Obra: “Frank V”. Egilea: Friedrich Dürrenmatt. Taldea: Akusa Antzerki Produkzioak. Aktoreak: Aitor Aldabaldetreku, Amparo Blanco, Mikel Garmendia Jr., Pilar Guerra, David Ladron de Guevara, Jaime Montoya, Rosa Rojo, Ion Sarasti, Ritxar D. Zumalabe. Eszenografia: Ion Sarasti. Argiztapena: Sergio Roncal. Jantziak eta apaindurak: Luis Morales. Musika: Maria Jose de Bustos. Zuzendaria: Ion Sarasti. Non: Bilboko La Fundicion aretoan.
Estreinaldi bikoitza izan da Bilboko La Fundicion aretoan programaturiko hirugarren antzezlana, Akusa produkzio talde berriak bere lehen muntaia estreinakoz taularatzen baitzuen, Friedrich Dürrenmatt-en “Frank V” obra hain zuzen ere. Aurreikusitako lau antzezlanen artean bat izango da handiena, testuaren tamainari, taularatzearen konplikazioari eta pertsonaien kopuruari dagokienez, haiek guztira 16 izanik 9 aktorek antzezten baitituzte ere.
Akusakoek beren buruak aurkeztean azaldu zuten moduan, euren asmoa giza salaketa lantzea da eduki politikodun autore ezberdinen lanak taularatuz, Dürrenmatten testu hau hori dela-eta egokia izanik printzipioz, nire iritziz arazo lar sorrarazten duen arren, konpainia berri baten lehen muntaiarako batez ere. “Frank V” obrak izen bereko familiako bosgarren ondokoak bere laguntzaile-gaizkideekin gobernaturiko banku baten gorabehera mafiosoak deskribatzen ditu fartsa estiloan. Antza interesgarria den planteamendua beraz, baina antza bakarrik haatik, suitzar egilearen lanik onena hau ez delako, kontutan hartzen badugu behintzat bertan bi orduz luzatzen den pertsonaien eta koadroen segizio amaiezina. Aldaketa eszenikoak ugaltzen dira, baina erritmoa ez da arina; behin eta berriro agertzen eta desagertzen dira pertsonaiak, baina ekintza ez doa aurrera; nahiz eta solasaldiak bata bestearen jarraian etorri esandako gehiena ez doa inora eta ez du ezer aportatzen problema bere sakontasun osoan aztertzeko. Benetan uste dut konpainia berri batek beste testu samurrago bat aukeratu behar izango zukeela, ala hau aukeratzekotan, obrari ebakitze, garbitze eta gaurkotze lan trinkoa egin behar izango ziokeela, zeren, gerra osteko hamarkadetako kontzientzia sozial-kristauaren zordun izanik erabat galdu baitu orain hogeita hamar urte izan zezakeen zama kritiko edo ironikoa.
Eszenaratzeari begira, hainbat frontetatik heldu zaizkio zailtasunak ere muntaiari. La Fundicion aretoa oso gune egokia da berez ikuslearengandik hurbil egotea bilatzen duten muntaietarako, “Molly Bloom”, “El silencio de las Xigulas” eta asteon ikusi dugun “Bihozkadak” muntaia intimista adibidez. Kasu hauetan mesede egiten die areto honen tamainak ikuskizunei; “Frank V” bezalako lanei, aldiz, aretoaren neurriek kalte egiten diete. Ion Sarastiren eszenografia nahasiak, gainera, ez du oro har irudimenik eta bestalde astun mugitzen da hain txikia den espazio horretan eta aktoreen keinu “brechtianoak” ere, hala nola gehiegizko makillajea, egokiagoak izango lirateke antzoki handiago batean urrutiko ikusleen aurrean, baina metro t’erdiko distantziara lekuz kanpo geratzen dira. Interpretatze ahulezia lehen eguneko urduritasunak eraginda izan zen segur aski, baina bestaldetik espero genuen fartsa gauzatzen ez bazen ere, pertsonaiek ez zuten inolako sinesgarritasunik lortzen eta talde kohesio gutxi sumatzen zen. Denok dakigunez, hau guztia gertatzen denean, bi motibo bakarrik izan daitezke: entsegu gutxi ala zuzendaritza lan eskasa. Eta ikuslea bere besaulkian mugitzen hasten denean...