Katilukada bat teatro, egarri direnentzat
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2003-02-16

      Antzezle bat, ikusle bat eta espazio bat. Horiek dira antzerki ikuskizun bat prestatzeko beharrezkoak diren gutxieneko osagaiak. Behin oinarrizkoa edukita, elementu gehiagorekin hornitu daiteke: argiekin, musikarekin, jantziekin eta abar. Baina, kafe katilukada batekin gertatzen den bezalaxe, antzerkian ere, gero eta osagai gehiago erantsi, urrunago gaude hasierako zaporetik. Izan ere, esentzialtasunak xarma handia du.

      Kafe antzerkiak, hein handi batean, antzerkiaren oinarrietara jotzen du, komunikazio biluzian aurrez aurre jartzen baititu antzezlea eta ikuslea, kosmetikarik gabe.

      Maskarada taldeko Mikel Martinezen iritziz, Euskal Herrian azken hogeita hamar urteetan ikuskizun andana egin da “kafe antzerki” izenburupean, baina ziurrenik askoz ere zaharragoa da genero hau: “Beste izendapen bat jasoko zuen. Esaterako, bertsolariek kafe antzerkia egin izan dute betidanik”.

      Kafe teatroetarako prestatutako antzezlanek —Euskal Herrian batez ere tabernetan, gaztetxeetan, eta kultur etxeetan egiten direnek— ba al dute berezko ezaugarririk? Genero kontsidera al daitezke? Baietz uste du Antzerkiola Imaginarioa taldeko zuzendari eta aktore Ander Lipusek: “Aktoreak publikoarekiko duen hurbiltasunak izaera berezia ematen die mota horretako ikuskizunei. Gainera espazio txikietara egokitu behar izaten direnez, eszenografia eta argiztapen xumeagoak erabiltzen dira”. Yuyu taldeko kide den Nahia Iparragirre aktorea ere iritzi berekoa da: “Ezberdina da. Kafe antzerkian ikuslea atrapatu egin behar duzu hasieratik, energia gehiago behar da”.

      Gainera, umorea izaten da usuenik komunikaziorako erabilitako tresnarik ohikoena: “Halako antzerkian ezin duzu gauza oso hunkigarririk kontatu, beti osagai arinagoetara jo behar da”, dio Nahia Iparragirrek. Besteak beste, “Ardoaz” eta “Minutu bakarra” antzezlanetan aritutako Ander Lipusen aburuz, berriz, komedia kafe antzerkirako oso baliabide egokia da, nahiz eta ez duen zertan baliabide bakarra izan behar: “Nik egin izan ditut tragedia txikiak kafeetan, eta jendeak arreta handiz entzun ditu. Testu sakonak ere antzeztu daitezke formatu hauetan”.

 

      Ikuskizuna maleta batean

      Tabernetan egiten diren kafe antzerki ikuskizunetan ez da sarrerarik ordaindu behar izaten. Bestelako aretoetan egiten direnean ere gutxitan. Emanaldiaren antolatzailea da taldeari ordaintzen diona. Horregatik, lekuaren arabera, jasotzen den diru kopurua asko alda daiteke. “Tabernek, asko jota, 25.000 pezeta ematen dizkizute”, dio Yuyu taldeko kideak, “eta beraz, benetan gustuko dugulako egiten dugu, zeren apenas ematen duen bidaia eta afaria ordaintzeko”. Arrazoi horregatik, materialki ikuskizun xumeak izaten dira kafe antzerkikoak, indar guztiak antzezleen lanean eta testuaren bizitasunean jarriz.

      Yuyu taldekoek euren azken ikuskizuna, “Esperantoo”, ahalik eta baliabide urrienekin muntatu zuten apropos: “Maleta bat, eserleku bat eta bi foku behar ditugu ikuskizuna egiteko. Gainera, taldean bost gara, auto batean denak sartzeko moduan beraz”.

      Kasketa Kabareta taldeak zazpi urte daramatza antzerkiaren bidez gizarte kritika egiten. Egun antzezten ari diren “Neskapolitan” ikuskizunean, kantuen laguntzaz, modak egungo gizartean duen eragina kritikatzen dute. Euskaraz egiten dituzte muntaia guztiak. Sortu zirenean, egun baino baliabide gutxiago zituztela oroitzen du egun Yuyu taldean dabilen Gorka Markaidak: “Bidaiatzeko dirurik ere ez genuen izaten. Autostopez joaten ginen emanaldietara gure foku eta trasteria guztiarekin”.

