Errefuxiatuen gogoak dantzan
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2003-03-09

      Fardela bizkarrean eta malkoak masailetan. 1937ko maiatzak 7. Irudi zuri-beltzak. Ehunka haurrek senideak agurtzen dituzte Santurtziko portuan. Haur euskaldun andana eramango du Habana itsasontziak erbestera, Gerrako bonbetatik urrun. Semea musukatu ostean beltzez jantzitako emakumearen espresioa ezin da berehalakoan ahantzi. Auskalo berriro ikusi ahal izango duten elkar.

      Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian eragin zituen milaka iheslari eta errefuxiatuen artean haur asko zegoen. Betirako markatuak gelditu dira, eta egun aiton-amonak direnean ere, gerrako umeak izaten jarraitzen dute.

      Gerra ume haien gogoaren bidezidorretatik bidaiatzea proposatzen digu orain Kukai dantza taldeak, Tanttakarekin batera, Juan Mari Beltran musikariaren azken lana oinarri hartuta.

      “Egunkarian irakurri nuen elkarrizketa batek eman zidan ideia”, dio ikuskizunaren zuzendari Mireia Gabilondok, “Bertan Gerra garaian Bilbotik Errusiara eraman zuten gizon batek kontatzen zuen erbestean euskara galdu zuela, eta hona itzuli zenean ezin zituela gurasoak ulertu”.

      Tanttakak Beltranen “Arditurri” diskoarekin dantza ikuskizun bat egiteko gogoa zuen eta Jon Maya dantzari eta koreografoarekin harremanetan jarrita, hark beste sei lagunekin osatzen duen Kukai taldearen berri izan zuten. Mireia Gabilondori, gainera, euskal dantzarekin zerbait egiteko gogoa aspalditik datorkio: “Gaztetan ni neu dantzaria izan nintzen, Bergarako dantza taldean. Pauso eta teknika haiek beren ohiko lekutik atera eta zerbait kontatzeko gogoa nuen, duen hieratikotasunetik aldenduz”.

      Kontakizunak abiaburutzat egoera gogor bat duen arren, “1937” dantza ikuskizuna lan baikorra da, energiaz eta itxaropenez betetakoa. Izan ere, haurren ezaugarrietako bat horixe da: egoerarik krudelenak alaitasunez zipriztintzeko gaitasuna daukatela.

      Zuzendariak garbi zuen ikuskizunak berak baikorra izan behar zuela: “Hasieratik pentsatu nuen egoera krudel horretatik abiatu arren, pertsonaiek berehala irten behar zutela zulo horretatik. Bizitza bera ere horrelakoxea baita. Kolpeak ematen ditu, baina aurrera egiten du beti”. Beltranen musikak horretarako aukera eman zien.

 

      Dantza tradizionala oinarri

      Jon Mayari ere “Arditurri” diskoko musika oso baliagarri izan zitzaion koreografia sortzeko: “Oso dantzagarria da. Beraz, musikarekin eta Mireiaren gidoiarekin jada ikuskizunaren giroa iradokita zegoen, oso modu naturalean sortu nuen koreografia”.Funtsean euskal dantza tradizionalean oinarritutako koreografia osatu du Mayak, “azken batean horixe baita Kukai taldeko kideek ongien egiten dakitena”. Hala ere, aire berritzaileak ere nabari dira lan honetan, ikuskariari freskotasuna eskainiz.

      Eszenategi atzealdean dagoen pantaila erraldoi batek kokatze lanak egiten ditu ikuskizun osoan zehar. Bertan Euskadiko Filmategitik eskuratutako irudi errealak eta Kukai dantza taldeko kideek grabatutako fikziozko kontakizunak tartekatzen dira. Hala, zazpi protagonisten arteko harremanek, haserreek eta maitasunek bidaia hunkigarri honetan barrena gidatzen dute ikuslea. “Bideoaren laguntzaz dantza nolabait biluzik utzi nahi nuen, eszenategian beste elementurik jarri gabe”, dio zuzendariak. Mikel Laboa, “Basarri” eta Bitoriano Gandiagaren poemek indar handiz deskribatzen dituzte, gainera, zazpi protagonistek biziko dituzten egoera eta sentsazioak. Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maya, Ibon Uharte, Nerea Vesga, Vanesa Castaño eta Jon Mayak esperientzia handia dute jada taula gainean, eta urtetan elkarrekin aritu izana ere nabari da koreografia guztietan.

