Lekua: Donostiako Intxaurrondo kultur etxea eta Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 9.
Galiziako iLMaquinario konpainia gazteak El hombre almohada harrigarri harekin aurkeztu zuen bere burua 2015eko dFerian, eta aurten Resaca antzezlan dokumentalarekin etorri da. Egia esan, izendapen hori ez da guztiz egokia, antzerki poetikoa ere izan zitekeelako edo bizipenen antzerkia ere bai, kontuan izanda baliabide eszenikoen ugaritasuna eta taldekide guztien inplikazioa zer nolakoa den sortze prozesuan eta eszenan bertan.
Emanaldiaren fikzioa Alex izeneko neskaren heriotzaren inguruan egituratu da, haren omenezko agur kolektibo baten eran. Taldeko lau partaideek antzeztu duten katarsian rol zentrala hartu du musikak, hala abesti malenkoniatsu grabatuekin nola Vadim Yukhnevichek zuzenean jotako instrumentuen bidez, eta elementu asko konbinatu dira Tito Asorey eta Ana Carreiraren dramaturgian, ganoraz konbinatu ere. Haien artean nabarmenduko ditugu WhatsApp-en proiekzioak, gazte lokaletako bonbilla biluziak —eskertzen dut nire begiak itsutu ez izana— musika jotzeko tresneria guztia eta hondar multzo baten gainean jarri duten mahai berezia, haren tiraderetatik irten direlako lagun zenduaren argazkiak eta idazkiak.
Gainera, iraganeko bizipenen bidaia horretan garrantzi handia hartu du mahaiaren gainean eratu den maketak, hango etxe, errepide eta auto txikiak zuzenean proiektatu baitira korda bertikalez egindako gortina handian. Era horretan maisuki jarri dira performancea eta objektuen antzerkia teatro politikoaren zerbitzura, eta behin arlo horretan sartuta, ez dira makalak izan Fraga Iribarneren eta PPren kontura etorri diren aipamenak. Hala ere, kezkagarri egin zait gazte hauen iruditerian espainiar ikonoek duten pisua —gaztelaniazko aho-korapiloak, Lope de Vega, Goya...— horrek bi gauza esan nahi dituelako: beren herriak pairatzen duen akulturazioaz ez direla batere jabetu, edo hautu hori kontzientea izan dela, Espainiako zirkuituetan onartuak izatearren.
Jarraian ikusi dugun Soka antzezlanak Tanttaka faktoriaren kalitate-zigilua darama, eta Viktoria Eugenia antzokia muntaiaren ekoizle kidea izan da. Mikel Gurrearen testuak gimnastika orduan urkatuta agertzen den mutiko baten kasua abiapuntutzat hartu eta haren irakaslearen egoeran sakondu du, heriotza tragikoak ekarritako ondorio pertsonal eta kolektiboak agerian utziz.
Egitura zirkular handi batetik eskegi dira soinu-giro bikaina sortu duten bozgorailuak eta fokuak, eta erditik eskegita soka bertikal lodi batek presiditu du eszena. Fernando Bernuesen ohiko estilo soilean soka hori eta aulki beltz batzuk izan dira osagai eszeniko bakarrak, haren muntaietan ohikoak diren atzeko proiekzioekin batera. Harrigarriki, Mikel Gurrea bera dugu proiekzioen egilea, baina aurreko egunetan ikusitako batzuekin konparatuta, kalitate interesgarria eduki dute, beren itxura metalizatua dela medio. Gurrearen testuak ondo aztertzen ditu horrelako kasu batek dakartzan ondorio psikologiko eta sozialak, ikusleak kontzesio batzuk egin behar dituen arren thriller egoerari sinesgarritasuna emateko. Iņaki Rikartek, berriz, sinesgarritasun osoz jardun du, bere presentzia eszenikoari esker eta keinu-definizio bikainean bermatuta. Ordea, pena izan da euskaraz eman ez izana, gaztelaniazko ebakera ez delako erabat garbia izan. Izan ere, ingelesez eta frantsesez proiektatu dira itzulpenak, eta aitortu behar dut nik behintzat frantsesezko testuei esker ulertu ditudala esaldi bat baino gehiago.