Badaramatzagu hiru jardunaldi antzerki lan anitzez gozatzen eta hiru egunotan amankomuna izan da ikusleari azaldu nahi izan zaion istorioaz gain beste zenbait elementu erabiltzea taula gainean, narratiba hori azpimarratzeko edo. Haurrei zuzendutako piezetan lehena izan da larunbat arratsean Gorakada taldeak aurkeztu duen Zuhaitzak landatzen zituen gizona, Jean Gionno idazle frantsesaren kontakizun baten moldaketa, hain zuzen. Gaurkotasun erabatekoa duen gaia, ingurumenaren eraldaketa eta kontzientziazio ekologikoarena, belaunaldi gazteenei azaltzeko, haur literaturan ohikoa den maisu eta ikaslearen figurak erabili dituzte, gerra eta gatazkez haratago, zuhaitzekiko eta bere baitan hartzen gaituen amalurrarekiko maitasuna transmititzen dituen artzainaren eta txunditurik aurkitzen den gazte kuriosoaren rolak izanik lanaren nukleo.
Topaketen lehen aste bukaera honetan —orain artean behintzat— errepikatu den beste gauza bat antzerki obren ideiaren eta amaierako emaitzaren arteko distantzia nabarmenarena da. Moby Dick lanarekin duela zenbait urte ikuslegoaren saria lortu zuen taldeak baditu erremintak ikuslegoa asebeteta uzteko baina gaurkoan elementu extranarratiboek eraiki nahi zen gaztelua hondorarazi dute. Aktore protagonistaren gogo eta ahalmenak garbi ikusi dira baina alboan zuen musikari-aktorearen figurak ez zion batere laguntzen. Azken honen inplikazioa azalekoa zen oso dramatikoki eta musikaren arloan istorioarenean baino gehiago zegoela zirudien, taula gainean zuzenean musika —edo soinua, entzundakoak entzunda— sortu eta berau hari narratiboan txertatzearen zailtasunak aipatu gabe. Izan ere, irudi lezake exotikoa eta transgresorea biolontxelo baten sokak hala saxofoi baten ahokoa modu gogogabean jotzeak inprobisatzaile buzoa jantzita baina musika hori baino gehiago da eta merezi du bai lanketa sakon eta kontzienteago bat, beronen erabilerarekin amaierako produktua edertu nahi bada, behintzat.
Ez dut esan nahi konplexutasuna bilatzeak arrakastara ate bat irekitzen duenik; alderantziz, gaurkoan defenditu nahi nuke sinpletasun ondo landuaren meritu eta garrantzia. Zientzia-fikzioaren alorrean errodatutako pelikulen edota pertsonaia soil baina sakonen gatazka dermikoetan oinarritzen diren istorioen arteko balantzan, non kokatuko zinateke? Ni beti izan naiz bigarren aukeraren aldekoa eta artifizio eta bilgarri distiratsuez gaindik azala lazten dizuten emozio horiek konektatzen naute behin eta berriz giza izatearekin eta berresten didate arteak gizarte likido, labainkor honetan posizio zentral bat izan behar duela. Horrexegatik eta hurrengo lanetan horrelako zerbait topatuko dudalakoan, sinpletasunaren gorespena aldarrikatu nahi nuke lau haizetara, naturala, konprometitua eta bihotzez egina den zerbaitek, zeharkatuko baitu —onerako hala txarrerako— aktorea eta ikuslea banantzen dituen pareta ikusezina.