Sarah Kaneren obra mintzagai Arantzazu Fernandezekin
Hitzen Uberan, 2021-01-29

      Sarah Kaneren bi obra itzuli ditu Arantzazu Fernandezek: Zartatua eta 4.48 Psikosia irakurri daitezke Ganbila antzerki bildumaren barruan.

 

      Lehenik eta behin, nor da Sarah Kane? Nola aurkeztuko zenioke euskal irakurleari?

      Erresuma Batuko 90eko hamarkadan antzerki loraldiko idazlerik ezagunena dugu Sarah Kane; “In Yer Face” izeneko taldeko dramuturgo berriztatzaileena edota “New Brutalism” zeritzon korronteko idazlerik puntakoena. Hori guztia beste era batean ere azaltzea badago, esaterako, Margareth Thatcherren agintaldiko abusua, haserrea eta oinazea oholtzara eraman zituen sortzailea dugu Kane. Zartatuan, Kaneren lehenbiziko lanean, gizartearen konzientzia astindu nahian, eszenatokiko gehiegizko krudelkeria esplizitua errealitatean ematen denaren isla baino ez zela aldarrikatu nahi zuen, betiere, biktimek pairatzen duten biolentzia erakusten zein manera teatral berriak garatzen. 4.48 Psikosian, haren azken testuan, bi ezaugarri horiexek betetzen badira ere, poetikotasunaren dentsitateak gora egiten du nabarmen. Bi antzezlanetan ikusleak hunkitu nahi zituen, emozionalki mindu, hausnarketako bidean jar zitezen baina ez arrazonamenduak bultzatuta baizik eta emozioek sortzen duen gupidak aktibatuta.

      Horretaz gain, Sarah Kane asko sufritutako pertsona zela gehituko nuke, depresioaren kontrako borrokan urteak eman zituela harik eta bere buruaz beste egin zuen arte. Datua soberan ez dagoela uste dut, batez ere 4.48 Psikosia ulertzeko. 1977an jaio eta 1999rako zendu, bizitza laburra baina bost antzezlan nabarmen idazteko nahikoa izan zuen.

      Sarah Kane mundu mailan egile erreferentziala dela aipatu izan duzue aurkezpenetan. Zein neurritan da hala eta zergatik?

      Edukiera zein edukia aldatu zituen, normalean antzeztokietara hurbiltzen ez zen jendearen oniritzia lortuz. Ikusle gazteekiko lortu zuen lotura ulertzeko beti gogoratzen ditut, aurrekari gisa, 70 hamarkadatik ezagutu duten punk mugimenduaren sentsibilitate artistikoa, hala nola, arte mailan, 90. hamarkadako Young British Artist taldekoen hautu estetikoa. Kaneren lanaren aldeko publikoa, hasiera batean bederen, ez omen zegoen ikusle burgesaz osaturik baizik teatroan arriskuaren bila nahiz Thatcherismoak sistematik kanporatuak sentitzen zirenek osatzen omen zuten.

      Haren lehenbiziko lanaren estreinaldia, areto txiki baina artistikoki prestigio handikoan, Royal Court up-stairsen, burutu zen. Ikusle gutxiko aforokoa, bai, baina bertako programazioa itzal handikoa dugu. Halerik ere, stablishement-eko kritikak harrera txarra egin zion, batez ere, gordinkeria leporatuta. Bond eta Pinter idazle kanonikoek, berriz, haren kalitatea goraipatu, bere belaunaldiko dramaturgo onena zela errekonozitu eta kritika ofizialak aldatu ziren. Ezaguna bihurtu ahala, Europa osoan Australian nahiz Ameriketan antzezten dituzte haren lanak. Erreferentziala da arestian aipaturiko berrikuntza estetiko eta tematiko ekarri zituelako oholtzara. Erronka da haren antezlanak antzeztea, ausardia behar dute konpaniek. Horren ordez - ondo ateratzen bazaie- izena lortzen dute. Agian horregatik karteldegian behin eta berriro programatzen diren tituluak dira. Zartatua, esaterako, 1995ko estreinaldiko datakoaz gain, 2001, 2006, 2007, 2010ekoak muntatu dituzte.

      Kanek ibilbide laburra izan zuen, bost obra denera. Zuek bere ibilbideko lehenengo lana (Zartatua) eta azkena (4.48 Psikosia) aukeratu dituzue bilduma hau osatzeko. Zergatik bi hauek, zer nolako aldea dago bien artean?

