Egileak: Lurdes Baņuelos, Mireia Gabilondo. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Euskaratzea: Ritxi Lizartza. Eszenografia: Fernando Bernues, Edi Naudo. Argiztapena: Xabier Lozano. Lekua: Eibarko Hezkuntza Esparruko aretoa. Eguna: Martxoak 6.
Bost leiho eder ikusten dira taula gainean, kontraleihoak zabalik daude eta gortina zurietan zehar iragazten den argiak bost emakumeren siluetak marrazten ditu. Dantzan dabiltza bostak, dantzan ibili baitira bost emakumeen sentimenduak, bizipenak eta gogorapenak Eibarko Antzerki Jardunaldietan estreinatu berri den lan honetan.
Emakumeak izarapean prestatzean erronka serio bati egin dio aurre Mireia Gabilondok, emakumeen sexualitatea gai guztiz zabala eta korapilatsua izan daitekeelako, baina zuzendariak ganoraz ekin dio lanari eta sen handiz bideratu ditu bere esku zeuden baliabideak, oso produktu koherentea lortu arte printzipioz solteak ziruditen osagai askorekin. Zeregin horretan euskal eszenako izen ezagun batzuk izan ditu alboan eta argi dago ongi elkartutako ekipo baten modura funtzionatu dutela guztiek.
Testua da aipatu beharreko lehen osagaia, bost emakumeen ibilbide sentimentalak deskribatzen dituelako, pertsonaia bakoitzaren pasarte hautatuak irudikatuz. Horrela izanik, era guztietako eszenak ikusiko ditugu —batzuk umore handikoak, batzuk zeharo dramatikoak eta beste batzuk nahiko erotikoak—, baina betiere samurtasunaren eta dotoreziaren eremutik irten gabe. Hala ere, hainbeste pasarte solte irudikatu nahi izateak gehiegizko zatikatzearen arriskua dakar, azken finean agertokian ikusten duguna kontaketa laburren segida delako. Baina dramaturgia lan finari esker, bost emakumeen istorio guztiek osotasun moduko bat josten dute gure begien aurrean elkarrekin erlazionatuta eta ia trantsiziorik gabe ikusten ditugunean.
Dudarik gabe, barne koherentzia horretan paper garrantzitsua jokatzen du eszenografia erdi eskematiko erdi poetikoak eta harekin batera datorren argiztapenak. Gainera, bost pertsonaien arteko lotura subliminalak areagotzeko pisu handikoa izan da euskalki bakar baten alde egindako hautua. Eta azkenik, azpimarratzekoa da gizon bakarraren presentzia, era horretan erreferente komun bat sortzen delako bost protagonisten artean. Alde horretatik, esan beharra dago emakume bakoitzak bere nortasuna eta ibilbidea mantentzen dituela emanaldian zehar, baina Asier Hernandezek rol asko jokatzen dituela, besteen osagarri, lagungarri edo kontraste gisa.
Bost emakumeak, aldiz, segurtasun osoz ibili dira taula gainean, jakitun izan direlako egokitu zaien rola opari hutsa dela. Ezaguna da Teresa Calo eta Pilar Rodriguezen sendotasun eszenikoa eta horren arabera jokatu dute biek ala biek, beren ofizioari etekin osoa aterata. Sara Cozarren kasuan, aurreko lan batzuetan ere asko estimatu ditut bere erregistro zabala eta profesionaltasuna, eta Aitziber Garmendiarengan beti dira gozagarriak bere freskotasuna eta kemen gaztea, baina benetako sorpresa Beatriz Martinez de Antoņanak eman dit, berak eraikitako pertsonaia dramatiko eta tormentatuarekin.