      Erakunde publikoek ere ez diete babes handirik ematen halako taldeei: “Antzerki talde bakan batzuek jasotzen dituzte diru laguntza guztiak eta talde txikiontzat ez dago deus”, dio Kasketa Kabaretako Arantza Rementeriak, “Guk jada ez dugu eskatu ere egiten: milaka paper exijitzen dizkizute lau sosa emateko. Laguntza baino oztopo gehiago jartzen dituzte erakundeek”.

      Oztopoak oztopo, kafe antzerkia bizirik dagoen generoa da, nahiz eta euskaraz aritzen diren taldeak ez diren hainbeste. Nafarroako Bortzirietako Mankomunitateak horrexegatik antolatu berri du euskarazko kafe antzerkia bultzatzea helburu duen beka. Bortzirietako euskara teknikari Castillo Suarezek azaldu digunez, zailtasun handiak dituzte urtero Beran antolatzen den kafe antzerki ziklora taldeak eramateko: “Bai zikloa osatzeko eta bai herri txikietako tabernetara euskarazko antzezlana ekartzeko”, dio. Urtarrilarekin batera beka eskaerarako epea amaituta, ordea, oso egitasmo gutxi jaso dituztela aitortu digu euskara teknikariak.

 

      Ikasbide aparta

      Antzokietako zirkuituak gero eta hertsiagoak diren honetan, antzerkia maite duen jende askorentzat irtenbide egokia da kafe antzerkian aritzea. Antzerki eskoletatik irten berri diren gazte askok ere mundu honetan ematen ditu lanbideko lehen urratsak. “Aktoreentzako, ikasbide gisa, oso garrantzitsua da kafe antzerkia”, dio Ander Lipusek. Iritzi berekoa da Kepa Gallego aktorea ere: “Sekulako eskola da. Jendea metro erdira duzunean ezinezkoa da inor engainatzea. Gustatuko litzaidake ospe eta izen handiko aktoreak halako espazio batean antzezten ikustea”.

      Antzerkigintzako profesionalek lan gogortzat badute ere, kafe antzerkia gutxietsi ere egiten da nolabait. “Askotan ez gaituzte serio hartzen”, aitortzen du Nahia Iparragirrek, “Leku batera 200.000 pezeta kobratuz joaten bazara, primeran tratatzen zaituzte, lan beragatik 30.000 pezeta kobratzen badituzu, berriz, harrera oso bestelakoa izaten da”. Antzerkiak ere gizarte gaixotu honen sintomak pairatzen ditu hortaz.

      Kafe antzerkia, ia ezkutuan, baina arte eszenikoen alorrean lan handia egiten ari den generoa da. Antzerki ekoizpen handiagoek etekinekiko duten menpetasunetik salbu, oraindik ere ikuskizun kritiko, berritzaile, lotsagabe eta ironikoak estalkirik gabe ikusteko aukera ematen diguten taldeak dira kafe antzerkian dabiltzanak

 

      Zirkuitu baten beharra

      Behin antzezlan bat prestatuta, taldeak berak bilatu ohi du non antzeztu. Arian-arian gero eta leku gehiago ezagutzen ditu taldeak eta tabernetako jabeek ere taldeekin harremana estutzen dute. “Harremanak ahoz funtzionatzen du, ez dago inongo azpiegiturarik. Beste taldeetakoekin elkartzen garenean antolatu beharraz hitz egiten dugu askotan”, dio Yuyu taldeko Nahia Iparragirrek. Mikel Martinezentzat ere antzezteko lekuen falta nabarmena da: “Leku gehienetan legeak ez du ikuskizun bat egitea baimentzen. Horrek kafe antzerkia pila bat geldiarazi du”. Ander Lipusek ere garbi ikusten du zirkuitu baten beharra: “Kafe antzerkia egiteko espazioak batuko balira, zirkuituak sortuz, ikuslearentzat ere errazagoa litzateke, ikuskizun bat non eta noiz topatu errazago jakingo bailuke”