Musika konposizioa eta interpretazioa: Asier Erzilla, Fran Lasuen, David Nanclares. Antzezpena: Ruth Guimera, Kandido Uranga. Irudiak: Rosalinda Incardona, Victor F. Puentes, Joan Escofet, Carlos Serrano, Mundiplast. Ipuinen euskaratzea: Edorta Jimenez, Luis Berrizbeitia. Lekua: Zornotzako Zelaieta zentroa. Eguna: Apirilak 18.
Iberiar Penintsulako hizkuntza nagusietako bost idazleren ipuinak kontatzen dira Ipuin iberiarrak izeneko emanaldian, euskara, gaztelania eta katalanezko bana eta galiziera-portugesezko bi hartuta. Saio bakoitzean, baina, haietariko lau emateko asmoa dute, eta estreinaldi egunean Monzo, Llamazares, Rivas eta Atxagarena hartu zituzten, Saramagorena, beraz, kanpoan utziz.
Lehenago ere helduentzako kontakizunekin hamaika aldiz gozatu dugun arren, oraingo honek bi ezaugarri berezi dauzka. Bata --historia, kultura eta ideia libertarioetatik datorrena-- iberiartasun kontzeptu erdi ahaztu baina erakargarria da. Eta bestea --joera garaikideekin bat datorrena-- ipuin bakoitzaren inguruan atondu den joko estetikoa dugu.
Antolamendu estetiko horretan oso giro berezia eraikitzen du Fran Lasuenek (biolina), David Nanclaresek (soinua) eta Asier Ercillak (gitarra) osatutako hirukoteak, ipuin bakoitzaren azpitik soinu-dramaturgia moduko bat osatuz eta ipuin barruko etenaldiak musika-esaldi indartsuagoekin apainduz. Baina berrikuntza estetiko nabariena atzeko pantailan proiektatutako irudiak dira, proposamen honetako talde artistikoak benetako ahalegina egin duelako irudiok bereziak eta poetikoak izan daitezen. Era horretan ipuinak ez dira kontakizun hutsean geratzen eta aberasgarriagoa da entzun eta ikusten dugunaren arteko elkarreragina. Emanaldian ikusitako lau animazioak guztiz desberdinak izan dira, eta niri bereziki garaikideak eta poetikoak iruditu zaizkit Rosalinda Incardonaren txorien marrazketa delikatua eta Fran Lasuenen argazki erreportaje desolatua.
Amaitzeko, antzezleen rola geratzen zaigu. Ruth Guimera eta Kandido Uranga aritu dira kontu kontalari, batzuetan bakarka eta beste batzuetan elkarrekin, eta kontalarien lanabes soilekin ekin diote lanari, hau da, ofizioarekin eta presentzia eszenikoarekin. Bien artean bizia eman diete ipuinei, eta haien guztien inspirazioari esker emanaldi magiko batez gozatu dugu.