Igorre Aretoa, 2017-03-10. Testua: Yasmina Reza. Zuzendaria: Begoņa Bilbao. Aktoreak: Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Tessa Andonegi, Mikel Laskurain.
Yasmina Reza idazle frantziarra garaiko antzerki idazlerik arrakastatsuenetakoa dugu. Oihartzun handiko bere obren artean, nabarmentzen da Txalok dakarkigun “Jainko basatia” hau (jatorriz “Le Dieu du Carnage”). Hamaika hizkuntzatara itzulia, munduko antzoki garrantzitsuenetan antzeztua eta are Hollywood-era eramana ere, obra honen ospea ez da oinarririk gabekoa, inondik ere.
Bere lanetan, Reza kapaza da egun antzerki burgesean estimatzen diren osagaiak taxuz betetzeko: egongelatan sortu eta ebazten diren gatazkak, zinematik gertu dagoen lengoaia dramatikoa, umore ukitu zorrotzak eta, batez ere, Australiatik Kanadara hedatzen den klase ertainari identifikatze erraza eskaintzen dioten istorioak. Baina horrez gain, Rezaren obrak kalitate nahiz sendotasun handikoak dira eta entretenimendu arinaz baino harantzago doaz.
Kasu honetan, autorearen gogoetak klase burgesaren oinarri ideologikoak jartzen ditu jomugan, hain zuzen ere. Ume batek beste bati eginiko eraso bortitzaren kariaz, gurasoak elkartu egiten dira arazoa zibilizatuki konpontzeko. Izan ere, neurritasuna eta biolentziaren ukazioa izan ohi dira gure klaseak bere burua definitzeko erabili dituen ezaugarri nagusiak. Ordea, bi bikote honen ahalegina sekulako porrota izango da, bakoitzaren miseriak eta hipokresiak era umoretsu batez azaleratzen direlarik.
Esan beharra dago bertsio euskaldun honek ederki baliatzen dituela testuaren dohainak, lau aktoreen trebetasun eta sen komiko handian bermatuta. Publiko zabalak goza dezakeen ikuskizuna dugu beraz, baina kalitate zein interesari muzin egiten ez diena.