Maite Aizpuruak Umm... mmu! izeneko antzezlana estreinatuko du gaur Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen barruan. Ez ohiko abiapuntua aukeratu du bere lana kokatzeko: aktorearen gorputza eta korri egiteko tramankulu baten arteko harremana. Dantzertiko ikasketak amaitu berri, Azpeitiko Kultur Mahaia emandako sorkuntza beka bati esker taularatuko du lana.
Honatx sinopsiak dioena:
Nola egin saltaka norbere gorputzetik?
Korrika ibiltzea abiaduraren azelerazioari, pausu markatuei men egitea da running-aren kulturan. Saltaka egiteko ordea, gelditzera gonbidatzen gaituen pieza eszenikoa da honakoa. Sententzia medikoak, zalantzak, minak, ibilera okerrak, desirak eta simulakroak gurutzatzen diren geraleku konkretua arakatzeko parada.
Erresistentzia intimoak zeharkatzea, makinaren dardara konpartitzea.
Azkarrago harrapatzen ei zaio gezurtiari herrenari baino. Ibilian-ibilian baina, egia entrenatzen den gezur bat besterik ez da.
Zertan datza, funtsean Umm... mmu! antzezlana?
Antzerkiaren bitartez nola bizirauten dugun eta erresistitzen dugun ulertzeko egindako saiakera bat da, kasu honetan korrika makina bat eta pertsonaren artean. Nola sortzen den harreman hori, nola garatzen den... mundu honetan bizirauteko mundu alternatibo bat sortu baino ba alternatibak mundu horretan sortu behar dira, filosofiatik abiatu naiz, nola bizirauteko elkarren beharra dugun, nola ezin garen munduari iskin eginik bizi.
Zer teatro mota da ikusi ahal izango duguna?
Fikzio bat egon badago, azkenean antzerkia delako, baina esango nuke oso hurbil dagoela neurri batean performancetik. Azkenean eszena gainean ni lehenengo pertsonan aurkezten naiz Maite bezala. Ez da, noski, kalean aurkitu daitekeen Maite berdina, fikzio batean sartuta dagoen Maite bat da. Teatro bisualetik ere badauka, fisikotik. Azken fasean testuarekin hasi naiz lanean.
Zuk idatzi duzu testua?
Bai, egia esan testua momentu jakin batean etorri da. Bidea oso luzea izan da, hasieran hausnarraren inguruko proiektu batekin hasi nintzen lanean, makinarekin modu oso fisikoan harremantzen nintzen, ikusiz nola ahal zen koreografiatu eta eszenan jarri. Ostera beharra ikusi dut makinarekiko harreman fisikotik haratago erresistentziaren gaiarekiko beste bide batzuetan inbestigatzeko, eta ni neu hasi naiz testua idazten.
Zer garrantzia ematen diozu testuari? Ematen du dramaturgia mota bisual edo fiskikoagoetan testuak ez duela agintzen, ezta?
Sei hilabete eta gero norabide ezberdinetatik pasa eta gero, bat batean topatu dut testu baten beharra. Oso zaila da oreka hori topatzea, literatura eta norbere esperientziatik oso hurbil dagoen idazketaren artean, biografiatik hurbil dagoen materiala era berean antzerkirako balio duena. Alde batetik gauza literarioak idatzi ditut, eta bestaldetik eguneroko hizkeratik eta inprobisaziotik ateratako testuak ere.
Baduzu erreferentziarik idazteko orduan?
Bai. Gertatzen zaidana da etortzen zaizkidan erreferente guztiak, ikusi edo irakurri dudan antzerkia, denak edo gehienak erdaldunak direla. Nire bizitzan lehenengo aldiz aurkitu naiz bat batean gaztelera behar nuela pentsatzeko, eta hori fastidio handi bat izan da. Joan naiz euskarara ekartzen, baina askotan erreferenteek nahi gabe norberarengan modu batzuk osatzen dituzte, norberak barneratzen dituen kanon batzuk, eta gaztelera atera zitzaidan sarri. Interesantea da ikustea nola idazketara jotzerakoan, eta baita inprobisazioetan ere, gaztelera behar nuen niregana hurbiltzen nintzenean, parodiara gerturatzean adibidez. Ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan, ez zaidalako lehenago inoiz gertatu. Erreferente mailan euskaraz hutsunea dagoela iruditu zait. Poesia ikusten da euskaraz, baita poesia antzerkira eramanda ere, baina poesia testuak dramaturgia baten barruan pertsonaiekin, fikzio baten barruan, oso gutxi.
Bertigoa duzu, Dantzertiko ikasketak amaitu berri solo bat eginda?
Bai. Hau ez zegoen nire planetan, ez zait gustatzen gauzak bakarrik egitea, baina horrela suertatu zen eta esan nuen aurrera! Bizitzan lagunduta gaude, baina ikasi behar da norberaren proiektua aurrera ateratzen. Bertigo handia ematen du, baina antzerkia askotan salvavidas bat da aurrera segitzeko, honetan sinetsi behar duzu, eta aurrera.