Sakon, busti, leun... eta libre
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1995-06-15
“Bihozkadak”

Izenburua: “Bihozkadak”. Taldea: Dzanga! Zuzendaria: Jasone Alba. Idazlea: Yolanda Arrieta. Antzezleak: Ainhoa Almandoz, Amaia Cuende, Izaskun Lopetegi, Nagore Orbeltzu eta Elene Sustatxa. Jantziak: Mabel Gutierrez. Argiztapena: Santi Ezkurra. Non: Bilboko La Fundicion aretoan. Noiz: Ekainaren 9 eta 10ean. Iraupena: Ordubete.

      “Proposamen mugatarrak” izeneko antzezlan multzoa osatzeko, oso proposamen interesgarri bat ikusi dugu Bilboko La Fundicion aretoan bost emakume gaztez osatutako Dzanga! taldearen eskutik, “Bihozkadak” euren lehen eta ia estreinatu barik duten lanarekin.

      Azken lau asteburuotan taularatutako lau muntaien artean, agian “Bihozkadak” hau izan daiteke proposamen mugatarraren ideiari hoberen atxikitzen zaiona, poesia, dantza eta teatroa bat datozen mugan garatzen baita. Dzanga! taldekideek beraiek dioten moduan, ikuskizun hau “... ametsera, hausnartzera eta, batez ere, bihotzari bero eustera gonbidatzen duen lana da”. Eta nik neuk ezin izango nuke hobeto adierazi, “Bihozkadak” lana bihotzez egina delako. Bertan hitzak, musika eta mugimendua konbinatzen dira estetika leun eta tolesgarri baten bitartez, emaitza guztiz aierukorra eta poetikoa izanik. Zeharo poetikoa den Yolanda Arrietaren testu aberatsa zabaltzen da gure aurrean, irudi ederrez josita, sotiltasunez beteriko euskara erabiliz, eta bikain harmonizatzen da bai antzezleen gaztetasunarekin bai gorputzen mugimenduekin. Hitzen ebakitzea garbia da, delikatua; bost emakumeen ahotsek ondo baino hobeto modulatzen dute eta berba bakoitzak, pentsamendu bakoitzak, distira berezi bat hartzen du berezko sakontasun batera ailegatuz.

      Esan dudan bezala, muntaiaren erabateko lilura testu poetikoari dagokio neurri handi batean, baina erakarpen horretan zerikusi handia izan dute beren aldiz koreografiek eta lan dramaturgikoak, kontuan hartuz bestalde testua bera ez dela bere aldetik jaio gero gainontzeko beste elementuekin moldatze lan batean parte hartzeko, baizik eta obraren osotasunarekin batera sortu dela taldean, bi urtez luzatu den inprobisazio lan antolatu baten ondorioz. Jantzien kolore suabeek eta argiztaketa txukunak azpimarratzen dituzte emakume hauek adierazitako egoera ezberdinak eta noizean behin, isiluneen gainetik edo hitzen azpitik, Elene Sustatxak akordeoiaz jotako musika ederra tartekatzen da. Baina hau guztia ikuskizunaren garapenerako funtsezkoa izan arren, zuzendaritza lanean aritu den Jasone Albaren papera aipatu behar da era berean, muntaiaren zehazkizun guztiez arduratu baita maitekiro, ama bat legez, eta erritmo bizia eman baitio ikuskizunari talde kohesio nabaria landuz eta antzezleen adierazteko ahalmena bultzatuz hutsik dagoen eszenatoki batean.

      “Bihozkadak” lanak bidaia sinboliko bat egitera eramaten gaitu, emakume batzuen hiru etapa ezberdinetan zehar: gaztetasuna eta proiektuen aroa da lehena, maitasuna eta heldutasuna ikusten ditugu bigarrenean eta hirugarrena heltzen denerako magiak harrapatuta bagina bezala gaude, erabat murgilduta jadanik musikaren, isiluneen, koreografien eta koloreen poesian. Izan ere, hau guztiarekin eraiki da “Bihozkadak”, sakon, busti, leun... eta libre burutu den antzezlan hori.