Interpreteak: Mikel Martinez eta Patxo Telleria. Zuzendaria: Jokin Oregi. Ekoizpena: Tartean Teatroa. Eguna eta lekua: Victoria Eugenia antzokia (Donostia), 2014-03-27.
Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak 2014ko Donostia antzerki saria jaso zuten herenegun Victoria Eugenia antzokian beren euskararen historia “txoroari” esker: “Lingua Nabajorum”. Eta bertan egon ginenok lan sarituarekin teatroaren eguna ospatzeko aukera izan genuen. Galaren aurkezleek antzezlana izango zenaren aurrerapen ederra eskaini ziguten: hitz jokoak, euskara eta euskaldunon gaineko hausnarketa azidoak, eta umorea, umorea borborka.
Mitxelena berpiztuko balitz, harrituta geratuko litzateke bikote bihurri honek euskararen jatorria ezagutzeko proposatzen dituen ikerketa ildo berriekin, hala nola hitz hurrenkeraren eragina baskoien gudetan edota ergatibo ezak bando gerren sorreran jokatu papera.
Obra bikain honen pasadizo zenbaitek —bi erromatarren solas filosofikoa zilindro baten izateari buruz edota gudari garbizaleen eztabaida, kasu— Monty Phyton taldearen inbidia sortuko lukete. Eta hitz jokoei dagokienez ere, nago Tip eta Coll bikoteak ez ziola honenbeste etekin ateratzen gaztelerari.
Esan dezagun bide batez txundigarria dela Telleriak euskararekin egiten duena: Andoni Egaņaren ustez bertsolaria funanbulista baldin bada, orduan Telleria hitzaren malabarista dugu. Orreagako gudaren kontaketa letra berdinarekin hasitako hitzekin, euskal teatroaren analetan inskribatu beharko litzateke; ahaztu gabe Martinezek antzeztu orgasmo gogoangarria, Meg Ryan aktorearen famatu hura txiki uzten duena.
Sarituak zoriontzen ditugun ber, epaimahaia ere zoriondu behar dugu, honelako komedia bat, alegia, normalean errekonozimendu handitik at injustuki geratzen direnetakoa, saritzeagatik. 30 urte taula gainean emanda, bikote honek eskola egin du gure antzerkian, komediarako jaidura aparta eta euskararen gaineko ezagutza sakona batuaz. Iruņa-Veleiaren auziarekin behingoz bukatu nahi badugu, proposatzen dut beraiei ostraka guztiak ematea: ziur nago asuntoa di-da batean argituko liguketela, bidenabar euskara zaharraren eta hegazti korrikalari handien arteko lotura deskubrituz.