Zerk izutzen ditu aktoreak?
Eneko Olasagasti
Argia, 2007-10-21

 

      Alegia, antzerki arloko lan hitzarmena sinatzeko momentuan —urte luzeetako negoziaketaren ondoren— zerk izutzen ditu aktoreak atzera egiteko? Lau urte luze daramat ESKENA (Antzerki Enpresen Elkartea) kudeatzen eta kontua lehenagotik dator. Paradoxaz betetako prozesua izan da, edo hobe esan, da, zeren ez baita bukatu.

      Gauza asko ez ditugu ulertzen. Lehenengoa, interes gehiago dagoela enpresen aldetik alde sozialetik baino, hitzarmena aurrera atera dadin eta normalean kontrakoa izaten da. Langileak izan dira beti, borroka luzeen ondoren askotan, lan hitzarmenak errebindikatu dituztenak. Zergatik? Gaur egun enpresari garen gehienok lehenago aktore eta langile izan garelako, eta kasu askotan bagara oraindik. Talde zirenak Enpresa bihurtu ziren Jaurlaritzak bultzatuta sormen lana baldintza duinetan bermatzeko, langileen eskubideak errespeta zitezen (Ogasuna, Segurantza Soziala eta abar), azken batean, arloa behar bezala egituratzeko.

      Bide luzea egin da eta egiteko asko dago oraindik, besteak beste, lan hitzarmenak aktoreekin eta teknikoekin. Talde asko daude Eskena barruan eta kanpo, eta denak baldintza berdinetan eta duinetan lan egitea da gure helburua. Denek —eta horrek bedeinkazio guztiak edukiko zituen— hitzarmena eskatzen zuten. Aktoreak kontratatu nahi zituen edonork bete beharrekoak. Horretarako hauteskunde sindikalak egin beharko genituen enpresok EAEko hiru lurraldeetan. Eta prest azaldu gara beti.

      Lan hitzarmenek gutxienekoak bermatu nahi dituzte, guztientzat izango diren gutxienekoak, eta ez bere lekua egitea lortu dutenentzat soilik. Eta gauza gehiago ere, ez baita soldata kontua bakarrik. Askotan hilabetez etenda egon diren negoziaketa luzeen ondoren puntu asko adostu ziren, eta nola ez, desastosuna soldatetan zegoen. Aktoreen argudio nagusia zen dagoeneko merkatuan gutxieneko horren gainetik ordaintzen zela. Gurea, baietz eta ESKENAko enpresa gehienak gainetik genbiltzala baina gutxienekoaz ari ginela eta badaudela ere horiek betetzen ez dituztenak. Momentu batzuetan gaindiezina izango zela zirudien. Baina hor ere, batzuek eta besteek, honetan eta hartan, amore eman ondoren lortu ziren denok onartuko genituen gutxienekoak. Hau udaberri aldera izan zen. Zer gertatu zen? Euskal Aktoreen Batasunak berriz ere atzera egin zuela. Zergatik?

      Nagusiki, soldata hitzarmenak finkatzen duenetik gora jasotzen dutenak beldur dira ez ote duten orain gutxiago kobratuko. Beraz, engainatu nahi ditugula uste dute? EABn laurehunetik gora aktore daude. Zenbatek kobratzen du hortik gora? Norentzat da baliagarriago hitzarmena? Dagoeneko bere lekua egina duenarentzat hala soldata duin bat eskatzeko aukerarik ez duenarentzat? Garbi dago indar handia dutela, lobby edo antzeko zerbait bat osatzen dutela EABren baitan, gauza baitira behin eta berriro negoziaketak gelditzeko. Non daude eta zertan ari dira beste guztiak? EABren batzarretara joaten direnak ez baitira gehienetan hogeita hamarrera heltzen. Eta beldur hori hasieratik egon da dena nahasten. Ez al dira gauza ulertzeko lan hitzarmen batek ez duela erreferentziaz hartzen merkatuan ordaintzen den soldatarik handiena baizik eta handiena eta baxuenaren arteko batez besteko bat izango dela, ahal dela gora joz? Nori datorkio hobeto araurik ez egotea enpresei baino? Hor bai ordainduko genukeela nahi duguna. Baina ez dago modurik. Aspertuta eta dezepzionatuta gaude klase pribilegiatu batek dena gelditzeko duen ahalmenaren aurrean. Gutako asko EABko bazkide gara, agian denok batzarrera joanda hitzarmenak aurrera egingo luke baina ez da modua, ez kideok? Dena pikutara bidaltzeko gogoa ematen digu, baina ez da modua ere. Horregatik artikulu hau.