Kultur Leioa, 2017-02-03. Ertza Konpainia. Zuzendaria: Asier Zabaleta. Dantzariak: Natalia de Miguel, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza, Maria Andrés eta Claudio Rojas. Testuak: Harkaitz Cano.
Antzokira joatea izan daiteke ohitura sozial bat, aisia betetzeko modua, entretenimendua bilatzeko bidea eta beste hainbat gauza, baina batzuetan, gutxitan agian, esperientzia ahaztezina izan daiteke. Horixe da “Hariak” lanaren kasua, Asier Zabaletaren azken sorkuntza.
Antzerki-dantza bezala aurkeztu izan du Zabaletak bere lana, seguruenez honek daukan dimentsio erreflexibo edo narratiboagatik. Izan ere, obra honetan bost bat istorio entzunarazten zaizkigu off ahotsez, obraren gai orokorra den panpinen eta harien metaforaren inguruan. Baina testuen egilea den Harkaitz Canok adierazi duen moduan, Zabaletaren koreografiek ez dute hitzen laguntzarik behar, edo bestela esanda, bere dantzak duen indarraren aldetik, hitz ederrenak ere txiki eta motz geratzen dira.
Jende tamaina duten panpinak eta dantzariak nahastuz, ikuskizunak momentu hunkigarri asko eskaintzen dizkio publikoari. Jorratzen den gaiaren proiekzio metaforikoekin jolasten da obra eszenaz eszena, zein baino zein ikusgarriagoa. Dantzariak panpina dantzarazten du, dantzariak dantzaria ondoren, eta hurrenez guztiak mugitzen dira elkarrekin musikaren erritmoaz, panpina eta pertsona bereizi ezin direlarik. Gorputz erritmikoaren poetika biluzik agertzen zaigu gorputzak borondaterik ez balute bezala mugitzen direnean: dantzaren lilura birdeskubritzen dugu, ospakizun atabiko hori estreinakoz ikusiko bagenu bezala.
“Hariak” maisu lana da eta erakusten digu Zabaletarengan berezkoa dela ikuskizun-sena; hots, eszenatik ikuslea emozioz mugiarazteko gaitasuna.