Martxoaren 12an estreinatu zuen Tartean Teatroa taldeak Pankreas antzezlana, Bilboko Arriaga antzokian. Euskal antzerkigintzaren hiru totem, Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Joseba Apaolaza, bildu dira Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Patxo Telleriak bertsoz idatzitako antzezlana da, umorea eta tragedia hein berean dituena. Hitz neurtuok ñabardura eta espresiobide berriak ematen dizkiote hiru lagunen arteko afari “hilkorra” oinarri duen antzezlanari.
Pozik daude Tartean Teatroko kideak, Lingua Nabajorum antzezlanak Donostia Saria irabazi du eta.
Hiru lagunen arteko afaria kontatzen du istorio honek. Lehenak pankrea transplantzeko premia larria dauka. Bigarrenak suizidatzeko asmoa dauka hemendik urtebetera, herentzian jaso duen Alzheimerra saihesteko. Hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankrea emateko. Hemendik aurrera ezustekoek, tragediak eta umoreak bat egingo dute.
“Gaur egungo istorio bat da” azaldu digu Patxo Telleriak. “Lehenengo istorioa sortu zen, eta gero bertsoz idazteko ideia etorri zen. Aspaldiko asmoa zen, neure buruari galdetzen bainion zergatik ez zen bertsoz idatzitako antzerkirik euskaraz; izan ere, bai baitago gure inguruko hizkuntzetan”. Espainiako Urrezko Mendea, Ingalaterrako antzerki isabeldarra edota Frantziako Barrokoan antzerkia bertsoz egiten zelarik, Euskal Herrian modu horretan idatzitako antzezlan bakarra dago, XVIII. mendeko Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna. “Garaiotan apenas zegoen euskarazko antzerkirik. Ikusleriak ez du inoiz euskaraz hitz neurtuz eta errimaz idatzitako antzezlanik ikusteko aukera izan”.
Bertsoz idatzi du Patxo Telleriak testua, baina horrek, astuna izatetik urrun, nabardura eta espresioa eman dio antzezlanari, tragediari dagokionean honen indarra areagotuz, eta umoreari dagokionean irri urduriak eraginez, herioa ez baitzen txantxetan hartzekoa, Tartean Teatroko lagunak heldu arte. Umore kutsuko lana bada ere, antzezlanak aurrera egin ahala, honen kutsu tragikoa nabariagoa izango da. “Istorioaz ohartzen bazara, benetako drama da. Abiapuntua drama da eta drama uneak badaude ezinbestean. Heriotzari buruz ari gara, fribolitatean erori gabe. Baina egoerak ere badauka bere umorea. Istorioa giro eta ustekabez beteta dago” azaldu digu Tartean Teatroko kideak.
Pankreas antzezlanak “ez dauka zerikusik bertsolaritzarekin, ez baita bertso abestua” dio Patxok. “Naturaltasunez hitz egiten saiatu gara. Bertsoaren tempoa ikasi eta gero desikasi egin dugu horretarako. Bertsoari artifizialtasun hori kentzeko, ez dadila geratu errezitazio baten antzera. Horrela gertatuz gero, aspergarria suertatuko litzateke, eta publikoa antzezlanetik deskonektatuko luke. Gure helburua da, hasiera batean publikoa harrituko bada ere, une batean ahaztea bertsoz hitz egiten ari garela”.
Hitz neurtuak izaera berezia ematen dio antzezlanari, hitz neurtu honen baitan antzerki gehiago aurkituko balute bezala, eta hari ikusezin bati jarraituz ibiliko dira antzezleak. “Bertsoa artifizio bat da, tresna estetiko bat. Ondo erabilita, eta batez ere, ondo esanda badago, gehigarri estetiko bat da, testuari dotorezia ematen dio, gainbalioa”. Publikoari ez zaio alde horretatik arreta berezirik eskatzen, Patxo Telleriak dioenez, “ez behintzat, beste edozein antzezlanek eskatzen duena baino gehiago. Gure asmoa publikoarengana erraz iristea da. Ez da nekosoa, istorioa jarraitzea erosoa izatea nahiko genuke”.