XXI. mendeko euskaldunaren larrua du Hamletek
Myriam Garzia
Argia, 2013-11-03

      Historiako lehen existentzialista, lehen heroi koldarra, poeta, eroa... Ispilu ugari du Shakespearek XVII. mende hasieran sortutako Hamlet antzezlanak. Sarrien taularatu den istorioa, antzeztokietan ez ezik, baita zineman ere, zaila da hainbeste irakurketa ezberdin izandako beste antzezlanik aurkitzea. Klasiko hau aukeratu dute Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Theatre du Pain taldeek euren hurrengo proiekturako. Luhuson (Lapurdi) estreinatuko dute datorren azaroaren 1ean.

      Carlos Gil Artez aldizkariko zuzendari eta antzerki kritikariak mugarritzat jo du Hamlet euskarara egokitu izana. Ramon Labaienen hitzak ditu gogoan kritikariak; 80ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzako lehen kultura kontseilari izandakoak euskarazko telebista, Euskadiko orkestra sinfonikoaren sorrera eta Hamlet gureratzea euskararen eta euskal kulturaren egonkortasunaren seinale izango zirela uste baitzuen.

      Xabier Mendigurenek idatzi du euskarazko egokitzapena, zeinaren arabera Hamlet XXI mendeko euskalduna den. Milaka ispilu eta esanahi dituen pertsonaiari beste irakurketa berri bat egin dio, beraz. Ximun Fuchsen esku geratu da antzezlanaren zuzendaritza eta taula gainean Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo izango dira. Musika Asier Ituarterena eta koreografia Philippe Ducourena dira.

      Aipagarria da bestalde, Ipar Euskal Herriko hainbat elkarte eta kultur areto bildu dituztela proiektuaren inguruan, besteak beste, Euskal Kultur Erakundea, Hameka, Ote Lore, Ttattola Hazparneko gaztetxea, Eihartze Kultur Etxea, Hendaiako eta Bidarteko udalak, Biarritz Culture, Nafarroa Behereko Herri antzokia eta Kilika Azkaingo Gaztetxea.

 

      Pertsonaia enigmatikoa

      Hiru taldeen aurreko elkarlanak, Errautsak obrak, harrera ona izan zuen, eta Donostia Hiria antzerki saria ere jaso zuen. Lan talde bera bildu da oraingoan. “Errautsak sortu ondoren, argi zen elkarrekin lan egiten segitu behar genuela” dio Ximun Fuchsek, Hamlet antzezlanaren zuzendari eta Le Petit Theatre du Pain taldeko kideak. “Argi zen halaber, ez genuela Errautsak 2 egin behar. Gaiak aipatzerakoan, Hamlet fite aipatu zen elkarrizketan”.

      Klasiko bat, aintzinako mitoa dugu Danimarkako Printzea, teatro serioa. Mugarritzat har daiteke gaur egungo euskal antzerkigintzarako, baina Fuchs ez dago ados: “Hamlet aipatzerakoan beti argitasuna eta arintasuna hitzak etorri dira. Bai, enigma bat da: zergatik ez da ekintzara pasatzen Hamlet? Zer da justizia, zerk eragiten du ekintza eta pentsaera, beldurrak, hitzak, mendekuak, halabeharrak? Baina ez da mugarri bat, orain arte egindakoaren segida bat baizik. Eta espero dut beste Hamlet asko proposatuko direla euskaraz, eta normaltzat joko dela”.

      Mendigurenek Euskal Herrian eta XXI. mendean kokatu du antzezlana. Anbizioa, mendekua, eromena, kospirazioa... Horrek denak badu tokirik gurean? “Hori da pausatzen dugun galdera, hortan da hauzia. Mila teoria izan dira Hamleten inguruan: Hamlet lehen protestanta izan dela, judua zela, homosexuala, emakumea, komunista... Gurea, berriz, hau da: Hamlet gaur egungo euskaldun bat da. Gero, publikoari dagokio testuaren oihartzunak preziatzea”, zehaztu du Fuchsek.

      XVI. eta XVII. mendeen artean idatzi zuen Shakespearek tragedia, Ingalaterrak kulturalki urte loriatsuak bizi zituelarik. Jatorrizko antzezlanak hizkuntza aberatsa erabiltzen du, Danimarkako gorteetako pertsonaiak baitira gehienak. Poetikotasuna oso presente dago Hamleten bakarrizketetan. Xabier Mendigurenen egokitzapenak aurre egin behar izan dio jatorrizko testu koplexu horri. Fuchsen hitzetan “Shakespeareren moldean egin du lan Mendigurenek, hots, aktoreekin. Bere proposamen guziak oholtzatik pasa dira, eta hizkuntza aktoreekin findu da. Lan handia egin du jatorrizko poesia eta gaur egungo hizkuntzaren artean oreka mantentzeko”.

