Konpainia: Tartean. Testua eta dramaturgia: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Patxo Telleria, Jokin Oregi. Zuzendari laguntzailea: Aitor Borobia. Eszenografia eta jantziak: Ikerne Gimenez. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Antzezleak: Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Getari Etxegarai, Adrian Garcia de los Ojos. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 26.
“Hemen umorearen diktadurapean zaudete!”, esan digu hasierako minutuetan Olatz Ganboak Fritz Grunbaum umoristaren rola jokatuz. Alemania naziaren urteetan gaude, Berlingo kabaret batean, eta denok dakigunez, erregimen autoritarioek ez dute umorea maite: badakite haren bidez jasangarriagoa dela zapalkuntza, eta beren benetako nahia da zapalkuntza jasangaitza izatea. Bestela, beren jaiotzetiko sadismoa ez da erabat asetzen. Eta horrek frustrazioa eragiten die. Gizajoak.
Arriaga antzokian estreinatu berri den Simplicissimus honetan garai eta hiri hartako kabaret batean aritutako hiru artista berreskuratu dira, eta haien bidez birpasatu urte haien bilakaera, gure aroan lezioren bat atera daitekeelakoan. Xede horri begira ezagutu ditugu Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Finken figurak. Lehenengo biak sarraski-esparruetan hil zituzten eta Fink bizirik irten zen gerratik. Brechtek berak dedikatu zion olerki bat —Eulenspiegel überlebt den Krieg (Eulenspiegelek bizirik dirau gerra amaitu ostean)— eta polita da jakitea Till Eulenspiegel oso pertsonaia maitatua dela alemaniar kultura herrikoian, eta arau-hausle porrokatua dela, axolagabekeriaren pertsonifikazioa izateaz gain.
Taula gainean Olatz Ganboa, Getari Etxegarai eta Patxo Telleria agertu dira lehen esandako hiru umoristak hurrenez hurren gorpuzten, eta teklatuetan Adrian Garcia de los Ojos aritu da, musikak eta abestiek erabateko presentzia izan baitute emanaldian zehar. Hala ere, eszena batzuetan beste pertsonaia batzuk jokatu ditu musikariak, eta bitartean Telleriak interpretatu ditu pianoan unean uneko melodiak. Ikusten dugunez, bi emakumek jokatu dituzte umorista biren rolak, kabaret-arloko ohiko itxura androginoari jarraituz. Gainera, oso txukuna eta erakargarria suertatu da lau interpreteek beren pertsonaiei emandako maila, makillaje egokiak lagunduta eta pertsonaien diseinu maitagarrian oinarrituta.
Alde eszenikoei begira, sei argizko aterekin egindako zirkulu-erdia izan da elementu nagusia, eta efikaza izan da, soil-soila izan arren. Erdian plataforma birakari bat kokatu da hiru umoristen agerraldietarako, eta haren mutur batean pianistaren lekua jarri dute. Horri guztiari jantzien egokitasun soila gehitzen badiogu, esan dezakegu oso elementu gutxirekin erdietsi dela emanaldiak eskatzen zituen egoerak girotzea. Azkenik, aipatzeko modukoak dira amaierako kanta eta esaldiak: “Ez dugu ikasten”, diosku Finkek Telleriaren ahotan, iradokiz orduko gertaerak errepikatu daitezkeela gaur egun ere.