Bost urteko prozesuaren ostean bueltan da Antzerkiola Imaginarioa formatu handiko bosgarren lanarekin. Babiloniako loreak du izenburu Ander Lipusen senari jarraiki Jon Gerediagak idatzi eta Antzerkiola Imaginarioak talde sormenaren bidez egindako lanak.
Urriaren 9an Zornotza aretoan Babiloniako loreak sortzeko bost urteko prozesua oholtzako kantu bilakatuko da, azken hilabeteetan estreinatuko den aretoan bertan eta Luhusoko Harri Xuria gunean lanean buru-belarri ibili ostean. Bost urteko prozesua izan da zeinean ideia garatu, landu eta osatzeaz gain Antzerkiola Imaginarioak talde egiturari dagokionez aldaketak ezagutu dituen: utopiaren bidean nolabait bizitzetik krisialdira pasa da eta hortik berriz loratze une batera. Antzezlan berri hau, nolanahi ere, ez da itzulera, ez direlako inoiz joan. Babiloniako loreakekin urratsak eman bitartean bakoitzak bere aldetik jarraitu du lanean, eta zirrikitua zabalik laga dute, sormenarena batzuetan gehiegi atzeratzen den udaberria dela jakinik.
“Nire amona tristeziaz hil da”, kontundentziaz laburtzen du Ander Lipusek Babiloniako loreak lan berriaren hatsa. Kontundentziaz eta grina islatzen ohi duen ukabila bihotz bilakaturik. Babiloniako loreak bezala Ander Lipusek zuzendu zuen Antzerkiola Imaginarioaren aurreko lana, Au revoir triunfadoreak!, baina oholtzara igo gabe. Hasteko eta behin bazuen aktore gisa berriz ere lan egiteko gogoa: “Uste dut aktore edo komediante batek bere bizitzan bospasei pertsonaia egin ahal dituela ederrak, ez gehiago. Japoniako No teatroan adibidez sailkatuak daude pertsonaia horiek. Niri iruditu zitzaidan Yuri Sam bezalako pertsonaia indartsu bat eta gero oso une egokia eta interesgarria zela amona bat egiteko, barruko ikerketa eta superazio moduan”. Lanean hasteko orduan gertura begiratu eta bere amonarekin egin zuen topo ezinbestean. “Madrilen nengoela nire amona ohean sartu zen eta sei urte egin zituen hor hil arte. Diagnostikoan medikuek ez zekiten zer jarri, baina nik amari askotan esan nion amama tristeziaz hil zela. Hori da Babiloniako loreaken kontatzen dena, ez gehiago eta ez gutxiago”.
Antzerkiolaren ibilbidean funtsezkoa izan da Lipus eta Jon Gerediaga idazlearen arteko harreman berezia, talde lanean ostera garatuko diren proposamenei hastapeneko hitzaren forma ematean. Kasu honetan ere bat egin zuten bien bulkadek. Lipusek amonaren irudia eman zion Gerediagari, eta hark Jainkoa harrapatzeko tranpa bere bigarren liburuan suma daitekeen giroan murgildu zuen. “Jonek lan berri hau egiteko prest zegoela esan zidan, baina aldarte berri bat eraiki behar genuela nabarmenduz: Au revoir triunfadoreak!-en desenkantuarekin bukatu eta gero oraingoan mirari bat beharko genuen”. Une horretan hartu zuen protagonismo berezia Beste kantu bat nahiz eta Auschwitz poemak. Gerediagaren beraren hitzak hartuta “Theodor Adornok esan zuen ezin zela poesiarik idatzi Auschwitz ostean. Agian egia izango da. Akaso labe makabro haien biktimentzat soilik izan liteke zilegi poesia idaztea. Hildakoek soilik hitz egin dezakete hildakoez. Gu ez ginen Auschwitzen izan”. Agian horregatik antzezlan honetan, kontatzen duenaren xumetasunean osoki, bi munduk egiten dute talka: desagertzear dena batetik, eta hari so gogoeta egiten duena bestetik. “Posible da gaur egun poesia idaztea. Zilegi da. Gu ere gure biktimak garelako. Gure handinahikeriaren, gure amets utopikoen biktimak”. Rilkeren Orfeoren sonetoak lana gogoan hartuta kantuaren bidez etor liteke salbazioa. Lipusen ustez “ideia hori amonaren irudiari lotzean konturatu nintzen has gintezkeela dramaturgia bat eraikitzen”.
Arketipoak
Hegoa izeneko pertsonaiak kontzertua eman behar du. Kontzertua baino lehen, bere amama Inesi azken agurra eman behar izan dio. Nahitaez, amamaren azken egunak etortzen zaizkio burura eta ikusleari berak imajinatzen eta oroitzen duena kontatzen dio. Amorruz, pozez, tristeziaz, maitasunez… eta guztia kantu bihurtzen du.