      Oso berezia iruditzen zait Kanek egiten duena, beti ditu muturreko bi kontrako indar tiraka maneiatzen dituela: alde batetik ankerkeria edota sufrikario itzela antzeztera jotzen du baina bestetik hizkuntza berari darion lirikotasunaren bila joaten da. Ganbilarako bi antzezlanek, Zartatuak eta 4.48 Psikosiak, Kaneren bi alderdi horiek ezaguzteko parada ematen ziguten. Formalki ez dute zerikusirik baina biak ala biak oso “kanetarrak” dira nahiz eta haren lanen arteko kontrasteri dagokienez, kontraste handienekoak izan. Zartatuak luxuzko hotel bateko gelan dagoen bikote batekin hasten da, kanpoan gerra dagoelako susmoa airean dagoela. Momentu batetik aurrera, hasierako eszena iraulita, gerra gela barruan egongo da. Pertsonaiak ez dira batere estatikoak, aldatuz joaten dira sorgin zirkuluan. Borreroa dena biktima bihurtzea ikusten dugu, abusatzailea-abusatua izateko kate hori nonbait eztanda egiten duen arte. Hiru ekitaldiak hiru idazketa estilo esberdinetan daude garatuta. 4.48 Psikosian, aitzitik, testua ez dago pertsonaia bati egokiturik. Bakarrizketa baten itxura du, eta “itxura” esaten dut jakin badakigulako testu hori sikiatriko bateko gaixo, terapeuta eta sendagileren artean banatu izan dituztela hainbat zuzendarik. Gertatzen ari dena, ez dakigu asmazioa, antzezpena ala errealitatea den ala hiru horiek batera. Depresio handi baten egoera deskribatzen digu, 4:48an, gaixoa esna dagoela izaten duen epifania hala nola onazetik askatzeko heriotz-gosea.

      Eta zer nolako bilakaera izan zuen egileak tartean, erdiko obretan?

      Esan dudan bezala, alderik handiena Zartatua eta 4.48 Psikosiaren artean ematen da. Phaedra´s loven [Fedraren amodioa] mito klasikoa gure garaira ekarri eta Hipolito bihurtzen du protagonista. Craven [Irrikitan], A, B, C, D izeneko personaien artean txikitan abusoak nozitutako pertsonaia dugu, pederasta beste bat, adibidez. Maitasuna babes gisaren aldeko desesperatua argiagoa da antzezlan horretan. Ezkutuan ematen den indarkeria begi bistara ekartzen du baina tabua deseustatzera baina harago doa. Cleansed eszeneratzeko zailtasunengatik ezaguna ere izateaz gain, maitasunezko haremanetan sor daitekeen muturreko minari buruz ari da. Pertsonaiak, campus bateko gela batean dauden arren, giroak konzentrazio esparruko edota tortura ganbara batena dirudi.

      Zuzenean ingelesetik itzuli duzu, frantsesa ere makulu hartuta. Zeintzuk izan dira zuretzat, testu hauek itzultzean, zailtasunik handienak?

      Zartatuan hainbat pasartetan sintaxia apurtuta dago, apurtze horrek itzulpena zaildu egiten dizu erabaki behar duzulako nola imitatuko duzun deseraikitze hori. Lexiko mailan, zerbitzari arrazalizatua iraintzeko hiztegi oparoa dute ingelesez, erdarakadak erabiltzeko tentazioa hor nuen beti. Baina horiek baino garrantzi handiagoa du hitz homofonoak erabiltzeko joera duela Kanek, badakizu, belarrira “berdin” edo “antzeko” jotzen dutenak baina esanahi ezberdinekoak direnak.

      4.48 Psikosian intertestualitate maila altua du eta abisatu gabekoa, itzultzailea detektatu behar ditu Bibliako bertsikuloak hor daudela txertatuak. Itzulpenean oineko oharrak ipini ditugu irakurlea ohartarazteko.

      Eta zer deskubritu Sarah Kanetaz liburu hau prestatzerakoan, hasi aurretik ez zenekiena?

      Oinazea eta ausardia nik uste nuena baina handiagoa zela eta hizkuntzaren jolasean zein ona den. Horretaz gain aipatuko nuek Zartatuaren egiturak liluraturik naukala.

      Antzerki liburugintzan, hala testugintzan nola saiakeragintzan, euskaraz ez da bilduma jarrairik egon Ganbila arte. Aurretik Susa berarena egon zen, 80-90 hamarkadetan, eta Artezblairena ondoren. Horiek esperientziarik luzeenak. Zer garrantzia ematen diozu Ganbilari?

      Exajeratutzat joko nauzu baina antzeki mailan hil ala biziko kontua da. Artezblai-koa bukatu ondoren euskal testurik gabe geratu ginen antzerkizaleok. Horregatik Ganbilak ekartzen digunari 0-10 bitartekoan “10” jartzen diot. Memoriari eusteko ahalegina ez ezik antzerki ikasleak zein zaleak badu hor heldulekua. Kulturgintzan zegoen hutsune bat betetzera dator Ganbila, ezta? Sortzaileen akuilu gisa baina baita artxibo moduan ere funtzionatzen du. Gainera, estilo anitzekoa da, oholtza gertatzen denaren isla. Hori dela eta, antzerki garaikidearen “argazkia” ateratzen digu.

