Liburua: Kaukasiar kreazko borobila
Egilea: Bertolt Brecht
Euskaratzailea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Artezblai
Urtea: 2006
Theatre de Chimeres eta Pok taldeen ardurapean taularaturiko Bertolt Brecht-en Kaukasiar kreazko borobila lanaren antzezpenak oso harrera ona izan zuen duela hiruzpalau hilabete. Antzezlana eta antzezpena hainbat eta hainbat komunikabidetan goratu zen, eta baita VI. Donostia Antzerkia saria jaso ere. Sari horretako epaimahaiaren hitzetan, antzezlan hori euskal antzerkigintzaren historian mugarri dugu. Hortaz, hain harrera beroa izan duen antzezlana izanik, poztekoa da Artezblai argitaletxeak lan hau argitaratzeko asmoari lotu izana, eta antzezpen haren oinarri izandako testua guztion eskura jarri izana. Izan ere, halako argitalpenak euskal antzerkigintzaren historiarako premiazko lekukotzak ditugu. Gainera, antzezlanaren testuarekin batera Pascal Gaignek antzezpenerako prestaturiko musika-partiturak, eta arlo teknikorako egindako diseinuak ere (Annie Onchalok irudikaturiko eszenografia eta Pierre Auzasek zehazturiko argi-jokoak) bildu dira argitalpen honetan. Beraz, antzezpenaren dimentsio berezi horiek ere papereratzeko saioa egin da, eta eskertzekoa da.
Baina bada besterik, beste zer mamitsuagorik. Gozagarri da Bertolt Brechten antzezlan hau. Idazle alemaniarraren azkenaldiko uzta dugu antzezlan hauxe, 40ko hamarkadako uzta. Eta ordurako jada Brechten antzerkigintzan (eta oro har, literaturan) ohikoak bilakaturiko motibo zenbait ageri dira antzezlan honetan ere: botereari kritika, ukitu didaktikoa, justiziaren aldeko aldarria, gerren inguruko gogoeta, eta abar. Dena dela, antzezlan honetan gai konkretu baten inguruan harilkatu zituen gogoetak, hain zuzen ere, jabetzaren inguruan. Jabetzaren gaiaren inguruan hausnarrean jarduteko honako egoera hau aurkezten da: Hitlerren erasoen beldur Kaukasoko abeltzain talde batek bere harana utzi egiten du, baina gerra amaitutakoan eta utzitako haranera bueltatzean lur horietan zenbait nekazari kokatu direla ikusiko dute. Eta horrela, lur horren jabetzaren inguruko eztabaida zabaldu egiten da. Abiaburu den egoera hori auzia argitzeko asmoz antzerki talde batek prestatu duen antzerki bat taularatzeko bidea ere bada, eta antzezpenaren barruko antzezlan horretan mintzagaia ere jabetza izango da; oraingo honetan, ordea, pertsonen inguruko jabetzaz zabalduko da gogoeta. Izan ere, Nukhako gobernadorearen emazteak bere semea abandonatu du, kasu honetan ere erasoen beldur, eta haren sehi batek haurra jaso eta zainduko du. Horrela, haur horren jabetzaren inguruko eztabaida izango da abian jarriko dena. Azken batean, bigarren istorio hori abeltzainentzako irakaspena izan nahi du: “Munduko gauzak oro joan daitezela / baliatzen dakitenei” (101). Eta jabetzaren gaia jorratzeko ukitu didaktikora jo bazuen ere, irakurle hau harrapatu duen istorioa sortu zuen, helburu didaktiko horretaz haratagoko xarma piztarazi duena, besteak beste, Groucha emakumearen moduko pertsonaia indartsuak sortuz. Eta halaber, helburu den mezuaz gain, testuan zehar badira beste zenbait gogoetabide eta zirrikitu, antzezlanaren amaiera itxi hori bezain estu ez direnak, eta irakurle honen arreta piztu dutenak. Azken buruan, jabetzaren inguruko gogoeta irekitzearekin batera, justiziaz, ekonomiaz, gizon-emakumeen arteko harremanez eta bestelakoez mintzatzen da.
Bestalde, Itxaro Bordak frantsesezko bertsiotik egindako itzulpenak gozabideei eutsi dielakoan nago. Batetik, ekialdeko ukitua duen euskarari mintzagai duen giroa sortzeko aproposa iritzi diodalako, eta bestetik, antzezlan honetan hain garrantzitsuak diren kantuak josteko trebe aritu delako. Estimatzekoa, beraz, Brechten antzezlana euskal irakurleoi hurbiltzeko egindako saioa.