiak eta dantzak: Carol Gomez. Zuzendari laguntzailea: Ander Arruti. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urtarrilak 13.
Toti Martinez de Lezearen Bretxa nobela musikal bihurtuta eskaini digute Bergarako Musika Eskolak eta Bam! Bergara Antzerki Musikala elkarteak. San Sebastian eguna hain gertu daukagula, estreinaldia non, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian bertan izan da. Bukaeran txaloaldi luze eta oso beroa jaso dute antzezle zein teknikari guztiek, eta, nola ez, antzokian zegoen nobelagileak.
Nik aitortu beharra daukat ez dudala eleberria ezagutzen, baina bai 1813an Donostiak nozitutako setioa eta horrek ekarri zituen bortxaketak, sutea eta sarraskia. Argumentuak pasarte historiko garratz horiek gogora ekartzen dizkigu, emakumeek pairaturiko indarkeria azpimarratuta, gainera. Maritxuk, protagonista nagusiak, alargundu ondoren senarraren txokolategiarekin jarraitzea erabakitzen du; pertsonaia horri esker, Argiñe Agirrezabala sopranoak une gozagarrienak eskaini zizkigun, emakume independente bezain ausart horri ahotsa emanez.
Arte adierazpideen bidez sentimenduak piztea, emozioak astintzea xede izaten dute musikalek, eta, horren harira, ba al da poz handiagorik zure herrikideak (lagun, bizilagun, senide...) oholtzan auzolanean ikustea baino? Bergararrek ondu duten musikal eleaniztun hau tankera klasikokoa dugu: pisu handiko eszenografia, dantza, bakarlariak, talde ekitaldiak... Istorioak epika sentimentala ondo baliatuta egiten du aurrera, zuzeneko orkestraren musikaren laguntzaz.
Hasi bezain pronto, ondoko ikusleak “ze txulada» esan du. Literalki diotsuet. Antzokiko eskaileretan soldaduz jantzitako gizon helduek harrera egin digute lehenbizi. Gero, gure eserlekuan antzezlanaren zain geundela ikusi dugu agertokia aktorez bete zaigula. Ehun baino gehiago dira, eta, gainera, adin guztietakoak, umeak zein helduak. Bretxa-k —ostiraleko mikrofonoratze eta soinu bolumenaren akats puntual batzuk aldera batera utzita— ondo funtzionatu du, eta mirestekoak dira bergararren esfortzua, ausardia eta antolamendurako gaitasuna.
Azken agurra oholtzako guztiek San Sebastian martxa-ri ekin diotenean jaso dugu ikusleok. Badakizue: “Sebastian bat bada zeruan/ Donostia bat bakarra munduan...». Koxkero eta joxemaritarroi azala lazten digun himno hori aditzean, emozioak gorago egin du aretoan. Esandakoa, non eta Viktoria Eugenian, 1813an erasoaldia nozitu zuen hiribilduaren ondo-ondoan: “Bagara/ (...) ta hau da herria/ horra zer den gure Donostia” abesten irten gara kalera.