      Euskal irakurleak ez du, akaso, aukera handiegirik izan teatro liburuak irakurtzeko. Horren adibide izan daiteke, adibidez, irakurlego zabalerentzat Sarah Kane bezalako egile bat ezezaguna izatea. Erdaretan, berriz, antzerkia ez da salmenta masiboa duen generoa, baina badira espezializatuak diren bildumak eta argitaletxeak, badute bere publikoa, ez soilik antzerki testugintza, antzerki saiakeragintza tradizio handiko liburu mota da. Zentzu horretan, euskaraz dena dago egiteko?

      Bai, dena dugu egiteko. Baina ez gara kexaka hasiko. Gure egoera ezberdina da eta horregatik ditugu gure kultura sisteman edo euskal kulturgintzan ditugun “zuloak”. Euskaraz bizitzea zaila da eta antzerkia euskaraz bizitzea zaila dela esatea logika berean sartzen da. Beste alde batetik, euskaraz “berandu” gabiltzala ematen du, eta horrek besteek egindako akatsak ez errepikatzeko parada ematen digu. Guk, kopiatzekotan, imitatzekotan, praktika onenak izango ditugu jomuga. Oso interesgarriak dira, esaterako, “la Uña rota”, “Contintametienes” bezalako editorialak. Beste praktika interesgarria da antzoki jakin batek ekoizten duen antezlanaren argitalpena eskaintzea. Gurean ez da egiten, eta ez da ez horren zaila ezta horren garestia ere.

      Zer eskaini diezaioke antzerki testugintzak, edo antzerki saiakeragintzak, batez ere literaturan zaletua den irakurleari?

      Literaturzalea denak edozein genero irakurtzen duelakoan nago. Kalitate onaren bila ibiltzen bada, antzerkia arloan badu zer irakurri eta Ganbilaren kasuan non aukeratu bildumaren proposamenan oso ezberdinak direlako. Irakurketa klubeetan proba egin dezakete eta Kane, esaterako, irakurri. Joko handia ematen du antzerkia. literatura dramatikoa, irakurtzeak. Eta esan gabe doa jarduera horretan EHAZEtik laguntzeko prest gaudela.

      Eta zer, antzerkizaleari?

      Antzerkikizaleok gure ezagutza eraiki nahi baldin bagu idazle kanonikoak ezagututa, Kane irakurri behar dugu nazioartean duen izenagatik. Horrekin batera euskaraz zer sortzen den sakondu nahi badugu Ganbilako testuak heldulekua ditugu. Egun, antzerki ausarteena euskaraz egiten delako ustekoa naiz, elebakarrean, beraz...

      Esan dugu euskaraz asko dagoela egiteko, Sara Kaneren liburua izebergaren puntaren punta litzateke beraz. Zer ikusi nahi zenuke zuk, adibidez, euskaraz publikatua etorkizunean?

      David Mameten 2012ko The Anarchist [Anarkista] ikusi nuenean izugarrizko testua iruditu zitzaidan, bereziki, gurean ezagutzeko. Robert Lepage oso gustokoa dut eta Kane itzultzean haren Playing Cardsekin akordaten nintzen. Wadji Mouawaden lanak ere itzuliko nituzke eta baita Koltès-senak zein Norénenak. Baina nire zerrenda luzea da oso. Ez nuke utziko Kate Tempest-en baten bat edo Susan Lori Parks-en Venus itzuli gabe. Eta nire proposamenak ingelesez edota frantsesez izan ez daitezen Lluïsa Cunillé, katalanaren lanaren bat itzuliko nuke, Barcelona, mapa d’ombres edota Après moi, le déluge. Hala ere “publikatua” baino “antzeztua” ikusi nahi nituzke.

      Amaitzeko, aukeratuko zenuke liburu honetatik zuretzat bereziki esanguratsua den Sarah Kaneren aipu bat?

      "Argia gogoan izan eta argian sinetsi" esapidea 4.48 Psikosian mantra baten antzekoa zen niretzat. Kontua da Tibetarren Hildakoen Liburuko esaldia dela, hiltzear daudenei esaten dietena heriotz prozesua hobeto pasa dezaten. Osasun mentaleko arazoengatik ospitaleratua dagoen ahots teatralari aditzen diogu esapide hori. Gaixotasunak sufrikario itzela nozitzen du eta baita aluzinaziok ere. Mistizismoarako parada ederra. Horregatik gaixoa martirrarekin identifikatzea ez da batere zaila, batez ere Testamendu Zaharreko aipu ugari aurkitzen ditugulako testuan, hitzez hitzekoak, protagonistaren diskurtsoan txertaturik. Agian, gaur eguneko gizartearen santuak ditugu depresio larria pairatzen dutenak, euren buruaz beste egin nahi dutenak. Argia mirarien sinboloa zein ulermenarena da. Argitu, ulertu, gauza bera dugu. Antzezlaneko ahotsak, bere egoera ulertuta hil nahi du bere burua oinazetik askatzeko, "Argia gogoan izan eta argian sinetsi" esaldiarekin ere “ikusi” egiten nuen gaixoari gelako behatxuloa irekitzen zitzaionean argiak zer esan nahi zuen, laguntza zein tortura medikoa.