Egilea eta zuzendaria: Jokin Oregi. Jatorrizko musika: Pello Ramirez. Argiztapena: Xabier Lozano. Antzezleak: Reyes Moleres, Patxo Telleria, Eneko Olasagasti, Tessa Andonegi. Lekua: Santzurtiko Serantes aretoa. Eguna: azaroak 10.
Ozen ez esateko gauzak dituzte Ezin dut egia esan antzezlaneko pertsonaiek. Bikotekidea ez mintzearren esaten ez ditugun gauza haiek, norberaren bizimodua hankaz gora ez jartzearren aldarrikatzen ez ditugun egia haiek, lagun mina ez galtzearren aitortzen ez diren sekretu haiek...
Baina, gehienetan, gordetzen dugun hori ez esateak min gehiago sortzen du bai gugan bai itxuraz mindu nahi ez dugun horrengan, eta ezkutuko min horietaz hitz egiten digu Oregik bere testuan, bi emakume eta bi gizon hondartza galdu batean jarrita. Mundutik urrun eta elkarren aurrean daude, eta orduan azaleratuko dira gauzak, eta oxigenoa hartu, nahiz eta aire garbi hori sartzeko ezkutuko kontuek eztanda egin behar duten.Ikusten denez, maitasun istorio tipikoetatik eta bikotekideen arteko ez-fideltasun kontuetatik ihes egiten saiatu da egilea, eta gehienetan lortu egin du, bikoteen barruko txikikerietan eta ika-mika miserableetan jausi gabe. Hasierako pasarte nahasien ostean, tonu lasai eta pausatua hartuko du emanaldiak, eta aktore bakoitzak bere pertsonaia eraikitzeko denbora izango du, denbora asko igarotzen delako fikzioan eta denbora behar dutelako pertsonaiek egoera berrietara egokitzeko eta norberaren bilakaerari bidea irekitzeko.Gaiaren tratamenduaz gain, aipatzeko modukoa da aukeratutako planteamendu ez lineala, zeren eta ikusleak ez du ikusiko istorioen kontakizun jarraitua, alderantzizkoa baizik. Izan ere, esan dezakegu pertsonaia bakoitza bere denbora-gunean mugitzen dela eta bere denbora pertsonaleko gertakizunek bat egin dezaketela Ðedo ezÐ beste pertsonaien denboretan gertatutakoarekin. Horrek interesgarri bihurtzen du berez misterio handirik ez duen kontakizuna eta, dudarik gabe, aurkikuntza polita da denborarekin eta dialogoen aldiberekotasunarekin jolasteko sistema hori.Eszenaratzeari dagokionez, eremu eszeniko eskematiko polita aukeratu dute, hondartzaren ezereztasuna baliatuta, baina azkenean apur bat nekagarria da pertsonaiak beti egurrezko pasabide beretik sartu eta irteten ikustea. Bestetik, ederto eusten diete laurek beren pertsonaiei, esaldi batzuk oso lagungarriak ez diren arren, nolabaiteko akademikotasuna nagusitu delako testuan jende normalaren hizkeraren gainetik. Azkenik, zuzendu beharreko akats bat aipatu beharra dago, eta zera da, oso gutxi entzuten zirela aktoreen hitzak, ikusleok erabateko isiltasunean egon ginen arren. Izan ere, nik uste dut emozioak ozenago ez komunikatzeak asko apaldu duela lan polit honek sortutako zirrara.