Egilea eta antzezlea: Miren Tirapu. Zuzendaritza: Maika Etxekopar. Eszenografia eta atrezzoa: Joxean Goia, Battitt Halsouet, Beheko Larraine. Argiak: Atx Teatroa. Kartela: Araiz Mesanza. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Eguna: Otsailak 2.
Kultur Leioak eta Artedramak antolatutako Maratila jardunaldietan ikusi dugu Atte hil aurretik izeneko antzezlana, Beheko Larraine konpainia jaio berriaren eskutik. Miren Tirapu dugu konpainiaren buru, eta lan honekin ZUbi egitasmoaren iazko irabazlea suertatu zen.
Tirapuk berak idatzitako testuak konplexutasun nabarmena dauka, hala gaien dimentsioagatik nola haien trataera dramatikoagatik. Baserri zaharrek gordetzen dituzten istorioak, helduaroan dagoen emakume bakarti baten sentipenak, belaunaldien arteko transmisioaren auzia, iraganean arakatzeak ekartzen digun zirrara... Haiek dira planteatu dizkigun kontu potoloak eta bera izan da haien guztien antzezle bakarra, Maika Etxekoparren zuzendaritzapean. Emanaldiaren ostean Etxekoparrek berak argitu digunez, Tirapuren jatorrizko testutik partitu dira biak, baina antzezlana gorpuzten joan ahala berridatzi ditu testuak egileak, eta elkarlan trinko horretatik sortu da oraingo emaitza.
Elementu gutxiko eremu esanguratsu batean agertu da Ane pertsonaia nagusia —zeren eta ez dugu antzezlea ia ikusi, berak gorpuztutako pertsonaiak baizik—, baina elementuen soiltasun hori efikazia handiz baliatu da eszenak girotzeko eta pasarte batzuetan iradokitze maila handia emateko, sei fokurekin eta bi argi txikirekin atondu den argiztapen eredugarriak lagunduta. Gogora ditzagun, adibidez, harakin aiztoekin emandako kolpeak edota haragi puska figuratuekin sortutako zanpantzar itxurako totem handia, joaldunen urruneko hotsak lagun. Nik esango nuke une batzuetako estetika zorretan dagoela Dejabukoen eta enparauen lanekin, baina horrek esan nahi du Errautsak, Poza, Gure bide galduak edo Publikoari gorroto bezalako lanekin eszenako Geure Lurralde Garaikidea jaio zela eta sortzaile berriak haren iturrietatik ari direla edaten. Etorriko dira gero beste batzuk dramaturgia berriak saltzen, egitasmo handien arrimuan eta Amerika deskubritu izan balute bezala!
Arestian esan dugunez, Tirapu bakarrik dago taula gainean, baina hiru pertsonaiari eman die bizitza: Maxus amonak hildakoen eremutik eragiten du gurean, Tomas zahar enigmatikoa prest dago heriotza onartzeko eta Ane protagonistak amonaren misterioa argitu beharko du. Txukun eraiki ditu hirurak, baina niri azken hori iruditu zait lortuena, guztien erdigunea izateagatik eta hartu dituen ñabardura ugariengatik. Antza denez, Leitzako eran hitz egin dute pertsonaia guztiek, eta horrek zertxobait zaildu digu testua hitzez hitz jasotzea, baina lerrook ez dira euskalkien eztabaidarako lekua, eta nik nahiago dut lan honen txukuntasunarekin eta antzezlearen entrega militantearekin geratu.