Kandido Uranga: “Artistek artearekiko konpromiso handiagoa izatea botatzen dut faltan”
Sustrai Colina
Argia, 2009-02-01

      Politikari ezagun batzuk akusatuen aulkian eseri ziren egunean egin genion itaunketa. Antzerkiaz galdetu eta arteaz eta sorkuntzaz erantzun zigun, sendo, aho-bizarrik gabe, elurrak hitzak estaltzen ez dituela jakinik.

 

      Ez omen zinen antzerki munduan afizioz sartu, bidean mundu horrekin topo egin zenuelako baizik.

      Halaxe da, eta agian bada beste garai batzuen ezaugarri. Orain etxe guztietan dago telebista bat, edo bat baino gehiago, baina hamabi-hamahiru urte nituela sartu zen gurera. Eskolara joan eta kalean jolasteak betetzen zigun eguna, eta egiari zor, nik ez nuen gehiagorik behar ondo pasa eta gozatzeko. Futbolean ederki ibiltzen nintzen, pilotan ere gustura, eta orduko nire ametsa zein izango zen ba? Edozein umerena, futbolaria edo pilotaria izatea! Oso aktiboa izan naiz beti, oso kalekoa. Apenas amestu dudan ofizio jakin batekin. Apenas izan dudan afizio definiturik. Egokitu zaizkidan girotan hazten joan naiz. Eskolan ondo samar ibiltzen nintzenez aurrera, kiroletan berdin, eta gerora, antzerki munduan ere halatsu.

      Kaleak museo bihurtzen ari diren honetan, kalean bizitakoa bagaje sakratua da?

      Ez bereziki, ez nuke esango. Bagajea norberak daramana da, norberari tokatzen zaiona. Nola jakin zein den sakratuena edo aberatsagoa? Etxetik atera gabe eduki zenezake mundu fantastiko oso oparoa, zure antzezpenetan asko laguntzen dizuna. Ezin esan. Garai haietako nire fantasiak etxetik kanpokoak ziren, kalean bizi nintzelako, beti batetik bestera nenbilelako, eta ez nuelako besterik pentsatzeko astirik. Bakoitzak tokatzen zaiona dakar, eta behin ofizioa hartuta, atzera begira jarri, eta bizi izandakoa sorkuntzara bideratzen saiatzen da.

      Bizipenak bideratzean datza gakoa?

      Barne intuizio, barne erritmo, barne sentsazio hori da garrantzitsua. Horri esker kanalizatzen dituzu bizipenak, horri esker erabiltzen duzu egoki almazenean duzuna. Gero, zer gustatzen zaizun eta zer ez jakiteko, eta zure balore eskala propioa sortzen joateko, argitasuna eta adimena behar dituzu. Balore eskala hori zintzoki eraikitzeko oinarri sendoak behar dituzu, eta oinarri horiek antzematen joatea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Penagarria iruditzen zait gaur egun behin eta berriz gertatzen dena. Ez dut ulertzen nola jarri ditzakegun artearen balore gorengotzat fama eta dirua. Denok dakigu oso balore faltsuak direla, baina sorgin-gurpil zoro horretatik atera ezinik gabiltza. Oinarri horiekin nekez aurkituko dituzu ezinbesteko zaizkizun erritmo, sentsazio eta intuizio horiek. Nekez irekiko zara kanpotik datozen kulturetara eta inguruan duzun sortzaileen sarera.

      Gidoi bat interpretatzen duzu, zuzendariak emandako aginduak bete, eta hala ere, sormenaz mintzo zara.

      Asko aldatu naiz jaio nintzenetik. Aurrekoan orain hogei urteko argazki bat erakutsi zidaten eta ez nuen nire burua ezagutu. Horrek, pertsonaia nik gorpuzten dudan neurrian, nire gorpuzkera eta ahotsa dituen heinean, sortzen ari naizela esan nahi du. Fisikoa, ahotsa eta presentzia nireak dira, eta sentsazioak transmititzeko erabiltzen ditudan bizipenak ere bai. Sortzea zer da? Pertsonaia baten atzetik joanik, norbere buruarekin ahalik eta zintzoena izatea. Zugan aurkitu behar duzu pertsonaia, beraz zenbat eta barrurago sartu, orduan eta sormen lan handiagoa.

