Hamlet gaurko erara
Agus Perez
Berria, 2013-11-05
“Hamlet”

Idazlea: William Shakespeare. Adaptazioa: Xabier Mendiguren. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Aktoreak: Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu, Urko Redondo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 3.

      Luhuson estreinatu ostean eta Azpeitiko Antzerki Jardunaldietatik igarota, Bilboko Arriaga antzokira etorri da Hamlet-en lehendabiziko eszenaratze euskalduna. Erronka handia zen, inondik inora, baina aretoa ondo bete da eta astebetean bigarrenez frogatu da —aurrekoa Gabrielen lekua izan zen— Bilbon badela ikusleria nahikoa euskaraz eta kalitateaz Arriaga betetzeko.

      Errautsak mitiko hartan bezala, hiru konpainia berritzaile —Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain— arduratu dira ekoizpenaz, elkarlanean eta orduan hasitako bide emankorrari jarraipena emanez. Baina, orduan ez bezala, klasiko nagusi batean oinarritu dira orain, eta Xabier Mendiguren arduratu da testua moldatzeaz, antzezleekin izandako kolaborazio estuan, suposatzekoa denez.

      Hala ere, Danimarkako printzearen gorabeherak Euskal Herrira eta XXI. mendera ekartzean askatasun erabatekoa baliatu dute talde sortzaileko kideek, eta ikusleak ez du espero behar XVII. mendeko testuaren transkripzio literalik, are gutxiago arestian aipaturiko lanen ezaugarriak ikusita. Bide horretatik, jatorrizko pasarte batzuen artean beste gauza asko gertatu dira emanaldian zehar eta, oso zentzu zabalean hartuta, ulertu ahal dugu Hamleten garaiak ere nahasiak izan zirela. Hortaz, garai haien moduko anabasa batean murgildu gaituzte antzezlaneko pertsonaiek, gaurko gizartearen kontuak ikuspegi dramatikotik agerraraziz eta gizaki apalen arazoak umore finarekin zipriztinduz.

      Ximun Fuchsen dramaturgia konplexuan indar handikoak izan dira arketipoak, eta aktore guztiek gaitasun handiz gorpuztu dituzte egokitu zaizkien rolak, baina protagonismo hutsaletik irmo ihes eginez, eta alde horretatik eredugarritzat jo dezakegu To be or not to be bakarrizketari emandako tratamendu integratua. Era berean, laguntza handikoak izan dira argiztapen apal baina sormentsua eta antzezleen bat-bateko karakterizazioa, ekintza laburren segida dinamikoa gauzatzerakoan.

      Bestetik, hainbat plano kontrajarritan garatu dira eszenak —oraina eta iragana, gertakariak eta hedabideen bertsioa, errealitatea eta irudimena— jatorrizko obrarekin beste paralelismo bat ezarriz. Une batean, esate baterako, zuriz jantzita eta ezpata eskuan zuela agertu zaigu Ofelia, oraingo aita gaixoarekin hitz eginez, eta azken pasartean kontraste esanguratsua sortu dute irrati bateko solaskideen ahotsek eta Tadeusz Kantorren estiloko antzezleek, trapuzko pertsonaien amaiera tragikoa gauzatzen zen bitartean.