Fruta kaxen artean
Agus Perez
Berria, 2005-11-13
“Neska politak, artasoro alaiak”

Egilea eta zuzendaria: Maite Agirre. Koreografia: Carlos Ngema. Antzezleak: Arantxa Gurmendi, Jon Gaubeka. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: azaroak 11.

      Fruta kaxen artean dabil Ixi egunero, merkatuan frutak eta barazkiak saltzen. Bere urteak ditu baina ez da oraindik zaharra. Urteek bizitzaren eskarmentua eman diote eta opari gisa, gogorapenak, poltsikoetan gordetzen dituen argazkietan azaleratzen direnak. Ixaren salmenta postutik hurbil Norden afrikarra dabil, CDak saltzen. Gaztea da, energiaz betea, eta aurrerantz begiratzen du, atzean utzitako iragan gogorra ahaztuta. Hasiera batean ez dakigu asko ez bataren ez bestearen bizitzaz, eta beharbada amaieran ere ez dugu askoz gauza gehiagorik jakingo, kontua ez delako bata edo bestearen historia osoa berreraikitzea. Neska politak, artasoro alaiak-en gauzak beste era batean aurkezten dizkigute eta pertsonaia biak euren arteko dialogo laburrengatik ezagutzen saiatu beharra dugu, bizitza bera horrelakoa delako, enkontru laburrez osatua, eta gehienetan topo egite haietatik gehiago atera zitekeen sentsazioa uzten digulako.

      Beraz, tarteka-marteka moztu eta tarteka-marteka berreskuratzen den harreman horretatik saiatuko dira pertsonaia biak eta gu geu zukua ateratzen. Eten sentsazio horri eusteko eten ugariz jositako dramaturgia atondu du Maite Agirrek, erritmo eszenikoa sortzeko eta elementuen arteko kontrasteak areagotzeko. Bestalde, soiltasunaren aldeko apustua aipatu behar dugu, agertokian kaxa-dorreak eta aktoreak besterik ez daudelako. Haien atzean, baina, Freenetik musika-taldea dago, funk-rock musika zuzenean jotzen eta beste kontraste indartsu bat sortzen afrikar gaztearen estiloko musiken eta Ixiren gustukoen artean. Fruta kaxetan proiektatzen diren irudiek ere beren zeregina daukate pertsonaien oroimenak adierazterakoan baina, funtsean, bakarrik daude protagonista biak eszena gainean eta horrek areagotu egiten du bakoitzak burututako antzezpenaren balioa. Arantxa Gurmendik oso pertsonaia polita eratzen du, eskarmentu handikoa eta bizitzak zaildua, eta Jon Gaubekak sinesgarri egiten ditu bere iraganaren gogorapenak, nahiz eta larregizko mugimendua erabiltzen duen bere gaztetasuna eta bizi-poza adierazteko.Azkenik, euskararen tratamendua komentatu behar dugu. Freenetik taldeak ingelesa, gaztelania eta euskara tartekatzen ditu, konposizioen musikaltasunaren arabera, Gaubekaren pertsonaiak etorkinen modura egiten du berba, aditz asko janda, eta Gurmendiren ahotik oso euskara jatorra entzuten dugu, dotorea eta natural-naturala aldi berean, atsotitz askorekin hornitua eta baserriko jendeak hainbeste maite duen berba-ekonomiarekin. Ederra benetan, antzerki testuetan nagusi izaten den gramatikaltasun gogorra ikusita!