Obrak eta konpainiak: 'Alaska' (Diana Szeinblum), 'No me dejes así' (Enrique Federman), 'Hnuy illa' (Kukai-Tanttaka. Eguna: Uztailak 11.
Aurten ate berezia zabaldu die Donostiako Antzerki Feriak Hego Amerikako ekoizpenei, eta laugarren egunean Argentinako Diana Szeinblum konpainia izan da ikusi dudan lehena. Alaska dantza lana kementsu agertu zaigu lehen momentutik, eta kementsu jarraitu du amaitu arte, hala planteamendu estetikotik nola dantzarien energia aldetik. Eremu eszenografiko soil baten erdian bi mutil eta bi neska aritu dira, banaka, bikoteka eta laurak batera, zehaztasun handiko ariketa bortitzetan murgilduta, eta zuzenean jotako biolin, piano eta sintetizadore musika obsesiboak lagunduta. Emanaldian zehar agerian geratu da lauren maila akrobatiko itzela eta baita ere haien arteko koordinazio eredugarria, bakarrik funtsezko gauzak konpartitzetik etor daitekeena. Gainera, unean uneko gorputzen biluztasunari eman dioten tratamenduak eszena artegagarri asko sortu ditu eta gizakien baitako larritasun osoa azaleratu du.
Jarraian Enrique Federman konpainiaren bikaintasuna dastatu dugu bigarrenez, No me dejes así antzezlanarekin. Herenegun bezala, agertokia hutsik egon da, nahiz eta oraingoan hiru aulki egon diren, eta lau aktoreen artean -emakume protagonista eta haren inguruko hiru gizonak- ahalmen handiko jostailu dramatikoa eratu dute, keinurik txikienak ere interesgarri bihurtuz eta munduko gauza apalenei sakontasun ikaragarria emanez.
Eta eguna amaitzeko, Kukai eta Tanttakaren artean sortutako Hnuy illa egon da Antzoki Zaharrean. Zornotza eta Durangoko emanaldiak galdu ostean, honetan ere kanpoan geratzeko zorian ibili naiz, sarrerak ia agortuta zeudelako. Baina jendearengan sortutako jakingura ez da harritzekoa, ikuskizunak jauzi kualitatibo argia delako aurreko bi elkarlan bikainen ostean, bertan parte hartu duten izenengatik -Jon Maia koreografian, Mireia Gabilondo zuzendaritzan, Iñaki Salvador musikan, Mikel Laboa kantetan....- eta, batez ere, Joseba Sarrionandiaren presentzia poetiko itzelarengatik. Esandako elementuen edertasunaz gain, eszenografiaren diseinu soil eta dotorea nabarmendu behar dugu, esangura estetiko handiko proiekzioen bidez jarri direlako harremanetan Sarrionandiaren olerki hunkigarriak eta dantza pasarte garbi-garbiak. Era horretan, poetaren berbak euria lez jausi dira gure gainean, eta zenbait momentutan gainezka egin du emozioen igoerak. Adibidez, Sustraiak han dituenak entzutean negar-anpuluak eta guzti atera zaizkit, eta irteeran ere begi gorrituak ikusten ziren jende askoren aurpegietan.