Dena dago egiteko
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2021-11-01
“Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi”

 

      Gaurkoan bai. Antzokiko eserlekuak jendez lepo, ikuslegoa gogoz eta taula gainekoa jasotzeko jarrera harkorrarekin, gremioko profesional eta sortzaile ugari besaulki patioan eta estreinatzera zihoazena azalean itsatsia zeramaten hiru aktore handi eszenatokian. Leku propioa justiziaz lortua baitute aspaldidanik Erika Olaizola azpeitiarrak, Amancay Gaztañaga zestoarrak eta Iraia Elias zarauztarrak. Euskal teatroak bizi duen eraldaketaren erakusle garbi diren hiru sortzaile emankor horiek eskaintzeko zutenaren aurrean bazen, bai, ikusmina. Panpina, Matriuska, Käffka, Zulo film laburra… zerrenda dezentea da talde horrek azken urteetan ondu duenarekin osatu daitekeena. Metafikzioa proposatzen digu hirukoteak oraingoan, bi laukiz osatutako mundua; lauki txikian fikzioa aurkitzen da, topiko eta iruditeria pozoitu eta zitalaren espazioa. Lauki handiagoan —txikiagoa dena zeharkatuz eta bilduz— hautsi eta aldaarazi nahi den fikzio horren baitako gunea. Hiru emakumeren boterea, aldarria eta amorrua dantzan, fikzioarekin uste baino parekotasun gehiago dituen errealitate zeken batean.

      Hasieratik txertatu da ikuslea proposatutako munduan. Bridgerton telesail estatubatuarraren usaina duen prologo umoretsu eta biziak testuingurua azaldu digu. Emakume eta gizonen arteko maitasun idealizatuaren —gainontzeko maitasunak existituko ez balira bezala—, gizonaren amodioa lortzeko sexu femeninoak izan ditzakeen borroken edota emakumearen funtzio dekoratiboaren erreprodukzio kritiko-komikoa gauzatzen dute taula gainean hiru andere pertxentek. Derrepentean, hausten dira laukiko hormak eta norbere euskalki naturala berreskuratuta, gona luzeak kenduz kortse koloretsuak bistan utzita, bueltatzen gara errealitatearen espaziora. Aipatu nahiko nuke, bi munduak bereizteko euskara moldatzea —beste zenbait elementuz gain— polita iruditu zaidala, baina gazteleraren erabilera zenbait esaldi eta espresio kolokialetan gehiegizkoa egin zaidala. Ikuslegoaren barrea eragiteko, esaldi amaiera batzuetan gaztelaniazko esamoldeak erabili behar izateak indarra kentzen dio helarazi nahi den mezuari, nire ustez.

      Gainontzean, lan fresko, berritzaile eta konprometitua iruditu zait gaurkoa, inondik inora ere. Egia da, inprobisazioaren bidetik sortutako pieza dela nabari zaiola. Hasierako erritmo bizia mantentzeak esfortzu handia eskatzen du, eta errealitatearen laukian kokatutako zenbait pasartetan, jaitsi egiten da hirukotearen intentsitatea, bukaera aldera berriro errekuperatuz martxa. Trantsizio zenbaitek ere beharko lukete bizitasun apur bat, baina estreinaldiaz haratago orraztuko dute oraindik ertzik. Hirurak dira abilak taula gainean, esaten eta egiten dutena dena delakoa izanda ere, eta lanak dohain natural horretatik asko duela esango nuke. Kontakizunaren eraikuntzan, testu aldetik agian, zerbait sendoagoa helaraztea ere ondo egongo litzatekeela iruditzen zait, natural eta inprobisatua dirudienaren atzean dagoen lan mardulari inongo baliorik kendu gabe. Manikiekin eginiko jokoek, zuzeneko musikak —eta looper bidezko transformazioek— edota Barbara de Sastra jostunak sortutako jantziteriak ederki biltzen dute pieza.

      Izaki berri baten jaiotzaren testigu izateko zortea izan dugu. Beharrezkoa den lan aldarrikatzaile baten lehendabiziko taularatzeaz gozatu dugu. Mezua herriz herri zabaltzeko eta barrenean modu tinkoan lotua dugun iruditeria kutsatua hausteko erronka dute orain aurretik. Finean, dena dagoelako egiteko. Fikzioa ez da errealitatearen errepresentazio krudel bat besterik, eta emakumeen aldarrikapen, desira eta beharrak pantailetatik, liburuetatik zein antzezlanetatik at hezur mamitu behar dira lehendabizi. Gure hautuez kontziente izan behar gara eta kontsumitzen dugunak ere izan behar luke etsenplu. Lan honekin helburua lortzetik gertuago gaudenaren konbentzimendua dut.