Miren Gaztañagak jokatuko du Hegoaren rola eta Lipusek Inesena, baina ez dira bakarrik egongo. Lipusek dioenez “pertsonaiekin gure herriko hainbat errealitate, izaki edo ikuspegi abiapuntutzat hartu, arketipo bihurtu eta errealitate sinboliko batera eraman ditugu”. Kontatzen diren egoerak eta pertsonaiak errealak dira beraz, baina muturrera jo dute haiekin. “Hegoak mikroarekin hitz egiten du eta horrek puntu garaikidea ematen dio. Besteak dira teatroaren munduan daudenak, fantasmak, bere txotxongiloak izango balira bezala”. Teatro kostunbristan agertzen diren pertsonaiak izan litezke adibidez medikua, apaiza eta politikaria. Alex Gerediagak jokatzen ditu hiru arketipo horiek, bakoitzaren itzala aurpegi berarekin luzatuz. Mirian K. Martxantek herriko enterradorea eta amaieran gakoa izango den zamaltzain beltzaren rolak jokatzen ditu. Espe Lopezen esku dago Nikosiaren rola, Ines zaintzen duen mirabe erdaldunarena.
Izatez pertsonaia ez den arren, amonaren gelak ere protagonismo berezia izango du, eta harekin bere oheak. Lipusek oroitzen du bere amona hiltzean haren gelak inpresionatu zuela gehien: “Lur eman eta gero sarritan joaten nintzen hara, zirrara, hotzikara, melankolia, barregura… denetarik ematen zidan. Inpresionatzen ninduen nire amonak ez zuela deus utzi: gurutzea eta argazki batzuk, armairua haren arropekin eta kanfor usaina. Ni orain joaten banaiz uzten ditut ordenagailua, altzariak, telebista, kotxea, antzerki taldea… Horretan datza obraren konfliktorik handiena eta gauzarik ederrena niretzat, eta horrela sortu zen Hegoa pertsonaia”.
Lipusek aipatzen duenez Babiloniako Loreak nolabaiteko anti-pastorala litzateke. “Pastoraletan beti sekulako heroien bizitzak kontatzen dira, bi mila jende joaten da ikustera eta gertakari handia da. Antzerki obra hau ikustera agian ez da jende asko joango, baina nire amonaren ehorzketara ere ez zen jende asko joan. Niretzat orain oso inportantea da alde xume hori kontatzea, gure mundu imaginarioa eta gure txikitasun hori transmititzea, baina poetika izugarri batekin”.
Talde sorkuntza
Lerro hauetan aktoreen izenak aletu ditugun arren, luzea da arlo teknikoagoetan beren sormena txertatu duen jendearen zerrenda. Lipusek aitortzen duenez dena da hartu-emana: “Beti egin behar da esfortzu bat, horregatik da Antzerkiola Imaginarioaren dramaturgia bat, ez da nirea, denok sufritzen dugu pila bat prozesuan gauzak utzi behar ditugulako. Eszenografia iristen zaizu eta aurretik zeneukan ideia apurtzen da. Taldekideen arteko elkarrizketa da dena, eta nik uste dut sorkuntzaren mailarik ederrenak hor hartzen direla, baina era berean norbera bere ofizioarekin kontent geldituta”.
Lipus beraren lanean badu itzalik funts horrek, izan ere, aktore eta era berean zuzendari izanik ezin baitu leku denetan egon. Babiloniako loreaken prozesuan Urko Redondo eta Ainara Gurrutxagak bete dute zuzendari laguntzailearen lana. “Pazientzia handia dute, eta sekulako errespetua gure lanarekiko. Hori asko da, oso zaila da elkar ulertzen duzun jendearekin topo egitea. Nik laguntza hori behar nuen. Yuri Sam ere nik zuzendu nuen eta ez neukan laguntzarik, baina errazagoa egiten zitzaidan hiru ginelako taula gainean, eta hasiera batean bakarrizketa bezala zegoelako irudikatua. Oraingo honetan konplikatuagoa iruditzen zitzaidan, aktore gehiago garelako”.
Lipusek zuzendariaren kanpoko begirada aktore lanekin tartekatzen du, Gurrutxaga eta Redondoren laguntzarekin, batzuetan haiei eskatuz bere rola betetzeko. Horren ondorioz bizi-biziak izango dira estreinaldiaren aurreko egunak, amonaren rola guztiz osatze aldera. “Azken egunak aktoreak zuzentzen eman ditut, eta orain nik ez dudan interpretazio maila batean daude”.
Azken txangoan Lipusek urteotan barneratu duen material humano eta fisikoa azaleratu beharko du, egokitze fisikoaz gain barne bidaia itzela dakarrena. “Denbora asko eman dut etxeko pasilloan nire amonarekin ibiltzen; hogei mila erritual txiki egin ditut, beraren objektuak, beraren argazkiak, beraren arropa daukat hor, askotan jantzi dut. Baina transformazio erradikalena azken unean emango dut. Uda osoa pasa dut mundu femenino horretan sartzen. Nire kezkarik handiena da jendeak ahots femenino bat entzutea”.