      Ba omen dira oholtzatik jaitsi, etxera joan eta pertsonaia izaten segitzen duten aktoreak. Pertsonaiak irentsita bizi ei dira.

      Niri ez zait gertatzen. Ez naiz pertsonaiaren barruan sartzen, pertsonaia bilatu egin behar dut. Egia da bilaketa lan horretan ez dagoela ordurik, egun osoan izaten dudala pertsonaia ganbaran bueltaka. Pertsonaia aurkitu eta oholtzaratu arte obsesio bilakatzen zait. Pentsatzen dut idazle edo pintore bati, egiten ari denarekin antzeko zerbait gertatzen zaiola. Gauez komunera altxa eta…

      Pertsonaiari sinesgarritasun osoa ematen dion detailea!

      Oraintsu, Lola ikusten baduzue esan aberatsa dela obra ikustera etorri zen Xabier Lete. Obran zehar badago pasarte bat prestaketa garaian nahiko deseroso sentiarazten ninduena, ezin harrapatuz nenbilena. Funtzioa amaitu eta Letek justu eszena hori ikaragarri gustatu zitzaiola esan zidan. “Ez duk ezer egin, egon egin haiz”. Ikaragarrizko poza eman zidan. Mundu honetan nabilenetik bota didaten lore interesgarrienetakoa da. Detailean datza sinesgarritasunak, ez artifizioan, eta Xabierrek detailea harrapatu egin zuen.

      Detailean ez ezik, sinesgarritasuna ez al dago bakoitzaren ibilbidearen kudeaketan?

      Bakoitzak jakin behar du zein diren norbere lehentasunak, eta aukerak egin, nahiz eta oker jokatu. Gertatzen dena da gizarteak ez diola arte eta kulturari behar beste begirune eta ahalbide ekonomiko ematen. Askotan bizirautea bihurtzen da lehentasuna, eta horrek diru-saria duten produktuak egitera derrigortzen zaitu. Ez zait gustatzen baina hala da. Nik zer nahiko nukeen? Benetako sinesmena dagoen egitasmoetan lan egitea. Zuzendari bat sinetsita ikusten baldin badut, lanean buru-belarri saiatuko naiz nire onena ematen. Ilusio hori da gehien interesatzen zaidana. Tamalez, ezin izaten da beti harrapatu, horregatik heldu behar zaio gogor harrapatu dezakezunean. Hor dago nire artista eta sortzaile oinarria. Baina bizitza erreala kontraesan handia da denontzako, eta gure buruak etengabe kontraesanean jartzera derrigortuta gaude. Jende batek pieza bakarreko pertsonak nahi ditu. Baina zer da hori? Mugiezinak? Beti gauza bera pentsatzen ari direnak? Kaka zaharra!

      Beti gauza bera pentsatzea ez, baina ez al zaizu beti gauza bertsua egitea tokatzen? Zenbat bideratzen dute aktore baten ibilbidea ezaugarri fisikoek?

      Nire kasuan asko, agian gehiegi. Gustatuko litzaidake aukera desberdinak ukaitea. Pertsonaien perfilak ikusten ditudanean gehienetan oso antzekoak dira. Baina niretzat hori lana da, eta istorioa edo proiektua gustatzen bazait, aurrera. Zuzendari baten asmoak betetzen baditut ez da gutxi. Ez du zertan jakin zenbat antzeko pertsonaia egin ditudan, harentzat bakarra da.

      Zu izango zara komedia hain modan dagoen herri honetan dramara kondenatuta dagoen bakarra.

      Egin izan ditut komediak, baina egia da ez dudala nire burua horretan ikusten. Pentsa, txisteak kontatzen eta imitatzen ere txarra naizela iruditzen zait! Lehenengoz ikusten nauena engainatu nezake agian, baina bigarren egunerako ziur aspertuko nukeela. Bestela ere, oso gutxitan egiten dut barre komikoekin, pelikula graziosoak ez zaizkit iristen. Izatekotan, egoeraren berezko grazia edo komedia dut atsegin. Hortik aurrera...

      Ez al ditugu gehiegitan nahasten komedia eta dibertimendu hutsa?

