Opariek ez
Agus Perez
Berria, 2018-11-22
“Ghero”

Ekoizpena: Tartean Teatroa eta Euskaltzaindia. Gidoia eta dramaturgia: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Jokin Oregi. Musikagilea: Iņaki Salvador. Jantziak eta eszenografia: Ana Garai. Antzezleak: Olatz Ganboa, Mikel Martinez, Iņaki Maruri, Ane Pikaza, Patxo Telleria. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 20.

      Opariek ez dute azalpenik behar. Horrela diotso hiltzeko zorian dagoen gaixoak bere azken orduan lagundu dionari. Hizkuntza bat arbasoengandik jasotzea opari bat bezalakoa delako. Opari ederra zinez.

      Euskaltzaindiaren ehungarren urtemuga ospatzen ari garen honetan enkargatu zuen Akademiak euskararen inguruko antzezlan hau, eta horretarako, nor egokiagoa euskararen kontuari hiru hamarkadaz zentraltasuna eman diotenak baino? Izan ere, saihestezina da Mikel Martinez eta Patxo Telleria euskarari buruzko antzezlan umoretsuekin lotzea, baina oraingo honetan Tartean Teatroak eskaintzen duen dimentsio handiago batean ikusi ditugu, beste hiru antzezlerekin batera eta umorearen arloan bainoago gogoeta erdi soziolinguistiko erdi filosofikoetan murgilduta.

      Hasieran esan bezala, Telleriaren testuan hiltzeko zorian dago planetako azken euskalduna, eta bere zaintzaileak aldi bereko itzulpen sistema behar du harekin komunikatzeko, 3000. urtean biztanle guztiek hitz egiten omen baitute hizkuntza futurista bera. Balizko egitate horrek aitzakia ematen dio pazienteari euskararen gaineko hainbat azalpen eta istorio azaleratzeko, eta dramaturgia dinamikoa lagun eszena gaineko bost antzezleek funtsezko rola jokatuko dute kontu horretan, kontakizunetako pertsonaiak gorpuztuz eta, behar izan den bakoitzean, pertsonaia nagusiaren transposizio irudimentsuak gauzatuz.

      Axularren Gvero (Gero, gaurko grafian) izenburua hautatu da euskararen geroaz hitz egiteko, eta argumentuan zehar gogoeta interesgarri batzuk egin dira horren inguruan. Adibidez: konturatu al gara hizkuntza hegemoniko bat —latina hilik dagoela eta gurea, ordea, ez? Gaztelania edo frantsesa jakitean kosmopolitak gara eta beste hizkuntza bat erabiltzean ezjakin?… Horrelako kontuek eta emanaldian zehar hamaika hizkuntza entzuteak haietariko batzuk ebakera zalantzagarrian bada ere dentsitate berezia eman diote lanari. Era berean, zer pentsatua ematen du esperanto itxurako mintzaira futuristak ez digula batere arazorik eman argumentuaz jabetzeko. Zergatik, orduan, hainbeste erreparo euskarazko lanak edonon programatzeko?

      Azkenik, aipatzekoak dira eremu eszenikoaren planteamendu soil eta funtzionala eta jantzien diseinu dotorea, zuri, gris eta beltz distiratsuen gamarekin jokatu duena. Musikak ere bete du bere rol integratzailea, euskal kantutegi aberatsean oinarrituta, eta Jokin Oregiren zuzendaritzari zor zaio bost antzezleen protagonismoa orekatu izana, haietariko bakoitzari behar besteko distira emanez eta emanaldiaren tempoa erritmo egokian kudeatuz.