Opari bat
Lerro hauek ezin dute eskaini esperientziaz eta ikerketaz beteriko sormen prozesu horren isla bat baino. Dena dela, bada poesiaz kargaturiko abentura honetan funtsezkoa den hitz bat: Lipusek sarritan aipatzen duen “oparia”. “Uste dut oso inportantea dela gurea ofrenda lan bat izatea, horretan asko sinesten dut. Bertsolariekin nabilenean adin guztietako jendea dator, eta nik egun txarra izanik ere oparitu egiten diet barre egitea. Saiatzen naiz ofrenda bat egiten, nire zentzu kritikoa inoiz ahaztu gabe. Azken batean gu pailazook, edo bufoiok, edo komedianteok, badakigu nola dagoen egoera, jende gutxiri iristen zaiola hori”. Jon Gerediagaren lana ere opari moduan definitzen du, Babiloniako loreak lanaren amaiera gogoan hartuta batez ere. Hemen ez dugu soberako pistarik emango, baina… “Poetaren hitza bat-batean opari bihurtzen da, batez ere bukaera poetikoarekin. Gure aurreko obra guztiak oso era itxian bukatu dira, eta oraingoan irekiera moduko bat dago”. Eta opari bat azkenik, gerra eta beste hainbeste gauza bizi izan dituztenei. “Nire amonari eta azken finean Euskal Herriko amona guztiei. Pentsatzearekin bakarrik hotzikara sortzen zait, sentitzen dut bera etorri eta bi muxu emango dizkidala…”. Eta oparia, funtsean, publikoarentzat ere.
Antzerkiolaren itzulera
Orain bost urte Antzerkiola Imaginarioa taldeak krisian zegoela zabaldu zuen, eta bere proiektu gehienak izoztuak gelditu ziren: formatu handi zein txikiko ekoizpenak, Ritos ekimen antropologikoa, ikerketa eta formazioa xede zuten teatro egonaldiak… Izan zuten oihartzunik krisiaren harira taldekideek egindako gogoetek, etsipen puntu batekin agian: bizi dugun egoera kulturalean zirrikitu propio batean lan egiten saiatu ziren, merkatuarekin elkar bizi arren ibilbide propioa osatuz… eta utopia iraultzarik gabeko gorritasunean amildu ziren.
Lipusek dioenez, hamar urte pasa eta gero orain etapa berri bati ekin diote. “Argi eta garbi daukat hori, batez ere barne estrukturari dagokionez. Hasieran ni hasi nintzen, gero elkarte izan ginen, gero kooperatiba sortu genuen eta bagenituen gure utopia piratak eta abar, hori ere erori zen arte”. Antzerkiola Imaginarioa hastapenetik enpresa hutsa baino zer edo zer gehiago izan delako itzuli dira agian.
“Kostatu zitzaigun, baina errealitate hori onartzen denean beste lasaitasun eta bizipoz batekin egiten duzu lan. Diru asko gastatu dugu obra honekin eta hori ezin da urtero egin, horrek ez dauka luzez irauterik. Egon zen garai bat, zeinean bukatu genuen talde profesionalak bezala urtero-urtero boloak eta subentzioak bilatzen… Orain espero dugu gurea den obra bat egitea eta iristea iristen den lekura, eta kito. Ez daukagu inongo pretentsiorik eta gure herriko kulturgintzaren eta teatroaren egoeraren erretratu zintzo bat ematen dugula uste dut. Ekoizpenak egingo ditugu talde moduan, baina ez dago lekurik antzerki talde guztiek subentzioak lortzeko, fartsa bat iruditzen zait honek guztiak nola funtzionatzen duen”.
Lasaitasun horren adibide izan liteke halaber hizkuntza aldetik Babiloniako loreak lanarekin egin duten hautua: pertsonaia bakoitzak errealitatean egingo lukeen moduan hitz egiten du: Inesek Markinako euskaraz, Nikosiak erdaraz… “Jende batzuek edo programatzaile batzuek esango dute ez dela euskaraz, kanpora joan eta ez dela gazteleraz esango dute besteek… Antzezlanean kalean bizi dugun errealitatearekin jokatu dut, eta uste dut obran naturaltasun osoz ematen dela hizkuntzen arteko joko hori”. Barneko ahotsaren beharrei erantzuten dieten lanak dira Antzerkiolarenak, artisautzazkoak esan lezake inork, eta Lipusek berak ikusten du aldea aktore gisa egin ohi dituen beste proiektuekin. “Saiatzen gara koherenteak izaten bizi dugun momentuarekin. Beti sentitu dut Antzerkiolarekin egiten ditugun lanak nolabait sakratuak direla, oso pertsonalak, barrukoak eta sinzeroak”.