Betiere, adiskide
Agus Perez
Berria, 2021-02-06
“Konpromisoa”

Ekoizpen-etxea: Txalo. Egilea: Philippe Claudel. Euskaratzea: Martin Agirre. Zuzendaritza: Begoņa Bilbao Lejarzegi. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Ramon Agirre, Zuhaitz Gurrutxaga. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 4.

      Zalantzarik gabe, Txalo ekoizpen-etxeak duen bertute nagusia da Europan zehar dabilen antzerki estandarra euskaraz eskaintzearena. Ez da gutxi gero, antzezlan horien ezean ez genukeelako gure mugetatik iparralderago egiten den antzerki mota hori ezagutuko. Testu-antzerkia izaten da, bere argumentu eta pertsonaia ondo definituekin, eta egokia da antzokietara tarte atsegin bat ematera doan publikorako. Gainera, gaurko errealitatearekin konektatzen badu, hobeto aseko ditu komedia hutsalekin aspertzen gaudenon nahiak.

      Philippe Claudel frantziarrak (Dombasle-sur-Meurthe, 1962) hainbat arlotan jardun du bere bizitzan zehar —alpinismoan eta irrati libreetan, besteak beste—, baina ezagunagoa da bere eleberri eta filmengatik, eta sari garrantzitsu askoren jabe da honezkero. Gidoilari trebea denez, horren fruitu da gaur ikusi dugun Konpromisoa, orain bizpahiru urte Frantzian arrakasta politaz antzeztu zena.

      Hasierako planteamendua ez da, printzipioz, beste munduko ezer: bi lagun egonean daude saltzeko zorian dagoen pisu kalamastra batean, eta eroslea etorri bitartean beren arteko kontuez ariko dira, harik eta euren sakoneko desberdintasunek talka egiten duten arte. Gauzak horrela, eroslea harrapatuta geratuko da bien arteko joko maltzurretan, eta ikusleak ezin izango du jakin zer gertatuko ote den azkenean. Jolas eszeniko horretan rol nabarmena jokatuko du antzerkiaren barruko antzerkiak, are gehiago kontuan izanda saltzailea bigarren mailako antzezlea dela, eta laguna, idazle frustratua.

      Behin joko horretan sartuta, ikusleria burgesak genero-kontuez, arrazismoaz eta erlijioei buruz dituen ikuspegi onberen gaineko ironiak zipriztinduko ditu hiruren arteko solasaldi surrealistak, eta horretan, seguruenik, zerikusi handia du Claudelek presoekin eta urritasun fisikoko nerabeekin irakasle emandako denborak.

      Espero zen legez, Ramon Agirrek eta Joseba Apaolazak efikazia handiz eraiki dituzte beste ezeren gainetik adiskide diren pertsonaiak, eta Zuhaitz Gurrutxagak kontrapuntu ona sortu du beste bien aurrean erosle xaloaren rolean. Eremu eszenikoa, ordea, egokia bai, baina oso estatikoa izan da, eta dramaturgia joko apalaren eraginez, antzezleen ofizio onaren esku geratu da emanaldia portu onera eramateko ardura. Azkenik, Arriaga antzokia polito bete duten ikusleek berotasunez eskertu dute komedia mamitsu hau ikusi izanaren aukera.