Arte eszenikoen jaia
Agus Perez
Berria, 2008-07-15

 

      Uda hastearekin batera Donostian dugu hitzordua arte eszenikoen munduan gabiltzanok, dFeria izeneko ekimenak deituta. Izan ere, betiko Antzerki Feriak bere izena aldatu du -dFeria deitzen da orain-, segur aski aurrekoa antzerkiari lotuegia zegoelako eta oraingoak Donostiaren irudi modernoa hobeto jasotzen duelako.

      Feriako bospasei egunetan, hiriko kale eta antzokietatik mugitzen dira Euskal Herriko eta kanpoko konpainiak, programatzaileak, era askotako kultur eragileak eta arte eszenikoen zaleak diren ikusleak, eta oso giro aberasgarria sortzen da, batez ere kontuan izanda feria egunetan profesionalek bilera garrantzitsuak egiten dituztela -Eskena, Sarea...- eta mahainguru interesgarri batzuk antolatzen direla. Aurtengo lehenengoan, adibidez, begiratu bat eman genion gure antzerkiaren azken mende laurdenari, Tanttakaren 25. urtemuga aitzakiatzat hartuta. Hain zuzen ere, Tanttakari eman dio Feriak Victoria Eugenia saria, haren ibilbide artistikoarengatik. Horrek guztiak eta Paseando con arte izeneko ibilbidean sortzen den giroak arte eszenikoen jaia bihurtzen dute Donostiako Feria.

      Aurtengo egitaraua aztertzen hasita, proposamenen barietatea eta produktu gehienen kalitatea nabarmenduko nituzke. Antzezlan on asko ikusi ditugu, bai aretoetan bai kalean. Aretoko muntaia xumeen artean, Enrique Federmanen konpainiaren Perras eta No me dejes así gogoratuko ditugu beren soiltasunean lortutako mailarengatik, baina Primos taldearen Algo de ruido hace bereziki indartsua izan zen, hiru pertsonaien ahalmen poetikoarengatik. Eta dantzaren alorrean Diana Szeinblum konpainiaren Alaska lanak oso proposamen aurreratu eta kementsua eskaini zigun. Hirurak dira argentinarrak, aurtengo edizioak ahalegin berezia egin duelako Hego Amerikako taldeak ekartzeko.

      Ekoizpen handien artean Declan Donellanek zuzendutako Shakespeareren Hamabigarren gaua izan da nazioarteko plater nagusia, eta haien atzean Japoniako Batik konpainiaren Shoku eta Peter Brooken Samuel Becketten testu zatiak etorri dira, nahiz eta azken horrek arkeologia kutsu nabaria hartu zuen, hala antzerki-lengoaiagatik nola antzezpenen akademizismoagatik.

      Donostiako Feria plataforma ona da euskal antzezlanak munduratzeko, eta aurten haietariko lau aurkeztu dira: Pok eta Chimeresen ¿Te acuerdas, abuela?, Tanttakaren Comida para peces, Agerre Teatroaren Secando charcos eta Kukubiltxoren La exacta superficie del roble. Azken biak, gainera, euskaraz programatu dira Feriaren aurreko eta osteko asteburuetan. Hala ere, euskal ekoizpenen artean Kukai eta Tanttakak sortutako Hnuy illa izan da izar nagusia eta zirrara berezia eragin du kanpotik etorritako ikusle askorengan ere.