Xanti Agirrezabalak Satiro antzezlana estreinatuko du ostegunean (azaroak 7) Azpeitiko Antzerki Topaketetan: sortzaile baten lehenengo lana, bakarrik oholtza gainean. Gorpuzkera ez ohikoak eta genero ezbaiak, zuzenean oholtzara.
Pieza honen hazia Dantzertiko ikasketen amaieran sortu zen. Dantzertiko lehen titulatuen artean izan da Xanti Agirrezabala azpeitiarra, eta Azpeitiko sorkuntza beka bati esker garatu ahal izan du hastapenean ikasketen amaierako lana zena. Honatx sinopsia dioena:
Satiroa: Sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena.
Nik ditut zure desirak, zure nahiak, zure fantasiak, zure erotika. Ni, zu naiz. Dena da haragia, gorputza. Gorputzaren bila zabiltza etengabean. Gorputza baduzu, baina ahaztu egiten duzu, larrosaren usainak larrosa ahazten duen bezala, aurkitu nahian dabilen gorputz batek gorputza aurkitzen duen arte.
Elizak dio gorputza erruduna da
Zientziak dio gorputza makina bat da
Iragarkiak dio gorputza negozioa da
Gorputzak dio: ni FESTA bat naiz.
(Eduardo Galeano)
Zer da Satiro?
Satiro da pieza eszeniko bat non ikuslegoari pentsarazi nahi diodan norberaren sexualitatearen inguruan. Gure sexualitatea gure gorputzetan daramakigu? Gure instintuari jarraiki doa sexualitate hori? Edo gehiago da gauza mental eta moral batek gidatutako zerbait?
Zer dramaturgia mota aukeratu duzu obra honetarako?
Obra hau proposamen guztiz fisiko batetik sortu zen, non balleteko puntak erreminta eszeniko gisa baliatzen hasi nintzen, erabiltzen jakin gabe. Ezjakintasun horretatik lortu nuen animalia baten hankak neuzkala irudikatzera eramaten ninduen fisikotasun bat; gerritik behera animalia nintzen eta gerritik gora ez, fauno baten moduan. Hortik abiatuta sortu zen guztiz fisikoa zen pieza bat. Hari horretatik tiraka gizarteak historikoki mitologia greko-erromatarretik duen influentzia ikertzen hasi nintzen. Fisikotasun hori lortuta, balleteko puntekin lan egiteak exijitzen zuen entrenamendu eta sufrimendua motxilan hartuta, satiroaren ideiara pasa nintzen. Satiroak gizarte honetan zer esanahi daukan bilatu nuen. Sexualitatearen inguruan ikertzen hasi nintzen, satiroa edo satirosia da sexu gose aseezina duen gizon bat, ninfomana izango litzatekeena emakumeetan.
Pertsonaia hori esku artean edukita nire esperientzia pertsonaletik abiatu nintzen, non gaur egungo gizarteak markatutako sexualitate horretan ez naizen inoiz oso identifikatua sentitu. Orduan hasi nintzen ikertzen zer den hitz handitan erabiltzen dugun sexua, nola bizi dugun nik edo nire ingurukoek... nire lagun sexologoekin batera hasi nintzen bidea egiten.
Badu testurik lan honek?
Esan bezala, hasiera batean oso lan fisikoa izan zen, baina prozesuaren momentu batean narrazioa ere sartzeko beharra sentitu nuen. Erreferente gisa, diskurtso motari dagokionez ez nuen reprotxe baten modukoa izatea nahi, ez ezer oso panfletarioa ere. Izaki oso sexualizatu bat erakutsi nahi nuen, baina ez gizarteak ulertzen duen modu koitozentristan. Umetan instintiboki daukagun plazererako beharretik joko zuen gizaki bat sortu nahi nuen. Erreferente gisa batez ere Rodrigo Garciaren idazkera eta diskurtso moduan hasi nintzen inspiratzen, Borges pieza batez ere, bazeukalako zerbait aldi berean oso gordina eta oso klaroa zena, probokatiboa baina txarrera biolentoa izan gabe. Euskaraz sortzen hasterakoan bilatu dut diskurtso mota ezberdin bat, agian existituko da baina nik ez daukat euskarazko horrelako erreferentziarik, uste dut baduela kolore propio bat. Garciaz aparte, El nuevo desorden amoroso liburua zoragarria da, oso inspiragarria egin zait.
Zuk zeuk idazteko beharra izan duzu?
Bai, une batean testua sartu da sentitu nuelako kontatu behar nuen horri hitza jarri behar zitzaiola, gauza batzuk kontatzeko, baina sentitzen nuen neure buruan zihoan zerbait zela, ez nintzen kapaz hori beste norbaiti transmititzeko, kanpotik idatz zezan. Neurri batean oso lan pertsonala delako.