Konpainiak: POK eta Theatre du Rivage. Zuzendaritza: Pascale Daniel-Lacombe. Musika: Pascal Gaigne. Lekua: Egiako Gazteszena (Donostia). Eguna: Uztailak 15
Jakingura handiz hurbildu nintzen POK produkzioek eta Théâtre du Rivagek elkarlanean sortutako Solisterrae ikustera. Donostiako Antzerki Feriako azken txanpa zen eta aurreko egunetako lan batzuen makaltasuna ikusita, nolabaiteko esperantza nuen estreinaldi honetan, batez ere kontuan izanda iazko udazkenean POK-ek Théâtre des Chimères-ekin sortutako Kaukasiar kreazko borobila-ren bikaintasuna.
Baina orduko hura ez zen izan Ipar eta Hegoaldearen arteko antzerki kolaborazio bakarra, sasoi berean Batekmila ekoizpen diskutigarria plazaratu zelako Luhusoko aretoan. Produktu hartako alderik baliotsuenak Théâtre du Rivageren esku zeuden zati antzeztuak izan ziren, eta orduan ere Hegoaldeko zenbait antzezlek jardun zuten Pascale Daniel-Lacomberen zuzendaritzapean.
Solisterrae-ren jatorrizko ideia Pascal Gaigneren musika eszenaratzea izan da, eta horrek nortasun berezia ematen dio lanari, eszena gainean ikusiko dugunak ez duelako parekotasunik ohiko antzezlanekin. Horrela izanik, pertsonaia oniriko sorta batek, berbaldi solteek -gaztelaniaz eta frantsesez- eta egoera surrealistek beteko dute agertokia, konpositoreak sortutako musika-pasarteak hala edo nola irudikatuz. Ikusten denez, muntaia eremu interesgarri baina arriskatu batetik abiatzen da eta niri zalantza batzuk sortu zaizkit emanaldian zehar, zeren eta badirudi Gaigneren musika bikainak atmosferak sortu baino gehiago paisaia zehatzak deskribatzen dituela, oso era zatikatuan gainera, eta hori oztopo gaindiezina izan dela produktu eszeniko guztiz erakargarria eraikitzerakoan.
Taula gaineko koadro solte ugariei nolabaiteko lotura emateko pertsonaia pare bat prestatu ditu zuzendariak. Biak goitik jaisten dira hasieran eta leku beretik desagertuko dira amaieran, mundu honetakoak ez balira bezala. Haietariko bat pianista da eta besteak eszena etengabe zeharkatzen duten pertsonaiak behatzen ditu, keinu zama nabariarekin gehienetan, nahiz eta bere zeregin argumentala guztiz lausotua den.
Annie Onchalok diseinatutako eremu eszenikoa ere aho biko ezpata da, behegaineko hiru mendixkek eta atzeko egitura metalikoak finkotasun handia ematen diotelako paisaiari, ikusleen irudimenaren askatasuna ezinbestean mugatuz. Proposamena, dena den, bertan zeuden ikusle askoren gustukoa izan zen, baina aldi berean argi dago esandako arazoek eta emanaldiaren gehiegizko luzerak asko apaldu zutela proiektu polit honen distira.