Koktel dramatiko arrakastatsuak
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2002-03-24

      Indarrak batuta eraginkortasun handiagoa lor omen daiteke. Ikasbide hori jarraituta, antzerkiarekiko zaletasuna lau haizetara zabaldu nahian, jaialdiak antolatzeko bidea hartu zuen Euskal Herriko hainbat herrik duela urte batzuk. Ekimen hauei esker inoiz bisitatu ahal izango ez ditugun lurraldeetako antzezlanez gozatzeko aukera izaten dugu baita antzerki munduan pil-pilean dauden joerak ezagutzeko ere. Antzerki munduko jendeak ere beste taldeen berri izateko beta izaten du topaketa hauetan.

      Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren zuzendari Imanol Agirreren aburuz, halako ekitaldiak antolatzeko arrazoia hauek duten eragin mediatikoa da, hein handi batean: “Jaialdien bidez lortzen dugun oihartzuna ez da lortzen beste modu batean. Nolabait esateko, erresonantzia kutxa bat bezala da”. Hala, gaur egun Euskal Herrian antzerki mota askotarikoen bilgune bilakatu diren jaialdi mordoa egiten da, guztiak ere ezaugarri bereziak dituztenak: nazioarteko taldeen lanak biltzen dituztenak —Gasteiz, Santurtzi, Baiona, Eibar—, kale antzerkiaren erakusleiho direnak —Lekeitio, Zarautz, Barakaldo—, umorezko antzerkia ardatz dutenak —Pasaia—, txotxongilo jaialdiak —Bilbo, Tolosa, Bergara— eta abar luze bat. Euren artean helburu komunak badituzte ere, jaialdi bakoitzak badu bere erronka propioa. Aurten hogeita bost urte bete dituen Eibarko Antzerki Jardunaldietako zuzendari Jose Maria Cornagorentzat, esaterako, jaialdi baten helburua ia ikusle mota guztiak asetzeko moduko kalitatezko egitarau bat eskaintzea da: “Ikusleak sortzen joatea baita gure nahia, eta batez ere jende gazteari antzerki zaletasuna piztea. Hala, hauek heltzen direnean antzerki adituak izango dira”. Imanol Agirrek, berriz, antzerkiari Euskal Herrian toki duin bat eskaintzeko nahiaz gain, nortasunaren beharra aipatzen du: “Jaialdi bakoitzak nortasun berezi bat izan behar duela uste dut. Izan ere, egun hemen antolatzen diren jaialdi izeneko asko ez dira benetako jaialdiak, programazio ezkutuak baizik. Gaur egun Euskal Herrian antolatzen den jaialdi nagusienaren kasua horixe da, Gasteizko jaialdiarena, alegia”.

      Antzerki Jaialdien atzean lantalde zabalaren esfortzua egoten da gehienetan: udala, kultur erakundeak, antzerki taldeak, boluntarioak... Izan ere, halako ekitaldi bat antolatzeak sortutako buruhausteak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula: jaialdira ekarri nahi diren taldeekin hitz egin, egunak zehaztu, aurrekontuari etekin handiena atera, azpiegitura guztia prestatu, komunikabideetara jo... Martxoaren 19an amaitu berri den Eibarko Antzerki Jardunaldian parte hartu duten 24 talderen lanak hautatzeko, esaterako, programaren arduradunek berrogeita hamar lan baino gehiago ikusi behar izan dituzte: “Guretzat oso garrantzitsua delako ekarriko duguna aurrez guk ikusitakoa izatea. Atzerritarrak badira, bideoz ikusten dugu lana”, dio Cornagok, “dena den, zailena azpiegituren egokitzea da: taldeei lo egiteko lekua bilatu, alderdi teknikoak zaindu... gure lan taldean ez dago profesionalik eta, beraz, esfortzu ikaragarria egin behar izaten dugu “.

 

      Eta urtean zehar zer?

      Antzerki jaialdiek gero eta arrakasta handiagoa duten tenore honetan bada nahiko zabaldu den kezka bat: jaialdiek ez al diote herri bateko urteko programazio kultural finkoari kalte egiten? “Horixe aspalditik buruan darabilgun kezka da”, dio Cornagok, “ideialena urte osoan antzerki, dantza, musika eta bestelako adierazpen artistikoen egitarau finko bat izatea litzateke, baina zailtasun handiak daude horretarako. Antzerki jaialdira gero eta ikusle gehiago etortzen den bitartean, urtean zeharreko ikuskizunetara ia ez da inor joaten. Eta egia esan, ez dakit zein den arrazoia”.

