Normaltasun itxura
Agus Perez
Berria, 2009-01-06

 

      Iazko antzerki ekoizpenei erreparatuz gero, maila eta era guztietako produkzioak aurkituko ditugu euskararen eremutik irten gabe. Haietariko gehienak, gainera, kalitate handikoak izan dira testu, eszenaratze eta antzezpenei begira, eta horrek kultura normalizatu bati dagokion itxura sortzen du. Errealitatea, ordea, bestelakoa da: erdarazko emanaldiek aurrea hartu diete beste behin euskarazkoei ikusle eta emanaldi kopuruetan, eta euskarazko sorkuntza eder batzuek merezi ez zuten bide labur-laburra ezagutu dute.

      Hala ere, 2008an, mirakuluz edo, beren bidea egin dute euskara hutsezko antzezlan batzuek. Haien artean, Gernika-k eduki du bizitza laburrena, Fernando Arrabalek idatzitako harribitxiaren zubererazko bertsio bikaina bakarrik Lesakan (Nafarroa) eta inguruetan eman zelako. Bitxiekin jarraituta, Baxenabarreko Le Petit Theatre de Pain izan da iazko errebelazio-taldea, Miarritzeko Bi harriz lau xori jaialdian aurkeztutako Tartean, Aulki hutsa eta Juglarea, puta eta eroa lan miresgarriekin. Azken biak, gainera, Bilbon eta Donostian ikusi dira hurrenez hurren. Bestalde, Aulki hutsa Ander Lipus bizkaitarraren zuzendaritzapean sortua da, azken boladan Iparraldean jardun duelako. Hain zuzen ere, berak han sortutako Piarres Larzabalen Ibañeta-ren bertsio gaurkotua iazko sorkuntzarik aipagarrienetariko bat izan liteke.

      Formatu ez hain esperimentaletan, gogoratzeko modukoa da 2007an sortu eta iaz banatu zen Sommer jaunaren istorioa, jatorrizko testuaren eta euskaratzearen kalitatearengatik eta, zer esanik ez, Jose Ramon Soroizen pertsonaiarengatik.

      2008an Tanttakak bere 25. urtemuga ospatu zuen eta konpainiak Kukai dantza taldearekin hasitako kolaborazioari ekin zion berriz ere. Emaitza Hnuy Illa deitu zen, eta eszena gainean Sarrionandiaren poemek bat egiten zuten Jon Maiaren koreografiekin, Iñaki Salvador eta Mikel Laboaren musikekin eta irudi proiektatuekin. Donostiako Antzerki Ferian estreinatu zen muntaia eta, askoren aburuz, aspaldian ikusitako gauzarik zirraragarriena izan zen.

      Gaztelaniazko bertsioarekin iaz lehiatu zirenen artean, Maskaradaren Ohean eta Kukubiltxoren Haritzaren azalera zehatza nabarmendu ziren bereziki. Lehenengoan berariazko eszenaratzea eta antzezleak prestatu ziren Madrildik zetorren gaztelaniazko muntaiaren paraleloan aritzeko, baina Kukubiltxorena berezia izan zen, Larrabetzuko taldeak norabide aldaketa sakona bilatu zuelako Aristides Vargas handiaren laguntzarekin, esperimentazioaren bideari ekiteko.

      Bitartean, iaz plazaratu ziren beste gauza batzuk -Gronholm metodoa, Ezker-eskuma, Eguneko menua, Putzuak lehortzen, Ilunpetan...- txikiagoak edo komertzialagoak izan ziren, baina denen artean nahiko panorama zabala osatzen dute, eta itxura normalizatua ematen diote arte eszenikoen panoramari.