Izenburua: “Denak errudun”. Egilea: Martine Tartour. Euskarazko itzulpena: Cristina Lasa. Taldea: Tanttaka. Zuzendaritza eta egokitzapen: Pere Sagrista. Argiztaketa: Patxi Ariztimuņo. Antzezlariak: Teresa Calo, Mireia Gabilondo, Garbiņe Losada, Amaia Cuende. Non: Getxo antzokian. Noiz: Martxoaren 4an. Iraupena: Ordubete eta laurden.
Bilatu dut entziklopedia batean ea zer esan nahi duen blues hitzak eta bertan esaten denez, blues-en gaiak etsipena, ezbeharra, frustrazioa, txarto ordaindutako lana, pertsona maitatua galtzea eta eguneroko errealitatea ditugu, besteak beste. Aurkitu dudan definizioak ondo baino hobeto islatzen omen ditu haur bat mundura ekartzeko prozesuaren ezaugarriak, Martine Tartour-ek berak bere “Denak errudun” nobelan azaltzen duenez. Beraz, ederto nabil momentuz bizitza arruntaren gai honetan; izenburu bikaina aukeratu dut nire zutabetxorako, antzezlanaren testutik zuzen aterata dagoela aitortu behar badut ere. Dena dela, egilearen asmoa ez da blues-en tristura kutsurik ematea gai honi, guztiz kontrakoa baizik. Tartouren obran haurdunaldia, erditzea eta umearen lehen urteetako gorabeherak alaitasunez ikusten dira, ironia pittin batez hor eta hemen agian, baina goibeltasuna edo samindura inolaz ere erakutsi barik.
“Denak errudun” lanaren testua distiratsua, adimentsua da goitik beheraino. Bertan errealitatea, ohituta gauden moduan baino gehiago beste ikuspegi batetik azaltzen zaigu. Tratamendu horrengatik, testuaren pisuagatik eta umore fin baina zorrotzagatik Dario Foren lan bat ematen du zenbait momentutan, nahiz eta Tartouren estiloa eta analisiak askoz suabeagoak izan. Niretzako, testu honen akats bakarra egitura dramatikoaren falta da. Ez dugu aurrerantz doan ekintza nagusirik igartzen, bizitza arruntaren anekdota txikiak bakarrik kontatzen dizkigute. Ez dago argumentuaren progresiorik, aurrera doan gauza bakarra haurdunaldia eta jaio berriaren hazkuntza prozesua izanik.
Hala eta guztiz ere, oso interesgarritzat jotzen dut Pere Sagristak egindakoa egokitzapen eta dramaturgia arloetan. Bere lanaren bitartez, jatorriz bakarrizketa nobelatua zena antzezlan arina eta bizkorra bihurtzea lortu du zuzendari katalan honek, protagonistaren pertsonaia lau antzezlariren artean banatuz. Aldi berean, eta banaketa hau dela medio, emakume bakoitzaren esperientzia indibiduala haien guztien arteko kontutzat agertzen da, beste maila zabalago bat hartzen duela. Taula gainean dauden lau emakumeek txandaka eramaten dute ama edo beste edozeinen rola, banaka batzuetan, binaka edo laurak batera beste batzuetan, eta batek hasten duen esaldia haietariko norbaitek amaituko du, lanari egundoko erritmoa eta arintasuna emanez guztien entusiasmo eta parte hartzeari esker.
Ildo horretan, azpimarratzekoa da antzezlariez aparte erabat hutsik dela eszenatokia, lau aktoreek antzezpen guztia publikoaren aurrean ematen dutelarik. Datu horiek jakinez gero, hobeto preziatzen da euren lanaren balioa aurpegiei, keinuei, ahotsei eta presentziari begira, hala nola taldearen kohesio sendoa eta elkarren arteko koordinazioa lehen emanaldietako akats ulergarri batzuk kenduta, zelan ez.