      Antzerki jaialdi baten arrakasta, sarri, bildutako ikusle kopuruaren arabera neurtzen da. Hori dela eta, askotan ikuslearen gustuen baitan eratzen dira programak. Eibarko Jardunaldien arduradunak garbi du ikuslearen gustuak zeintzuk diren. Umorezko antzerkia, dudarik gabe. “Egia esan estresarekin, lanez gainezka eta mila ardurekin bizi gara eta, beraz, kate horietatik libratzeko joaten gara antzerkira. Horregatik gure programaren zati handiena umorezko lanei eskaintzen diogu”. Imanol Agirreren iritziz, aldiz, Lekeitioko jaialdiak ez dio inoiz gehiegi ikusleen gustuari so egin: “Ez dugu behintzat programazioa horren arabera egiten. Guk garbi jarri ditugu gure lan egiteko moduak, ikusmoldeak... eta hamahiru urte hauetan publikoak ikasi egin du esperientzia horietatik”.

 

      Bidea topatzeko mapa

      Antzerki jaialdi bat prestatzeak sortzen dituen kostuak direla-eta erakundeen laguntza ia ezinbestekoa dute antolatzaileek. Antzerkiak berak aurrera egiteko dituen zailtasunak ere islatzen dira, nola ez, jaialdiak antolatzeko garaian. Jose Maria Cornagok garbi du erakundeek zer egin beharko luketen. Bere ustez, baliabideak erraztu behar dituzte. Ideia on asko omen dago eta, hortaz, “erakundeek hauek babestu eta lagundu beharko lituzkete”. Imanol Agirreren iritziz, aldiz, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru laguntzak irrigarriak dira. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak 2002an hiru milioi pezetako diru laguntza jasotzea barregarria dela dio. Dena den, Agirrek erakundeei bestelako eginbehar bat egozten die: “Estrategia bat markatu beharra dago, apustuak zeintzuk diren zehazteko. Euskal Herriko jaialdiekin mapa bat egin beharko litzateke interes orokorreko jaialdiak zeintzuk diren finkatzeko. Horrela bakarrik lortuko dugu jaialdi horiek erreferentzia puntu izatea”. Eusko Jaurlaritzako Kultur Sustapenerako zuzendari Jose Antonio Arbelaitzek egun ematen diren diru laguntzen banaketan jada lehentasun batzuk markatzen direla iritzi dio nahiz eta aipatutako mapa horren beharra ere badagoela aitortu: “Zerrenda hori osatzeko asmoa badago. Gauza da behin betiko zerrenda bat osatzeko sektore guztia hartu beharko litzatekeela kontutan eta oraindik ez dago ezer zehaztuta”.

      Urtetik urtera antzerki jaialdi osoagoak eskaintzea izaten da antolatzaileen erronka, “gero eta irudimen gehiago jarri behar da”. Agirrerentzat, gainera, bada Euskal Herriko jaialdien arteko lehiak alde batera uzteko garaia: “Oso garrantzitsua da antzerkian hain hedatuak dauden inbidia eta errezeloak alboratzea. Jaialdien arteko harremanetatik oso emaitza baikorrak sortzen dira”.

 

      Jaialdien inguruko gogoeta

      Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren azken edizioaren baitan “Euskal Antzerkiaren Topaketa Profesionalak” antolatu ziren hirugarren urtez. Azaroan burutu zen topaketan euskal antzerki jaialdien inguruan aritu zen eszenako hainbat profesional. “Jaialdien herri bat edo herri-jaialdi bat” titulupean gaurko egoera, etorkizuneko erronkak eta jaialdien baliagarritasuna izan ziren, besteak beste, hizpide. Besteak beste halako ospakizunak mantentzearen garrantziaz hitz egin zen nahiz eta hauen helburuak zehaztu beharra ere nabarmendu zen, zentzua izaten jarraituko badute behintzat. Antzerki Jaialdiek herrietako urteko programaketa egonkorren osagai behar dutela izan eta ez ordezko ondorioztatu zuten gainera. Euskal antzerkigintzaren profesionalek jaialdi, jardunaldi eta azoken euskal mapa bat burutzeko beharra ere adierazi zuten Santurtzin, horretarako administrazioaren papera ezinbestekotzat joz. Eusko Jaurlaritzako Kultur Sustapenerako zuzendaritzak mapa hori egiteko asmoa badagoela adierazi du nahiz eta bestelako zehaztasunik ez duen eman