      Kukai dantza talde sortu berriko kideentzat Tanttakarekin batera jorratutako bide berria oso interesgarria izan da, eurentzat berria den mundu bat ezagutzeko aukera izan baitute, Mayaren iritziz: “Askoz ere zurrunagoak ziren espresio moduetara ohituta gaude gu, eta hortaz, hainbat sentimendu azaleratzea kostatu zaigu. Dena dela, lana oso modu naturalean egin dugu eta denbora izan dugu bakoitzak bere rolaz jabetzeko. Lan dibertigarria izan da”.

      Euskal Herriko hiriburu eta antzoki nagusietan luxuzko laguntza izango dute Kukai eta Tanttakakoek, Juan Mari Beltran eta bere musika taldeko kideak zuzenean ariko baitira “Arditurri” diskoko doinuak jotzen. Iñigo Monreal, Felipe Ugarte, Iñigo Lurgain, Aitor Gabilondo eta Miriam Atxaerandio izango dira zuzeneko saio horietan Beltranek alboan izango dituen musikariak.

      “1937. Gogoaren bidezidorretatik” dantza ikuskizuna Durangon ikusteko aukera izango da martxoaren 27an, eta apirilean ere Euskal Herrian zehar emanaldiak eskaintzea espero dute taldekideek

 

 

Jon Maya: “Euskal dantza noraezean dabil”

 

      Futbolerako baloia baino espartinak nahiago izan ditu txikitatik Jon Mayak. Errenteriako Ereintza dantza taldean eman zituen lehen urratsak eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Gipuzkoar erako Euskadiko Aurresku txapelketa bost aldiz irabazi du. Euskal dantzarekiko duen grinak hainbat ekimen berrietan parte hartzera bultzatu du. Laxok taldearekin, esaterako, dantza, bertsolaritza eta musika uztartzen zituen “Upeletan erronka” ikuskizuna atondu zuen. Egun, dantza irakaskuntza eta kazetaritza ditu ogibide.

      Dantza tradizionalean berrikuntza beharrezkoa al da?

      Lehenik eta behin gaur arte iritsi zaigun hori mantendu beharko genuke, nolabait aberastuz eta hornituz. Euskal dantza tradizionalak bizirik iraun badu zerbaitegatik izango da. Dantzari baten hezkuntzak tradiziozko dantza horri lotuta egon behar duela uste dut. Ondoren, oinarri horretatik abiatuta, pertsona bakoitzak bere ekarpenak egitea edo garaiko joera berriak aplikatzea oso aberasgarria da.

      Beste dantza estiloen eragina ere izango dute zure koreografiek...

      Egia da nik dantza klasikoa ere egin izan dudala, baina ez dut uste dantza klasikoak zuzenki isla duenik koreografietan. Egin eta ikusten duzun guztitik gelditzen dira gauzak: beste ikuskizunetatik, dantza taldeetatik, atzerriko dantzariengandik... Hori guztia zuregan gelditzen da eta nahi gabe ere atera egiten da.

      Dantzak egoera zaila bizi du gaur egun Euskal Herrian.

      Bai oso. Noraezean dabil. Dantza beti oso lotuta egon da dantza taldeen egoerarekin eta gaur egun taldeek emanaldiak egiteko oso aukera gutxi izaten dute. Emanaldiak baldintza oso kaxkarretan egin behar izaten dira maiz. Taldeek gustura jarraituko lukete jardun horretan, baina ez dituzte programatzen eta gero eta emanaldi gutxiago antolatzen da.

      Oro har euskal dantza tradizionalari buruz ere ez dakigu gehiegi.

      Dantzari buruz jendeari informazioa falta zaio eta askotan ikuspuntu okerra du honen inguruan. Denon erruz gertatzen da hori, guk ere gure buruari ospea kendu izan baitiogu. Gero jendearen mentalitatea aldatzea oso zaila da. Nik zalantza egoeran ikusten dut dantza, bakoitza bere kabuz ari da lanean. Falta dena da denen artean bide batzuk finkatzea, bai dantza mundukoek, bai ikusleek eta bai erakundeek ere.

      Zu dantza eskola bateko irakasle zara. Nola dago egoera?

      Dantza eskolena ere leku bakoitzean mundu bat da. Nire ustez hezkuntza da epe laburrean gehien lotu beharreko alderdietako bat. Gaur egun ez dago irakasleak hezteko planik ez eta ikasketa planik ere. Hori guztia ondo lotu beharko litzateke, baldin eta dantzaren etorkizuna bermatu nahi bada