Konpainia: ika. b>Egileak: rantxa Iturbe, Agurtzane Intxaurraga. b>Zuzendaria: gurtzane Intxaurraga. b>Musika: abier Muguruza. b>Antzezleak: ose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza, Jabier Muguruza. b>Lekua: urangoko San Agustin aretoa. b>Eguna: rriak 15./p>
Ahanzturaren bidaian geltokirik geltoki doa aita zaharra, eta harekin batera semea, halabeharrez. Izan ere, amari promes egin zion hura hil eta gero aita bere gain hartuko zuela. Aita, gainera, burua galtzen doa apurka-apurka, eta horrek zeharo zailduko du semearen bizimodua.
Ikusten denez, gai serio batetik abiatzen da Aitarekin bidaian antzezlana, eta egileek interesa gehitu diote, aita-semeen iraganean arakatuz, eta bakoitzak bere aldetik izandako bizipenak gogora ekarriz. Xedea horrelakoa izanik, kontakizuna ez da lineala izan, gogoeten araberakoa baizik, eta bitartean aurrera joan dira aitaren buru galtzea eta elkarbizitzaren hondamena.
Kontakizunaren ildo biak bateragarri egiteko -aitaren hondoratze etengabea eta orainalditik iraganera egindako jauziak-, dramaturgia landua baliatu du zuzendariak, argumentua bospasei eszenatan banatuz eta haietariko bakoitzean protagonisten bizitzetako atal garrantzitsu bat aurkeztuz. Noizean behin, aita zaharraren xelebrekeriak oztopo izango dira narrazioaren bidean, baina azken finean, benetako bizitza ere ez da lineala, eta era horretan egoerak askoz naturalagoak izan dira.
Esandako guztia portu onera eroateko hiru baliabide izan dira nagusi Hika taldearen eszenaratzean: eremu eszeniko soil eta malgua, Jabier Muguruzak zuzenean jotako musika eta Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolazaren antzezpenak. Arestian esan bezala, soiltasunera jo dute eremu eszenikoaren eraketan, eta dramaturgiarako beharrezkoak ziren elementuak baino ez dira egon taula gainean. Gainera, oso polita iruditu zait aktoreek beraiek guztia atondu izana, emanaldia hasi aurretik eta eszenen arteko etenaldi laburretan.
Dudarik gabe, Muguruzaren akordeoia da muntaia honen balio nagusietako bat iraganeko gorabeherak girotzerakoan, eta musika jotzeaz gain, bere rolerako diseinaturiko jarrerek eta hitzek ikusleon isla iluna bihurtu dute bere pertsonaia. Soroiz eta Apaolaza, berriz, beren bertute guztiak erakutsi dituzte emanaldi guztian: lehenak erraztasun harrigarria erakutsi du iraganean burutik sano egotetik orainaldira eta zahartuta egotera egin dituen jauzi ugarietan, eta Apaolaza bere antzerki ibilbideko pertsonaiarik helduenean ikusi dugu, aspaldiko komikotasun ezagunetik guztiz aldenduta. Bien artean, gainera, taula gaineko mirari bat egin dute: beren bizitzetatik joanak diren Juan eta Maiteren pertsonaiei sinesgarritasuna eta dentsitatea ematearena alegia.