      Bai, eta zer esanik ez gurean. Landu gabeko komedia merke asko ikusten dut bazterretan. Uste dut jendeak hots eta argiekin lotzen duela dibertimendua, eta ongi pasatzen duenean tira, baina ez dut uste beti ongi pasatzen duenik. Parrandekin gertatzen dena gertatzen da. Hamarretik zenbat parrandatan pasatzen da benetan ongi? Ni asko dibertitzen naiz pelikula triste batekin, asko gustatzen zait ezusteko eremuetan hunkitzea. Hori bai, ni ez nau inork behartuko, sentimendu horiek berez etorriko zaizkit edo ez.

      Zerk behartzen du, beraz, etengabe komedia egitera?

      Izugarrizko lotura dago programatzen diren eta egiten diren lanen artean. Ni gidoi orokorretik ateratzen den zerbait egiten ari banaiz nork programatzen nau? Kultura merkantzia bihurtzen ari gara, baina ezin da salerosketako edozein produktu bezala erabili. Autofinantzaziora heldu ezean... Helburua biziraupena baldin bada xede komertzialekin sortzen duzu, mingarriak diren eta desadostasunak sor ditzaketen gaiak bazter utziz. Ez dago besterik. Gidoi orokorretik ateraz gero badakizu zer daukazun.

      Ederki gaude ba, Asier Hormazak eskatzen zuen ETAri buruzko film serioa egiteko!

      Baten batek egin nahi badu egin dezala, eta pelikula ona ateratzen bazaio hainbat hobe, baina arteak ez du horrekin zerikusirik. Artea norbere barruan bilatu behar da. Arteak berez erantzungo dio egoerari norbere buruarekin zintzoak garen bitartean. Artisten partetik artearekiko eta sorkuntzarekiko konpromiso handiagoa botatzen dut faltan. Oso gauza berri gutxi dago, oso ikerketa gutxi, aparteko ilusiorik ere ez dut ikusten. Behin eta berriz ari gara eszenak errepikatzen, eta apenas joaten garen aspaldi atera genituen ondorioetatik harago. Arteak ez du inor konplazitu behar eta norbere buruarengandik hasita izan behar du kritiko. Herri honentzat agian interesgarriagoa da bizitza osoan sukaldetik atera ez den emakume baten istorioa. Nik ez daukat dudarik. Ez dut ezagutzen herri honetan azken berrogeita hamar urtean Mikel Laboak baino iraultza handiagorik egin duenik.

      Politikariek zer konpromiso dute arte eta sorkuntzarekiko?

      Ez zaie piperrik inporta. Tartean-tartean, izen handi batzuk ateratzea komeni zaie, eta behin famatu egindakoan Euskal Herriko enbaxadore izendatzen dituzte. Gainontzean, ez dira gai artea interes ekonomikoetatik bereizteko. Ez dute sekula publikoki onartuko, baina komenientzia hutsez. Nork izan nahi du kulturarik gabeko herri bateko agintari? Baina praktikan... Zertarako behar ditugu hamar Guggenheim hemengo artistek ezin badute bizi? Eskulturak behar baldin badira, primeran, bildu ditzatela egileak mahai-jiran, aztertu dezatela egoera, eta potentziatu dezatela irtenbidea. Antzerkiarekin berdin. Bestela zer egin behar dugu? Denak adreilura dedikatu? Nola sortuko dira artistak ez badago azpi-dinamikarik?

      Kuriosoa da, azpi-dinamikaren faltan gaztetasuna balore izatea...

      Profesionalki ez nau ikaratzen, baina sozialki kezkatu egiten nau horrek. Apenas dagoen protagonista helduak dauzkan film komertzialik. Bestelako istoriorik ez dagoela dirudi. Zergatik ez da kontatzen hirurogei urteko bikote baten maitasuna? Gaztetasuna eta irribarrea baloretzat jotzea akats larria iruditzen zait, baina dena kontsumora bideratzearen ondorio nabarmenena da hori. Gaztetasuna bizitzaren pasarte bat baino ez da, baina hortaz zahartu ahala konturatzen zara. Ez dakit, populazioa zahartzen doan heinean, agian aldatuko da hori.

 

 

Nortasun agiria

      Zumaian jaio zen 1955eko maiatzaren 27an. Donostiako antzerki eskolako lehen promoziokoa, ibilbide oparoa egin du, telebistan, zineman zein antzerkian. Bere fisiko gogor eta ahots bakarrak ez dute galbiderako aukerarik ematen. Aktore lanaz gain, bikoizketan ere aritzen da egun.