Nor naiz begiratzen ez banaute?
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
Argia, 2019-12-01

      Zerbait abstraktua, probokatzailea, intimoa, zirikatzailea, umoretsua, iluna. Panpinaren unibertsoa aztertu eta izkina guztietara iritsi da Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) sortzailea. Obra honetan barrutik atera zaiona proiektatu du.

      Erika Roiboos aktore famatuaren figurak beteko du agertokia. Argiak eta itzalak, literalak zein metaforikoak. Ez da alferrikakoa protagonistak sortzailearen izen bera edukitzea, lan pertsonal eta intimoa dela baieztatu baitu. Biluztu egingo da Erika, protagonista zein artista. Antzezlan zintzoa da, sormen prozesu aske batean ateratako materialaren emaitza.

      Urriaren 31n estreinatu zuen Panpina Azpeitiko Antzerki Topaketetan, etxean. Familia eta lagunak, antzerkizaleak zein profesionalak hurbildu zitzaizkion eta harrera ona izan duela kontatu du: “Publikoa beti da garrantzitsua, baina kasu honetan presentzia handia du. Formatua oso gertukoa da, harremana oso zuzena eta uneorokoa”. Estreinaldia Soreasu antzokian egin zuen eta publikoa harekin batera eszenatokian egotea planteatu zuen, “horrek sortzen duen urduritasun eta berotasunarekin”. Lan honek inprobisaziorako tartea eskaintzen du, publikoarengandik asko jasotzen duelako.

      Bakarrik dago Olaizola eszenatokian, baina ez da horrela sentitu. Izan ere, sormen prozesu guztia Leire Arenas irudigile eta ilustratzailearekin eta Oier Guillan idazle eta antzerkigilearekin batera egin du: “Guztia nire gain hartzea gehiegi da. Une batetik aurrera, beharrezkoa da ardurak banatzea, bakoitzak bere aldetik begiratzea, talde giroa sortzea eta ez hain barrura kontzentraturiko zerbait bakarrik. Uneoro debatitzen ditugu gauzak, hausnartzen. Zuk hau horrela jaso, nik hau horrela bizi. Horrek asko aberasten du”.

 

      Sormen prozesu aberasgarria

      “Panpina horrek zer iradokitzen dit? Zer dio nitaz unibertso horrek? Zer dago panpinaren atzean? Noiz sentitzen zara edo gara panpina?”. Galdera horiek izan dira sorkuntzaren abiapuntu. Jolaserako espazio bat sortu dute arauak beraiek jarriz, epaituak izateko asmorik gabe: “Askatasun horrek barruan zegoenari forma emateko aukera eman dit”. Prozesu guztian errepikatzen zen zerbait antzeman zuten: besteon begiradarik gabe bere izaera galtzen duela panpinak. Eta horregatik ere bilatu dute publikoarekiko gertutasuna.

      “Ez gaude ohituta emakume bat bere espazioa hartzen ikustera, publikoki, jendaurrean”

      Ekipo ona egin dute hiru sortzaile hauek, antzerkiaren oinarriak nork bere indarretik landu baitituzte: hitza, irudia eta gorputza. “Leire Arenas Arte Ederrak ikasi duen azpeitiarra da. Bere lana jarraitu dut eta intuizioa izan zen prozesu honetan berarekin aritzea. Banekien sormen prozesuan egotea nahi nuela; eta ziur nekien kartela berak egitea nahi nuela, baina ez nuen hori bakarrik nahi. Lehen aldia da antzerkiaren eremuan aritu dena, hizkuntza hau ez baitzuen inoiz hitz egin. Oso figura garrantzitsua izan da”. Biak ala biak sortzaileak izan arren, lan egiteko modu desberdinek harrituta utzi dituzte: “Aho zabalik utzi du gure erabakiak hartzeko azkartasunak eta lan egiteko moduak. Niri, ordea, testura edo koloreetan jarritako arretak liluratu nau, gero kartelean, adibidez, islatzen duena”. Guillan berriz, lehendik ezagutzen zuen Olaizolak eta bazekien zein zen haren lan egiteko modua: “Oierrek hitza maneiatzen du eta horrek asko fintzen ditu ertzak. Inprobisazioetatik jasotako materiala bildu eta birplanteatzen ibili da. Kanpo begirada hori jarri du”.

      Azken fasean, Jabi Barandiaran eta Idoia Beratarbideren laguntza ere izan dute, argi teknikari lanak eta aholku estetikoak eman dizkiete: “Orduan borobildu dugu dena”.

 

      Emakumetzearen azpian

      Gaiak, nahiak eta intuizioak denon artean jarri dituzte mahai gainean, baina Olaizolaren esentzia hartuko du ikusleak. Gaztetasunetik heldutasunerako une horretan aurkitzen dela adierazi du eta horrek, nahi gabe, emakumetasunaren azpigaira darama: “Ez dugu antzezlana honetarako edo hartarako sortu nahi izan, ez dut inongo momentuan antzezlan honekin banderarik hartu nahi izan, inondik inora. Baina nire buruari sortzeko askatasuna ematen diodanean, nire kezkak azaleratzeko, irten egiten da hori. Emakumea naiz eta hortik hitz egiten dut, naturala iruditzen zait”.

      Publikoaren iritziei dagokienez, bereziki emakumeek zenbait kontu eszenaratzea eta lotsa kentzea eskertu diote. Hainbat identifikatuta sentitu direla kontatu digu: “Egia da ez gaudela oso ohituta, ez delako horrela eman, emakume bat bere espazioa hartzen ikustera, publikoki, jendaurrean, eta hain natural hitz egiten kontu batzuez”.

 

      Sortzaile kamikazeak

      Lan hau Erika Olaizolak atera duen arren, Kamikaz kolektiboaren barne aurkeztu dute. Bertako kide da Olaizola, Miren Gaztañaga eta Amancay Gaztañagarekin batera. 2014an aurkeztu ziren kolektibo gisa, Uxue Alberdik idatzitako Euli Giro liburuan inspiratutako izen bereko antzezlana taularatuz. Emanaldia bera asko zabaldu ez arren, elkartu eta ezagutzeko balio izan zien, bidaia bat hasteko. Käffka eta Agur eta Dolore antzezlanak sortu zituzten gero, baita Zulo film laburra ere. Orain arteko azken lana da Panpina.

      Kolektibo honek ez du etengabe produzitzen aritzeko beharrik. Izan ere, obra guztiak ez dira hiruren lanaren emaitza: “Lanak argitaratzeko konstantziarik ez daukagula egia da. Elkarren espazioa errespetatzen dugu eta bakoitzak bere ibilbidea segitzen du. Arnas handia da hori guretzat. Etxea beti daukagu hor. Orain, adibidez, banuen nire espazioa hartzeko eta nik kontatu nahi nuen hori aurkitzeko gogoa, inoren menpe egon gabe, eta horretarako baimena eman diot nire buruari”. Era berean, Kamikaz kolektiboaren baitan kokatzeari zentzua ematen dio Olaizolak, bientzat baita onuragarria.

      Abenduaren 8an Lesakan ikusi ahal izango da Panpina. Hori da lerro hauek idazteko unean adostutako azken data. Hortik aurrerakoak, ahoz ahokoak eragindako interes eta kuriositateak bilatuko dituelakoan dago.