Konpainia: Borobil teatroa. Egilea: Iņaki Rikarte. Zuzendaritza: Anartz Zuazua. Musika: Ekhi Vegas. Jantziak eta eszenografia: Ikerne Gimenez. Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Tanya de Roberto, Ainhoa Aierbe, Iņigo Aranburu, Alazne Etxeberria. Lekua: Azpeitiko Soreasu antzokia. Eguna: Azaroak 17.
Bizi-legea da: gero eta gehiago bizi gara gizarte honetan, eta seme-alaba helduek gero eta denbora gutxiago daukate etxeko nagusiez arduratzeko. Hori berori da Borobil Teatro konpainiak Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinatu berri duen Roman eta Julieta-ren oinarria, film eta antzezlan askoren osagaia izan dena, baina oraingo honetan tarteko indar aztoragarri bat sartuko da eta dena hankaz gora jarriko du. Zeren eta, zer ote dago amodioa baino aztoragarriagoa? Eta zer aztoragarriagoa zaharren amodioa baino?
Gainera, Iņaki Rikarteren testuan alargun geratu berri den agurearen bakardadea ez da kontu bakarra izango, eta haren aitzakian gaurkotasun handiko beste auzi batzuk azaleratuko dira. Haien artean nolabaiteko zentraltasuna hartu dute paperik gabeko etorkinen egoerak, gaurko gizartean nagusi den berekoikeriak eta, zer esanik ez, hain zabalduta dauden aurreiritzi merkeek.
Anartz Zuazuaren planteamendua eszena labur askoren segidan garatu da, eta seguruenik, antzokia azken lerroetaraino betetzen zuten ikusleek telebistako erritmo bera antzeman dute emanaldian zehar. Nik, ordea, nahiago dut egoera dentsoagoek emandako destilazioaren likore lodia, baina ulertzen dut komedia gazi-gozoaren ukituarekin ikusle gehiagoren bihotzetan sartu dela lan honen mezua. Eta komedia puntua izatearekin bat, tragedia ere bada bere horretan, Shakespeareren Romeo eta Julieta-ren moduko amaiera heldu baino askoz lehenago. Ongi etorria izan dadila, era arinean bada ere, gaurko kezkak eta nahiak jasotzen dituen antzerkia!
Eremu eszenikoari dagokionez, bakuntasunera jo du Ikerne Gimenezek, eta erabilera askotako diseinu funtzional eta eskematikoa sortu du Romanen etxea, tanatorioa, igogailua, diskoteka, parrokia eta beste edozer leku irudikatzeko. Ordea, inork ez du sinatzen argien diseinua, eta pena da, argiei esker bideratu baita eszenaz eszena eta giroz giro aztertu dugun gatazka.
Zalantzarik gabe, Jose Ramon Soroiz eta Tanya de Roberto izan dira emanaldi honetako izarrak, baina erretorearen bulegoan izandako solasaldia —Julieta eta erretorearen artekoa— lan honek eman digun harribitxitzat jo dezakegu. Beste hiru antzezleak txukun ibili dira gorputz eta jarreren aldetik, baina gabezia nabarmena erakutsi dute ebakera garbiaren eta ahots-proiekzioaren kontuetan —telebistan baleude bezala jardun dira—, eta arazo horrek indarra kendu dio mezuari. Espero dugu estreinaldiaren ostean esandako arloak fintzea, lan interesgarri honek bide luzea egin dezan Euskal Herriko antzezlekuetan.