      Hala ere, zaila izan da jatorrizko testuari fidel jarraitzea, Shakespeareren jatorrizko antzezlanak sei atal baititu eta luzea baita. “Hautuetan izan dugu erronka, erran nahi baita, ez dugula muntatu sei oreneko antzezlan bat, ordu eta erdikoa baizik. Hari narratiboa berrantolatu da eszenatokian, ekintzaren eta batik bat gaien arabera”.

      Espazio hutsa eta argitsua aukeratu du zuzendariak. “Espazioa utzi nahi nien aktoreei, ezeren oztoporik gabe. Horrek jokoaren beharra sortzen du, haurrek bizi duten moduan. Antzerkia ez da iluna, gogorra noiztenka bai, eta tristea ere izan daiteke, baina ez iluna. Espero dut tragedia honetatik plazera eta bizipoza ateratzea tragedia honetatik. Horretan aritu gara aktoreekin, haurtasuna bermatzen une orotan”.

 

      Poeta ala eroa?

      Ander Lipus dugu XXI. mendeko haragizko Hamlet euskalduna. Zaila zaio aktoreari, obra hau definitzea, “baina egia da, euskal antzerkigintzaren behar jakin batzuei erantzuten diegula, esaterako klasikoen egokitzapenari”.

      Jatorrizko antzezlana eta egokitzapena izan dituzte aktoreek, biekin egin dute lan. “Zazpi aktore gara eszenan eta bakoitzak baditu hainbat pertsonaia antzezteko” dio Lipusek. “Hala ere, ez dira Shakespearen obran agertzen diren pertsonaia guztiak agertzen. Jatorrizkoarekin konparatuz, esango nuke dramaturgia apurtzailea izango dela”.

      Hamleten bakarrizketei aurre egiteko erronka nola hartu duen galdetu diogu Lipusi, eta hauxe erantzun digu: “Testu bati aurre egiten diozunean, beti da erronka. Hitz horiek zureganatzea da helburua, eta ondoren publikoari transmititzea. Niretzat, obra bakoitzak bere garrantzia, bere dimentsioa du, izan Hamlet edo Peru Abarka. Pertsonaiaren hitz horiekin nola dantzatzen duzun da gakoa, eta batez ere, nola transmititzen duzun. Gure zuzendariak esango lukeen bezala, publikoari galderak pausatzera gatoz, Euskal Herrian bizi ditugun egoera bortitz jakin batzuen aurrean zer egin galdetzera.

      Historian hainbat Hamlet egon dira. Erreferentzia horiek ez ditu gogoan izan Lipusek: “Nork bere azalean tatuatuta daramatzagun bizipenak dira erreferentziarik hoberenak, benetazkoenak”.

 

Ander Lipus:
“Gauzak ondo egiten saiatu gara gu”

 

      Nola hartu zenuen Hamleten egokitzapena egiteko lana? Nondik hasi zara?

      Ez da berez proiektu pertsonal bat izan. Publikoari gorroto obraren lanketan zehar, Fuchs, Lipus eta gainerakoekin lanean jarraitzeko gogoa sortu zen; zenbait bilera izan genituen gero, zer egin erabakitzeko, eta hauxe adostu genuen azkenean.

      Posible da Hamlet Euskal Herrian eta XXI mendean kokatzea?

      Bai. Zuk diozun bezala, gaur eta hemen, Euskal Herrian eta XXI. mendean, gure arazo guztiekin. Jatorrizko istoriotik zer dagoen eta zer ez jakiteko, ikustera etorri behar.

      Hainbat ispilu izan ditu Hamlet pertsonaiak historian barrena. Nolakoa da Hamlet Xabier Mendigurenen begietatik ikusita? Poeta? Eroa? Koldarra?

      Alderdi asko dituen pertsonaia da Hamlet, dudarik gabe. Eta, horrez gain, guztiok gara neurri batean Hamlet, edo guztiongan bizi da Hamlet txiki bat. Ikuspegi hori ere azaltzen du obra honek.

      Jatorrizko antzezlanean hizkera gortesaua erabiltzen du Shakespearek, korteetako pertsonaiak dira gehienak, hizkuntza kultua erabiltzen dute. Zein baliabide erabili duzu testuan?

      Erregistro ezberdinak erabili ditugu: palazioan palaziokoa, eta kalean kalekoa.

      Hamlet bezalako antzezlan bati aurre egitea mugarria al da euskal antzerkigintzarako?

      “Mugarri” hitz potolo samarra da; gauzak ondo egiten saiatu gara gu, publikoari lan mamitsu bat eskaintzen, estetikaz eta edukiz zer pentsatua emango diona, eta horretan jarraitu nahi genuke aurrerantzean ere, euskal teatroa aberasten.